Celso Sánchez Capdequí Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle (NUP) eta I-COMMUNITAS Institutuko ikertzaileak, Juan A. Roche Cárcel Alacanteko Unibertsitateko katedradunarekin batera, “Modernidades regresivas (y el desafío de lo universal)” liburua argitaratu du, Ikerketa Soziologikoen Zentroaren eskutik (CIS). Lan horretan, gaur egungo gizarteko sektore galtzaileen kontestazioa aztertzen da, zeina erradikaltasunaren eta populismoaren gorakadaren bidez detektatzen baita. Horretarako, bost herrialdetako hamar egileren ekarpenak jaso ditu monografiak, eta, haien artean, Nafarroako erakunde akademikoko bi ikertzaileren lanak daude: Josetxo Beriáin Razquin katedradunarena eta Javier Gil-Gimeno irakaslearena.
“Globalizazioaren mitoa kolokan dago —sintetizatu du Celso Sánchez Capdequí ikertzaileak—. Gardentasunaren, komunikazioaren eta demokraziaren idealetan oinarritutako gizarte ireki honetan, ustekabeko profil kezkagarriak sortzen dira, eta horiek, batzuetan, indarkeria izaten dute ondorio. Gizartearen sektore galtzaileak ez datoz bat kapitalismo estetikoaren irudi garailearekin eta autoerrealizazioa, norberaren esplorazioa, adierazkortasuna, tolerantzia eta halako balioenarekin, sektore horiek ez baitute uste mundu garailearen irudi horrek ordezkatzen dituenik. Sumindura hedatzen ari da. Prekarietate sozialak, ondoez orokortuak eta ziurgabetasun eta babesgabetasun gero eta handiagoek klima eta giro berriak sustatzen dituzte, eta, horietan, salbatzaile eta askatzaile berriak azaleratzen dira. Haien baliabideak ez dira deliberazioa eta adostasuna, erradikaltasuna eta populismoa baizik”.


Ezkerretik eskuinera: Josetxo Beriáin, Celso Sánchez Capdequí eta Javier Gil-Gimeno, NUPeko campusean.
Bost herrialdetako ikertzaileak
Esan bezala, liburuan parte hartu duten ikertzaileak bost herrialdetakoak dira: Alemania (Hans Joas, Berlingo Humboldt Unibertsitatekoa, eta Matthias Jung, Koblenz-Landau Unibertsitatekoa), Estatu Batuak (Jeffrey Alexander, Yale Unibertsitatekoa), Israel (Shmuel Noah Eisenstadt zendua), Mexiko (Maya Aguiluz Ibargüen, Mexikoko Unibertsitate Autonomokoa) eta Espainia (José Ángel Bergua Amores, Zaragozako Unibertsitatekoa, eta gorago aipatutako Juan Antonio Roche, Celso Sánchez Capdequí, Josetxo Beriáin eta Javier Gil-Gimeno).
Obraren editoreetako bat, Celso Sánchez Capdequí, irakasle titularra da NUPeko Soziologiako Sailean. Askotariko gaiak ikertzen ditu, hala nola gaur egungo sinesmenen dimentsio sinbolikoa, balioen sorrera, egintza erlijiosoaren iraunaldia eta birsakralizazio sozialaren adierazpen berriak. Haren testuen artean, nabarmentzekoak dira “Imaginación y sociedad. Una hermenéutica creativa de la cultura”, “Las máscaras del dinero. El simbolismo social de la riqueza” eta “En los límites de la confusión. Miedos, riesgos y urgencias de la sociedad de la información”. Zenbait bildumaren zuzendari ere izan da, hala nola “La creatividad social: narrativas de un concepto actual” lanarena, eta, berrikiago, “Creatividad: entre transgresión y normalización” liburuaren koordinatzailea izan da. Hainbat kolaborazio argitaratu ditu aldizkari nazional eta nazioartekoetan, eta, gainera, irakasle bisitari aritu da zenbait unibertsitatetan: New School for Social Research erakundean (New York), Goethe Unibertsitatean (Frankfurt am Main), Sorbonan (Paris), Georg-August Unibertsitateko Soziologia Institutuan (Göttingen) eta Humboldt Unibertsitatean (Berlin).
Bestalde, beste editorea, Juan A. Roche Cárcel, Kulturaren eta Arteen Soziologiako katedraduna da Alacanteko Unibertsitatean. Haren argitalpenen artean, liburu hauek dira azpimarratzekoak: “A Silent Scream: an Approach to ‘King Kong’ and the Evolution of the Contemporary American Imaginary”, “Entre el monte de Apolo y la vid de Dioniso. Naturaleza, dioses y sociedad en la arquitectura teatral de la Grecia Antigua”, “La sociedad evanescente”, “Transitions. The Fragility of Democracy” eta “La sociología como una de las Bellas Artes. La influencia de la literatura y de las artes en el pensamiento sociológico”. Gaur egun, FESeko (Espainiako Soziologia Federazioa) Emozioen Soziologiaren Batzordeko presidentea eta Gorputzen eta Emozioen Soziologiari buruzko Ikerketako Nazioarteko Sareko (REDISS) presidenteordea da.