Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Frutagintza eta Mahastizaintza Aurreratuko ikerketa-taldeak (IMAB Institutuari atxikia) ikastaro praktiko bat eman du duela gutxi, mahatsondoak nola inausi irakasteko. Irakaskuntza-arloko berrikuntza moduan, biki digitalen bidezko teknologia erabili da. Zehazki, ordenagailu bidezko eredu batzuk sortu ditu, zeinek simulazioak egiten baitituzte erabakiak hartzeko eta zurezko laboreen inausketaren irakaskuntzan gerta daitezkeen zailtasun batzuk gainditzea ahalbidetzen baitute. Irakaskuntza hori zaila da gehien-gehienean soroetan egin beharrekoa delako, eta landare horrek atsedenaldian egon behar duelako; beraz, ez da beti bateragarria irakaskuntzako beharrekin.

“Agronomiaren arloko konturik konplexuenetako bat mahatsondoen inausketa irakastea da, bai unibertsitate mailan, baita aurrerapen maila gutxiagoko edo gehiagoko ikastaro espezializatuetan ere”, laburbildu du Gonzaga Santesteban García ikertzaile eta Frutagintza eta Mahastizaintza Aurreratuko ikerketa-taldeko arduradunak. 

zoom Gemelos digitales

Mónica Galar ikertzaileak mahatsondo bat eskaneatu du, ikasleek beren ordenagailuan ikus dezaten.

Zehazki, inausi beharreko egiturak, normalean “erpuru” izenez izendatuak, “konplexuak dira hiru dimentsioko ikuspegitik, eta, gainera, beharrezkoa da xehetasun asko ondo ikustea, esaterako, mahatsondoaren begiak, edo aihenek hartzen duten norabidea”. “Jakina, irtenbiderik onena horiek soroetan aztertzea da, baina horretarako baldintzak izatea ez da batere erraza”, azaldu du Gonzaga Santesteban Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saileko katedradunak. Inausketaren behaketa eta ikaskuntza neguan bakarrik egiten ahal da, eta horrek mugatu egiten ditu sasoi horretatik kanpora prestakuntza emateko aukerak. Gainera, baliteke ingurumen baldintzak ez izatea oso onak ikastaroaren egunean bertan: euria, argi naturalik ez izatea... Eta, nahiz eta baldintzarik onenak eduki zentzu guztietan, zaila da soroetan bertan xehetasunak erakustea sei edo zortzi ikasletik gorako taldeei.

Horretaz gain, metodologia honek abantaila ugari ditu “online” irakaskuntzarako edo irakaskuntza erdipresentziala emateko, eta aukera gehiago zabaltzen ditu ikasgelako proba baten bidez ikasleek zer ikasi duten ebaluatzeko.

zoom Gemelos digitales2

Ikasle bat erabaki beharrak dituzten inausketa-adibide batzuk behatzen.

Egoera errealak simulatzen dituzten objektu digitalak

Inausketa ordenagailu bidezko biki digitalekin lantzeko, beharrezkoa da aldez aurretik 3D eskaner bat izatea, egoera errealak simulatzen dituzten irudi digitalak sortzea ahalbidetzen duena, kasu honetan, mahatsondoenak. “Argazkietatik abiatu eta objektuak hiru dimentsiotan irudikatzen dituen sistema bat da. Horrek ordenagailuan oso ondo ikusten ahal den emaitza guztiz errealista bat sortzen du”, gehitu du NUPeko ikertzaileak. Biki digitalei esker, ikasleek inausketaren zenbait egoera behatzen dituzte, aukerarik onena zein den ebaluatzen dute, eta aukera dute, mozketak egin ondoren, inausitako egitura aztertzeko.

Frutagintza eta Mahastizaintza Aurreratuko ikerketa-taldeak Frantziaren eta Espainiaren arteko “Vites Qualitas” izeneko mugaz gaindiko proiektuaren barrenean egin zituen lehenbiziko probak tresna honekin. Europar Batasunak finantzatutako eta 2020an sortutako ekimen horren helburua mahastien bizitza luzatzea eta errentagarritasuna handitzea da; horretarako, mahatsondoak inausteko modua eta europar mahatsondoa amerikar mahatsondoan txertatzeko teknika batzuk ikertzen dituzte. Izan ere, teknika hori XIX. mendearen hasieratik erabiltzen da filoxera intsektuaren izurriteari aurre egiteko.

Horri guztiari, Juan Pablo Azpilicueta Tancok Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Graduan egindako ikasketa-amaierako lana gehitu behar zaio. Ikasle horrek ekainean defendatu zuen lana, biki digitalen bidezko irakaskuntzan aplikatzeko esperientzia pilotu bat egin ondoren. “Unibertsitate arteko Enologiako Masterreko ikasleekin hasierako balioztatze bat egin dugu, eta oso emaitza pozgarriak eman ditu”, adierazi du Gonzaga Santesteban gradu amaierako lan horren zuzendariak.

Duela gutxi profesionalentzako ikastaro bat eman dute mahatsondoen inausketari buruz, Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko praktiketarako etxaldean, Carlos Miranda Jiménez, Mónica Galar Martínez eta Gonzaga Santesteban NUPeko ikertzaileek eta Julián Palacios Muruzábal eta Bárbara Sebastián Caumel Viticultura Viva enpresako nekazaritzako ingeniariek. Prestakuntza hori Ardoaren Berrikuntzarako Eskolarekin, Ardoaren Plataforma Teknologikoarekin eta Viticultura Viva enpresarekin lankidetzan eman zen, eta datorren urtarrilean Madrilen egitea aurreikusten da. 

Inflexio puntu bat prestakuntzan

“Teknologia hau inflexio puntua izan daiteke mahastizaintzaren arloko prestakuntzan. Sekula ez du mahasti baten inausketaren esperientzia ehuneko ehunean modu errealean ordeztuko, baina oso modu nabarmenean lagundu diezaioke haren ikaskuntzari”, azpimarratu du ikertzaileak. Ikerketa-talde honen helburua gero eta inausketa kasu gehiago sortzea da, aukera ematen dutenak inaustari batek mahatsondo baten inausketan aurre egin behar dien egoerak azaltzeko eta ikasleek ikasten dituzten ezagutzak ebaluatzeko”. 

Ikertzaileak teknologia mota honen etorkizuna nolakoa izanen den aurreikusi du: “3D simulazioen bidez, guraize batzuk konektatuta inausketa imitatzeko aukera garatzen ahalko da”, ondorioztatu du Gonzaga Santestebanek.