Idoia Labayen Goñi Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile (NUP) eta IS-FOOD institutuko zuzendariak, Europako 34 herrialdetako hainbat lankiderekin batera, ikerketa batean hartu du parte 6 eta 18 urte bitarteko europar biztanleen forma fisikoaren erreferentzia-balioak ematearren adinaren eta sexuaren arabera. Lan hori gauzatzeko, herrialde horietan egindako 8 milioi inkestaren emaitzak aztertu ditu Fitback izeneko sare europarrak. Francisco Ortega Porcel Granadako Unibertsitateko irakasleak gidatutako ikerketa kirol zientzien arloko lehenbiziko aldizkarian argitaratu da, hots, British Journal of Sports Medicine aldizkarian
Europako ikerketa-taldeak FitBack plataforma interaktiboa jarri du gorputz hezkuntzako irakasleen, medikuen, ikertzaileen eta osasun publikoko erakundeen esku. Plataforma libre eta eleaniztuna da (ingelesez, gaztelaniaz, frantsesez, alemanez eta italieraz dago erabilgarri), eta aukera ematen du forma fisikoarekin lotutako balio indibidualak nahiz taldekoak interpretatzeko eta monitorizatzeko. “Forma fisikoaren monitorizazioak populazio pediatrikoaren osasunari buruzko informazio adierazgarria ematen du, eta garrantzi handikoa da osasun publikoaren ikuspegitik”, adierazi du Idoia Labayenek.
Bestalde, ikerketan parte hartu duten herrialdeetako haur eta nerabeen forma fisikoaren mailak alderatuta, lanak aditzera ematen du Espainiakoak Europako baxuenen artean daudela. Horrela, mailarik hoberenak iparraldeko herrialdeetan (Danimarka, Finlandia, Islandia, Norvegia) eta Erdialdeko Europan ikusten dira (Eslovenia, Txekiar Errepublika eta Eslovakia), eta baxuenak, berriz, hegoaldean (Espainia, Italia eta Grezia) eta Erresuma Batuan.
Espainiako datu batzuk Nafarroako haur eta nerabeenak dira. Datu horiek Idoia Labayen bera buru duen ELIKOS ikerketa-taldeak Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuarentzat lortutakoak dira. MUGI izeneko proiektu horren lehenbiziko ebaluazioa orain dela 4 urte egin zen, eta taldeak lanean jarraitzen du biztanleria horren forma fisikoa eta bizimoduak aztertzen.
Forma fisikoa osasunaren adierazle gisa
NUPeko ikertzaileak azaldu duenez, “forma fisikoa (fitness) haur eta nerabeen osasunaren adierazle oso indartsua da, eta erraz neurtzen ahal da proba ez-inbaditzaileen bidez; abantaila handia da hori”. Ebidentzia zientifikoak erakusten du ezen haren osagaietako bik dituztela osasunarekiko loturarik sendoenak eta trinkoenak, bihotz-biriketako gaitasunak eta indar muskularrak, alegia. “Bihotzaren Amerikako Elkarteak haur eta nerabeen bihotz-biriken gaitasunaren balio klinikoa nabarmentzen du bereziki, eta erregulartasunez ebaluatzea gomendatzen du”, dio Idoia Labayenek. “Gainera, egoera fisiko ona haurtzaroan eta nerabezaroan errendimendu kognitibo eta akademiko hobeekin dago lotua”, azpimarratu du.
Forma fisikoaren ebaluazioak eta interpretazioak aukera ematen du biztanleria kaltebera identifikatzeko eta, horrez gain, osasunaren narriadura saihesteko programa egokiak diseinatzeko. Haur eta nerabeen osasun kardiometabolikoa odola ateraz eta bestelako proben bidez ebaluatu eta monitorizatzea “inbaditzailea da, garestia, eta, jarraibide klinikorik ez dagoenean, baita zalantzagarria ere ikuspuntu etiko batetik”, adierazi du ikertzaileak. Horregatik, Fitbacken lanaren egileek proposamen bat luzatu dute: proba horiek, kasu gehienetan jada eskola-arloan egiten direnak, pediatrek eta beste espezialitate mediko batzuek erabiltzeko moduan egotea, Finlandian, Eslovenian eta are zenbait autonomia-erkidegotan gertatzen den bezala, Galizia kasu.
Eskola-arloan, Fitbackek erraztasunak ematen dizkie gorputz hezkuntzako irakasleei ikasleak ebaluatzeko eta monitorizatzeko, baita talentudunak izan daitezkeen ikasleak identifikatzeko ere, hau da, probetan 90eko pertzentiletik gorako emaitzak dituztenak.