Cesar Arrese-Igor Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Zientzien Saileko Landare Fisiologiako katedraduna Nitrogenoaren Finkapenerako Espainiako Elkarteko (SEFIN) presidente hautatu dute elkarte horren azken biltzar nagusian. Biltzar hori Oeiras-en egin da berriki (Portugal), Landareen eta Mikroorganismoen arteko Interakzio Onuragarriei buruzko I. Kongresu Hispaniar-lusitaniarrean.
SEFINek ia 40 urteko historia du, eta beti nitrogenoaren finkapenaren azterketa eta aplikazioa izan ditu ardatz. NUPeko katedradunak azaldu duenez, prozesu horrek “zenbait organismori bidea ematen die atmosferako nitrogeno gaseoso ugaria beste izaki bizidun batzuek erabiltzen ahal dituzten molekuletan finkatzeko”. Adibide hau jarri du: “egoera ezagunenetako bat landare lekadunena da (lekak, ilarrak, txitxirioak, alpapak...); izan ere, prozesu horri esker animalien eta gizakien elikaduraren osagai kritikoa dira mundu mailan, eta, aldi berean, nekazaritza eta ingurumen jasangarritasunari laguntzen diote”.
Azken urteetan, SEFINek zabaldu egin du bere jardueren espektroa eta laboreek eta haiekin lotutako mikroorganismoek lurrean ezartzen dituzten interakzio onuragarriak ere aztertzen ari da, gai hori gakoa izanen baita elikagaien ekoizpena hobetzeko. SEFINek jakintza-arlo desberdinetako 150 zientzialari biltzen ditu (besteak beste, agronomia, landareen biologia, mikrobiologia, biokimika eta biologia molekularra). Zientzialari horiek presentzia handia dute nazioartean eta diziplina anitzeko ikuspuntutik heltzen diete aztertu beharreko gaiei.
Cesar Arrese-Igorren CV laburra
SEFINeko presidente izan baino lehen, Arrese-Igor irakaslea elkarte horretako presidenteorde (3 urtez) eta kide (10 urtez, aldi desberdinetan) izan zen. Horrez gain, Landareen Biologiari buruzko Espainiako Elkarteko kide izan da (4 urtez), eta, gaur egun, zenbait erantzukizun ditu Biokimikari eta Biologia Molekularrari buruzko Espainiako Elkartean. Nafarroako Unibertsitate Publikoan Ikerketako errektoreorde aritu da (2003-2007), baita beste lanpostu batzuetan ere.
Cesar Arrese-Igorrek 70 argitalpenetik gora egin ditu eragin handiko nazioarteko aldizkarietan, baita beste 50 ekarpen zientifiko ere zenbait formatutan. Espainiako nahiz nazioarteko hirurogeita hamar bat ikerketa-proiektutan hartu du parte, eta ikertzaile nagusi aritu da haietako erdietan baino gehiagotan. Hiru libururen editorea da, hamaika doktoretza-tesi gidatu ditu, nazioarteko patente baten egilea da eta artikulu zientifikoen, doktoretza-tesien eta Espainiako nahiz nazioarteko ikerketa-agentzien ebaluatzailea da. Editore elkartua izan da nazioarteko hiru aldizkari zientifikotan.