Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) hitzaldiak, lantegiak, lanen aurkezpenak eta erakusketa bat eginen ditu aste honetan, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela-eta, zeina otsailaren 11rako ezarri baitzuen Nazio Batuen Erakundeak (NBE). NUPen bertan eginen diren jarduera guztiak otsailaren 10ean izanen dira (ostirala), Liburutegian, baina, hilabetean zehar ere beste zenbait ekimen gauzatuko ditu Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak, Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrarekin lankidetzan.
Otsailaren 10eko programa 11:30ean hasiko da, orduantxe inauguratuko baita “Historiako emakume zientzialariak” erakusketa ibiltaria Liburutegiko zenbait tokitan (Arrosadiko campusaren ondotik, Tuterakoan ere egonen da ikusgai). Emakumeek zientziaren historian izandako presentziaren berri ematen duten zenbait panelek osatzen dute erakusketa. Jarduera horrek helburu argi bat du: nolabait arintzea testuliburuetan emakumezkoen ekarpenei egiten zaizkien erreferentzien eskasia eta gazteek emakume zientzialariei dagokienez duten eredu falta.
Gero, 11:45ean, Liburutegiko open space-an, “Ingeniera informática, pianista y poeta… ¿por qué no?” bideo dokumentala aurkeztuko dute. Sonia Elizondo Martínez ingeniari informatiko eta proiektuaren NUPeko laguntzailea du protagonista, eta Helena Bengoetxea zinemagileak zuzendua da. Jarraian, toki berean, Plaza de la Cruz eta Valle del Ebro Bigarren Hezkuntzako institutuetako zenbait ikaslek Ikerketako Batxilergoan egin dituzten lanak aurkeztuko dituzte, emakumeek zientzian duten presentziarekin lotuak.
Hona hemen aurkeztuko dituzten lanen izenburuak, nork eginak diren adierazita parentesi artean: “Alumnos del Instituto Plaza de la Cruz represaliados durante y tras la Guerra Civil” (Adriana Azcona eta Pablo Ibáñez), “Análisis de la elección del bachillerato desde un enfoque de género” (María Arteaga Úcar eta Elsa Avizcuri García), “Prevalencia de la violencia de género contra las adolescentes en Navarra” (Alejandro Martínez Argaiz), “Creación de una base de datos operativa y participativa con el fondo documental de imágenes de especies procedente de Bardenas Reales” (Rita Maldonado Remacha eta Celila De Vega Pérez) eta, azkenik, “Construcción de una maqueta a escala 1:4 del Rover Perseverance y determinación de puntos para amartizaje siguiendo la metodología de la NASA” (June Mendívil Martínez eta Carla Sanz Celaya).
Jarduerak Nafarroako institutu eta eskoletan
Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira, bestalde, Nafarroako Lehen Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleentzako jarduera batzuk antolatu dituzte, zientzietan genero estereotipoak desagerraraztearen garrantziari eta ezagutzaren arloetan emakumeek egindako ekarpenari buruzko kontzientzia pizteko.
Hala, otsailaren 9an, Leyre Catalán Ros eta Patricia Alegría Cía NUPeko ikertzaileek beren esperientzia emanen diete aditzera Barañain BHIko Batxilergoko ikasleei, beraiek han egin baitzituzten unibertsitate aurreko ikasketak. Otsailaren 15ean, Tuterako Valle del Ebro BHIko ikasleek Ana Sarroca Salvatierra eta Virginia Pascual Azcona NUPeko Diseinu Mekanikoko Graduko ikasleen bisita jasoko dute, eta haiek ere beren bizipenen berri emanen diete. Ondoren, hilaren 24an, Idoia San Martín Biurrun eta Gurutze Pérez Artieda ingeniari eta NUPeko ikertzaileek tailer zientifiko batzuk gidatuko dituzte San Joan Gurutzekoa Ikastetxe Publikoko Lehen Hezkuntzako ikasgeletan.
Horretaz guztiaz gainera, otsailaren 6an (asteartea), 19:00etan, Aránzazu Jurío NUPeko irakasleak “IAs y computación cuántica” mahai-inguruan hartuko du parte, i2tec elkarteak antolatutako Ingeniaritza Elektronikoaren Astearen barnean.