Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Unibertsitate Masterreko hirurogeita hamar ikaslek “Mintza gaitezen suizidioaz” izeneko prestakuntza-saio batean hartu dute parte. Lau profesionalek eskola-testuinguruan jokabide suizida bat ekartzen ahal duten egoerei aurre egiteko prozesuak, tresnak eta baliabideak deskribatu dituzte, eta agerian jarri dute beharrezkoa dela arazo horren prebentzioan eta hari aurre egiteko moduan lan egin behar duten erakundeen prestakuntza eta lankidetza.

zoom Ezkerretik eskuinera: Itziar Irazabal, Gabriel González, Ana Zaratiegi eta Miren Deskarga, saioko hizlariak.

Ezkerretik eskuinera: Itziar Irazabal, Gabriel González, Ana Zaratiegi eta Miren Deskarga, saioko hizlariak.

Zehazki, prestakuntza-saioan Foru Gobernuak sustatutako Nafarroako Jokabide Suizidak Prebenitzeko eta Artatzeko Erakundearteko Koordinazio Batzordeko (Napresui) bi kidek hartu dute parte (Gabriel González Ortiz, kazetari eta “Hablemos del suicidio: pautas y reflexiones para abordar este problema en los medios” liburuaren egilea, eta Ana Zaratiegi Abaurre, Nafarroako Gobernuko Bizikidetzako aholkularia), baita Hezkuntza Departamentuko bi adituk ere (Itziar Irazabal Zuazua, Berdintasun eta Bizikidetza Ataleko burua, eta Miren Deskarga Baztarrika, Bizikidetza Bulegoko burua).

Galderak eta testigantzak

Saioak lau ordu iraun du, eta Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Unibertsitate Masterreko ikasleek aukera izan dute jokabide suizidari buruzko galderak egiteko, testigantzak kontatzeko eta kezkak partekatzeko. 
Prestakuntza-saioa amaitutakoan parte-hartzaileek inkesta bat bete dute, eta denek “egokitzat” jo dute Bigarren Hezkuntzako irakasleen prestakuntzan suizidioaren arazoa jorratzea. Gainera, gehienek (% 81) adierazi dute areagotu egin dela gai horri buruz zuten interesa, eta “erabilgarritzat” jo dituzte saioan jasotako tresnak.

zoom Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Unibertsitate Masterreko ikasleak jardunaldia hasi aurretik.

Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Unibertsitate Masterreko ikasleak jardunaldia hasi aurretik.

Era berean, inkestan “bikaintasun” maila aitortu diete hizlarien kalitateari eta eskuragarritasunari. “Saioa oso probetxugarria izan da, eta asko ikasi dugu. Hizlariek oso modu egokian transmititu dituzte beren ezagutzak eta, taldean egon den parte-hartzea ikusita, luzatu egin dute galderetarako denbora”, esan du parte-hartzaileetako batek; beste batek, berriz, galdera hau utzi du airean: “Ba al da prestakuntza-baliabiderik familiek eta irakasleek aukera izan dezaten etxean nahiz eskolan arrisku seinaleak detektatzeko?”. Galdera horrek bidea irekita uzten du aurrerantzean beste prestakuntza-ekintza batzuk diseinatzeko.

Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak ikasturtean zehar master honetako ikasleentzat antolatu dituen zeharkako hiru saioetako bigarrena izan da hau. Gaiak interes orokorrekoak dira, etapa horretako irakasleen profila kontuan hartuta, eta aurkezten dituztenak adituak dira, eskuarki NUPetik kanpokoak.

Lehenbiziko saioa 2020ko abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoari buruzkoa izan zen, hots, 2006ko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatu zuenari buruzkoa, eta izenburu hau izan zuen: “LOMLOE: gakoak, ezartzeko egutegia eta curriculumen zehaztapena Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzan, Lanbide Heziketan eta hizkuntza-eskoletan”. Hirugarren saioa oraindik zehazteko dago, baina, segur aski, ikasleen artean interes handikoa den gai batekin lotuta egonen da, irakasleak funtzio publikoan sartzeko moduarekin zehazki.