Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) liburu berri bat argitaratu du, “Iniciación a la investigación: guía para estudiantes y docentes” izenekoa, Batxilergoko etapan ikerkuntzaren abenturan hasten diren ikasleentzako gidaliburua izanen dena. Gizarte Zientzien, Giza Zientzien, Zientzia Esperimentalen eta Teknologiaren arloetako ikerkuntzaren fase guztietan pausoz pausoko orientazioa ematea da obraren helburua. Bigarren Hezkuntzako hiru irakasle dira monografiaren egileak: María Gutiérrez Pérez (Barañain BHIko Biologiako eta Geologiako Mintegia), Pablo Ijalba Pérez (Tuterako Valle del Ebro BHIko Geografiako eta Historiako Mintegia) era Mikel Rodríguez Álvarez (Barañain BHIko Geografiako eta Historiako Mintegia); hitzaurrea, berriz, Carlos Ciriza Mendívil NUPeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasleak idatzi du. Liburua dohainik banatu da ekimenean interesa duten Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako hamar ikastetxetan, besteak beste Ikerketako Batxilergoa sustatze aldera 2021ean erakunde akademikoarekin hitzarmen bat sinatu zuten lau institutuetan: Barañain, Valle del Ebro, Plaza de la Cruz (Iruñea) eta Ribera del Arga (Azkoien).

125 orrialdeko lanak hastapenetatik jorratzen du ikerkuntza, hots, galderen eta hipotesien planteamendutik, diseinua, datuen lorpena eta emaitzen azterketa gero, eta, azkenik, lanaren ondorioak eta haiek jakinarazteko modua. Liburuak zehaztasuna, sakontasuna eta zorroztasun metodologikoa uztartzen ditu, alde batera utzi gabe edozein ikerketa zorroztasun zientifikoz burutzeko beharrezkoa den alderdirik. Aldi berean, egileek beren esperientziatik aukeratutako hainbat adibide plazaratzen ditu. 

zoom Autores

Ezkerretik eskuinera: María Gutiérrez, Mikel Rodríguez, Pablo Ijalba eta Carlos Ciriza, NUPen Arrosadiko campusean, Iruñean.

Hiru irakasle aitzindari

Gidaliburu hau Ikerketako Batxilergoko programan aitzindari diren hiru irakaslek sortu dute. Nafarroan, Tuterako Valle del Ebro BHIk ex profeso diseinatutako programa horrek Bi+ izena hartu du, eta 2018-2019 ikasturtean ezarri zen. Ekimenaren arrakasta ikusita, 2021-2022 ikasturteaz geroztik beste ikastetxe batzuek ere bat egin dute ekimenarekin, hala nola Barañain BHIk, Plaza de la Cruz BHIk eta Ribera del Arga BHIk, nahiz eta Foru Komunitateak araudi espezifikorik ez izan. Murtziak, Gaztela-Leonek, Madrilek eta beste autonomia-erkidego batzuek, ordea, arautua dute Ikerketako Batxilergoa, Bikaintasuneko Batxilergoa ere deitua.

Ikerketako Batxilergoan (Bi+), hark irauten duen bi ikasturteetan, ikasleek ikerketa akademiko formal bat egiten dute —idatziz entregatu eta ahoz azaltzen dute tarteko fasean eta azken fasean—, prestakuntza espezifikoa jasotzen dute Ikerketaren Hastapenak irakasgaian, eta ikastetxeko irakasle bat izaten dute tutore.

NUPen eta institutuen arteko lankidetza

2021eko apirilean, Unibertsitateak hitzarmen bat sinatu zuen Bigarren Hezkuntzako lau instituturekin Ikerketako Batxilergoa bultzatzeko. Ikerketako Batxilergoa “Batxilergoko ohiko ibilbideen bide osagarri bat da, oso aproposa ikerketa-jardueraren ezagutzan eta garapenean sakontzeko”.

Akordio horretan, NUPek konpromisoa hartu zuen ikergaiak ezartzeko, ikerketetan aholkulari aritzeko eta ikasleei erraztasunak emateko Iruñeko eta Tuterako campusetan ikerketa-lanak egin zitzaten, batez ere laborategietan, ikasgela tematikoetan eta arlo horrekin lotutako instalazioetan. Era berean, ezarri zuten Unibertsitateko irakasleek kanpoko ebaluatzaile profesional gisa hartuko zutela parte ikasleek egindako ikerketa-proiektuetan, dela zuzenean (epaimahaietan parte hartu, ebaluazioa egin, etab.), dela zeharka (aholkularitza, zalantzak argitu, etab.).

2021-2022 ikasturtean, NUPeko irakasleak Ikerketako Batxilergoko bederatzi proiektutan aritu ziren aholkulari eta ikuskatzaile, hiru institutu hauen proiektuetan hain zuzen: Barañain BHI (bi proiektu), Plaza de la Cruz BHI (lau) eta Valle del Ebro BHI (hiru). 

Ikasturte honetan, aurreikuspenen arabera, NUPeko irakasleek Batxilergoko 16 proiektutan hartuko dute esku kanpoko aholkulari gisa, bost ikastetxetan: Barañain BHI, Plaza de la Cruz BHI, Ribera del Arga BHI, Valle del Ebro BHI eta Mutiloako Luis Amigó Ikastetxea.