Joan eduki nagusira

Elisa Sierra Hernaiz Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zuzenbide Saileko irakaslea “Transición justa desde la perspectiva de género” obra kolektiboaren zuzendari izan da Eva Blázquez Agudo Madrilgo Carlos III Unibertsitateko irakaslearekin batera (Aranzadi argitaletxeak argitaratua). Obra horretan, lan merkatuak datozen urteetan izanen duen eraldaketa aztertu dute, lanpostu berriak sortuko eta beste batzuk zaharkituta geldituko diren neurrian, eta horrek nola izan dezakeen eragin positiboa jasangarritasunari eta berdintasunari dagokionez.

zoom Elisa Sierra.

Elisa Sierra irakaslea NUPen.

Liburuaren abiapuntua “trantsizio justua” kontzeptua da, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) ezartzeko tresna moduan. Hortik abiatuta, hark lan merkatuan oro har izanen duen eragina aztertu dute, bereziki “enplegu berde” kontzeptuan sakonduz –ingurumenaren kalitateari eusten edo hura lehengoratzen nabarmen laguntzen duen enplegua–. Zehazki, obran trantsizio horrek langileengan izanen duen eragina aztertu dute, eta prozesu hori nola bihurtzen ahal den lan-arloan emakumeek duten diskriminazioa aldatzeko motor. Era berean, beste gai batzuk ere landu dituzte, hala nola urrutiko lana eta kontziliazio neurriak, zaintzaren ekonomia, lanaldia, IKTen rola, eta, azkenik, urbanismoa. 

Bolumen horretan, aipatutako egileez gain, irakasle hauek ere hartu dute parte: María Gema Quintero Lima, Gabriela Rizzo Lorenzo eta María Fátima Poyatos Chacón (guztiak Carlos III Unibertsitatekoak), Pilar Charro Baena (Rey Juan Carlos Unibertsitatea), Concepción Arruga Segura (Errioxako Unibertsitatea) eta Ana Isabel García García (Extremadurako Unibertsitatea). Liburuan jasotako artikuluak 2022ko urrian Madrilgo Carlos III Unibertsitatean egin ziren jardunaldi batzuetan aurkeztutako hitzaldi batzuetakoak dira; jardunaldi horiek dibertsitateari eta lan harremanei buruzko ADECCO-UC3M Katedrarekin batera antolatu ziren.

zoom Eva Blázquez

Eva Blázquez Agudo irakaslea.

Aldaketa klimatikoa, enplegu berdea eta genero ikuspegia

Obrako lehenbiziko kapitulua María Gema Quintero Limak idatzia da. Trantsizio justuaren prozesuaren testuinguru historikoaren azterketa egiten du, eta aztertzen du klima aldaketak nola eraginen dien alderdi pertsonal guztiei eta harreman soziolaboralei. Beraz, ondorioztatzen du beharrezkoa dela hazkunde jasangarriaren aldeko apustua egitea. 

Bigarren kapituluan, Blázquez Agudo irakasleak lan arloko trantsizio justuaren prozesuaren gakoei ematen die arreta; izan ere, lanpostu batzuk desagertu eginen dira, eta berri batzuk sortuko dira, horietako asko enplegu berdekoak.

Elisa Sierra irakasleak, hirugarren kapituluan, trantsizio justuaren prozesuak lan merkatuko sexu diskriminazioaren kontrako tresna moduan zer paper izan dezakeen lantzen du. Laugarren kapitulua Gabriela Rizzok idatzia da, eta gai hauek ditu hizpide: kontziliazioa, laneko malgutasuna, lau eguneko astea eta emakumeen rola zaintzaile moduan.

Bosgarren epigrafean, Poyatos Chacón irakasleak zaintzaren ekonomia aztertzen du trantsizio justuaren prozesuan. Horretarako, Mendekotasun Legearen analisitik abiatzen da, eta emakumeen zaintzaile rola aztertzen du, baita ekonomia sozialaren eta zainketaren printzipioek trantsizio justuaren prozesuaren testuinguruan duten garrantzia ere.  Helburu hori lortzeko, genero ikuspegitik birdefinitzen ditu ekonomia horien balio kateak.

Beste alde batetik, Charro Baena irakasleak trantsizio justuaren prozesuan lanaldia mugatzeaz hitz egin du seigarren kapituluan. Horretarako, abiapuntu hartzen ditu lan duinaren printzipioak, Garapen Jasangarrirako Helburuak, eta testuinguru horretan lanean emandako denboraren erregulazio egokiaren garrantzia. 

Zazpigarren kapituluan, Concepción Arruga Segurak trantsizio justuaren prozesuko alderdirik esanguratsuenetako bat aztertzen du, hain justu genero ikuspegia duten IKTen eta konpetentzia digitalen rola. Ondorio moduan, zortzigarren kapituluan (azken kapitulua), Ana Isabel Garcíak urbanismoari eta etxebizitzei lotutako zenbait kontu aztertzen ditu genero ikuspegitik.