Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) 2018an hasi zen “The Conversation” dibulgazio zientifikorako plataformarekin lankidetzan. Ordutik gaur arte, 91 egileren (NUPeko irakasle eta ikertzaileak) 125 artikulu argitaratu ditu bertan, eta bi milioi irakurraldi izan dituzte guztira. NUPeko artikuluak askotariko gaiei buruzkoak dira: medikuntza, ingurumena, historia, hezkuntza, kultura, ekonomia eta soziologia dira horietako batzuk. Artikulu horien irakurraldien % 47 Espainiakoak dira, eta % 53 Latinoamerikakoak, batez ere Mexikokoak, Argentinakoak, Kolonbiakoak edo Txilekoak, baita Estatu Batuetako komunitate gaztelaniadunarenak ere.
The Conversationekoek azaldu dutenez, “plataformaren bidez, NUPekin lotura duten egileek tresna sinple eta zuzen bat dute beren ikerketen edukiak dibulgatzeko eta komunikatzeko, eta publiko zabal, kualifikatu eta nazioarteko bati helarazteko”. Gaztelaniazko edukiak berriz argitaratzen dituzte estatuko eta nazioarteko 550 hedabidek baino gehiagok, nagusiki Latinoamerikan.
Hauek dira NUPeko irakasleek egindako bost artikulurik irakurrienak (gaztelaniaz daude idatziak): “Haragi artifizialaren sarrera eta horrek abeltzaintzarako dituen ondorioak” eta “Esnea, esnea al da oraindik?”, biak José Antonio Mendizabal Aizpururenak; “Auto elektrikoaren gizarte- eta ingurumen-inpaktuaz mintzatzeko garaia da”, Guillermo Otano Jiménezena; “Ariketa fisikoa eta kirola ezinbesteko jarduerak izan beharko lirateke”, Mikel Izquierdo Redínena, eta “Noiz izanen da koronabirusa ohiko katarro bat?”, Antonio G. Pisabarrorena eta Denisse Patricia Rivera de la Torrerena.
The Conversation
Plataforma 2011n sortu zen Melbournen (Australia), eta 2018ko ekainean iritsi zen Espainiara Rafael Sarralde Vizuete Burgosko kazetariaren zuzendaritzapean. Plataformaren helburua da goi mailako irakaskuntza- eta ikerketa-zentroetan sortzen den ezagutza gizartean dibulgatzea, eta hala mundu mailako sare handi bat sortzea.
Plataformakoek esan duten bezala, hedabide analitiko eta esplikatibo bat eskaintzea da helburua, ohiko hedabideen osagarri izanen dena “eta datuetan eta adituen ikuspegian oinarritutako kalitatezko edukia eskainiko duena”. Plataforman argitaratutako artikuluetarako sarbidea doakoa eta publizitate komertzialik gabea da. Goiti-beheiti 700 eta 900 hitz arteko luzera dute, ulergarria den hizkeran idatzita daude eta egileek ez dute dirurik jasotzen beren testuengatik.
The Conversation plataformak herrialde askotan ditu edizioak, hala nola Australian, Erresuma Batuan, Estatu Batuetan, Afrikan, Frantzian, Kanadan, Zeelanda Berrian, Indonesian eta Espainian, eta, horrez gain, munduko edizio bat eta Europako beste bat ditu. Gaztelaniazko edizioak 300 milioi irakurraldi lortu ditu sortu zenetik, eta 70 erakunde akademiko eta zientifikoren babesa du, baita zenbait fundaziorena ere. Plataformaren datu-base globalean nazioarteko 3.713 unibertsitate eta ikerketa-zentrotatik etorritako 113.900 egile daude.
Tresna erabilgarria irakasle eta ikertzaileentzat
NUPeko ikertzaileek beren ekimenez edo editoreek eskatuta idazten ahal dute Espainiako The Conversationen (TCES) beren espezializazio arloarekin lotutako kontuei buruz.
Plataformakoek adierazi duten bezala, NUPeko irakasleek, beren parte-hartzearekin eta ezagutzan oinarritutako analisi zorrotzen bidez, eztabaida publikoa elikatzen laguntzen dute, baita Akademiaren ezagutza-iturria zabaltzen ere, iritzi publikoak aukera izan dezan gizartearen arazo nagusiei buruzko azterketa argiagoa eta sakonagoa egiteko. Era berean, edizioaren ikuspegitik independentea den foro bat sustatu nahi da, datu kontrastatuetan oinarritua, bai eta ikerketa, irakaskuntza, idazketa eta argitalpena bultzatu ere.
“Egiten duten ezagutza-transferentzia horren truke, irakasleek garrantzi mediatikoa eta erakunde barneko ospea jasotzen dute, baita aitorpen soziala eta profesionala ere. Kasu askotan, egileek, TCn argitalpen bat egin ondoren, hedabideen edo erakundeen eskaerak jasotzen dituzte beren jakintza-arloaz hitz egiteko”, adierazi dute argitalpenetik.