Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Osasun Zientzien Fakultatearen bidez, gorputza irakaskuntzarako eta ikerkuntzarako zientziari dohaintzan emateko programa jarri du martxan. Gorputza dohaintzan eman nahi dutenek adinez nagusiak izan behar dute. Horretaz gain, Unibertsitatearen webgunean behar diren dokumentuak bete behar dituzte, eta horretarako esleitu diren lekuetan aurkeztu, bai eta erabaki hori familian eta osasun etxean jakinarazi ere, heriotzaren unean prest egon daitezen. Irache beilatokiko zerbitzuak arduratuko dira gorputza Fakultatera eramateaz, eta, dohaintzaren xede den azterketa anatomikoa egin ondoren, gorputza erraustu eginen da. Errausketa-gastu horiek NUPek ordainduko ditu.

zoom NUPeko Osasun Zientzien Fakultatea.

NUPeko Osasun Zientzien Fakultatea.

NUPeko Osasun Zientzien Fakultateak adierazi duenez, gorputza irakaskuntzarako eta ikerkuntzarako dohaintzan ematea ekintza borondatezkoa eta altruista da, eta garrantzi handia du medikuen eta osasun arloko beste profesional batzuen prestakuntzarako. “Ikasleei giza gorputzari buruzko irakaskuntza integrala emateaz aparte, berrikuntza medikoaren eta kirurgikoaren arloko aurrerapenak egiteko modua ere bada”, adierazi dute. Dohaintza egiteko programaren bidez lortzen diren datu pertsonalei indarrean den araudiaren araberako trataera emanen zaie.

Gorputza dohaintzan ematea ez da beti posible. Ez dago gorputza ematerik heriotzaren kausak esku-hartze judizialik eskatzen badu (istripu bat, adibidez), emaileak gaixotasun infektokutsakor larririk badu heriotzaren unean (hepatitisa, hiesa, tuberkulosia, etab.) edo gorputzari autopsia edo kirurgia handiren bat egina bazaio (anputazioak). Hauek dira gorputza ezin emateko beste arrazoi batzuk: organoren bat kendu izana (korneak emateko izan ezik), emailea hil dela 24 ordu baino gehiago pasatu izana, hildakoak gorpuaren kontserbazioarekin bateraezina den obesitate morbidoa izatea, edo heriotza Nafarroako Komunitatetik kanpo gertatu izana.

Dohaintza egiteko prozesua eta behar den dokumentazioa

Dohaintza egiteko dokumentua bete ondoren, hura NANaren fotokopiarekin batera aurkeztu behar da, aurrez aurre NUPeko Osasun Zientzien Fakultateko Anatomiaren eta Giza Enbriologiaren Atalean (Nafarroako Unibertsitate Ospitalea), posta arruntez atal horren helbidera berera, edo posta elektronikoz, hemen: donacion.anatomia@unavarra.es. Interesdunak gorputzaren emaile txartela jasoko du etxean.

Emaileak senideei, lagunei eta/edo osasun etxeari jakinarazi beharko dio hiltzen bada lehenbailehen eman behar dietela abisua Irache beilatokiko hileta-zerbitzuei, gero horiek berehala helarazi diezaien Unibertsitateko langileei. Gorputza jasotzeko, beharrezkoa izanen da heriotza-ziurtagiria aurkeztea, eta hura behar bezala biltegiratzeko eta kontserbatzeko nahikoa toki izatea.

Azterketa anatomikoa amaitutakoan, gorpuzkiak emaileak esandakoaren arabera erraustuko dira, emaileak dohaintza egiteko dokumentuan adierazi duen bezala, alegia. Gorputza dohaintzan ematea bateragarria da edozein hileta-asegururekin, aseguru hori izenpetu den baldintzetan. Kasu horretan, Nafarroako Unibertsitate Publikoa salbuetsita dago kostu horiek ordaintzetik. Dohaintza programak hileta-asegurua ez etetea gomendatzen du; izan ere, baliteke dohaintza gauzatzea oztopatuko duen zerbait suertatzea.