Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gobernu Kontseiluak 2023-2024 ikasturtean ezarriko dituen bi gradu hauen memoriak onetsi ditu: Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua (JFKZ), eta Ingeniaritza Termikoko Gradu Duala. Sei unibertsitate-master hauen memoriak ere onetsi ditu: Osasunaren arloko Psikologia Orokorreko Unibertsitate Masterra, International Businesseko Unibertsitate Masterra, Zerga, Lan eta Kontabilitate Aholkularitzako Unibertsitate Masterra, Historiako eta Memoriako Unibertsitate Masterra, Zibersegurtasuneko Unibertsitate Masterra eta Komunikazio Aurreratuetako eta Ikusmen Artifizialeko Unibertsitate Masterra.
Orain, memoria horiek Unibertsitateen Kontseilura bidaliko dira, egiazta ditzan, Kalitatea Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak (ANECA) aldeko txostena eman ondoren, agentzia hori baita ikasketa-plana ebaluatzeko ardura duen erakundea. Geroago, gradu eta master horiek NUPeko Gizarte Kontseiluaren oniritzia jasoko dute, eta, ondoren, Nafarroako Gobernuari bidaliko zaizkio 2023-2024 ikasturtean ezartzeko baimena eman dezan. NUPeko akademiko adituen batzorde batek eta unibertsitatetik kanpoko zenbait profesionalek prestatu dituzte memoriak.
Gradua JFKZn
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduak (JFKZ) etorkizuneko gorputz- eta kirol-hezkuntzako profesionalak prestatzea du helburu, eta gorputz-hezkuntzaren irakaskuntzari, kirol-entrenamenduari, osasunerako jarduera fisikoari, kirol-kudeaketari eta kirol-aisialdiari buruzko ezagutzak uztartzen ditu. Graduaren memorian azaltzen den bezala, gizartean eragin handia duen prestakuntza bat da, eragin zuzena baitu herritarren osasunaren hobekuntzan.
Gradu Duala Ingeniaritza Termikoan
Ingeniaritza Termikoko Gradu Duala NUPen eskainiko den ezaugarri horietako lehena da, eta berezitasun bat du: ingurune akademiko bateko ikaskuntza eta sektoreko enpresa bateko prestakuntza praktikoa uztartzen ditu, eta horrek zuzenean eragiten du ikasleek enplegua lortzeko dituzten aukeretan. Hala, enpresako prestakuntza duala eta ordaindutako lan-jarduera bat txandakatuko dira, txandakako prestakuntza-kontratu baten bidez.
Gradu honek etorkizun handiko zenbait esparrutan lan egiteko gaitasuna ematen du, hala nola hoztearekin, bero-ponpekin, energia berriztagarriekin, eraginkortasun energetikoarekin edo eraikuntzako instalazioekin lotutako esparruetan, besteak beste. Oraingoz, hiru enpresa daude prestakuntza dual berri horrekin konprometituta: Exkal, BSH eta Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala (CENER).
Unibertsitate Masterra Osasunaren arloko Psikologia Orokorrean
Osasunaren arloko Psikologia Orokorreko Unibertsitate Masterrak 90 kreditu ditu guztira, eta osasunaren arloko psikologo orokorraren lanbide arautuan aritzeko gaitzen du. Psikologiako egresatuei dago zuzendua. Tituluak gaitasuna emanen du osasunaren egoera orokorraren sustapenean eta hobekuntzan eragina duten pertsonen portaeraren eta jardueraren alderdiei buruzko ikerketak, ebaluazioak eta esku-hartze psikologikoak egiteko, betiere jarduera horiek osasun arloko beste profesional batzuen arreta espezializatua behar ez badute.
Unibertsitate Masterra International Businessen
International Businesseko Unibertsitate Masterrak 60 kreditu ditu guztira, eta ingelesez emanen da osorik. Enpresen nazioartekotze prozesuetan balioa eman dezaketen profesionalak prestatzera bideratzen da. Ekonomiako, Administrazioko eta Enpresen Zuzendaritzako eta antzeko titulazioetako ikasketak egin dituzten pertsonei zuzenduta dago, eta maila makroekonomikoan zein mikroekonomikoan nazioarteko merkatuetako ikerketa-, hautaketa- eta sarbide-prozesuak gidatzeko gaitasuna izanen duten profesionalak prestatzea du helburu.
Unibertsitate Masterra Zerga, Lan eta Kontabilitate Aholkularitzan
Zerga eta Kontabilitate Aholkularitzako Unibertsitate Masterrak 60 kreditu ditu, eta haren helburu nagusia enpresei aholkularitza juridikoa emateko adituak prestatzea da, gai izanen direnak kudeaketa fiskalak, lanekoak eta kontabilitatekoak eguneroko jardueran sortzen dituzten arazoak konpontzeko. Gainera, graduondoko honek prestakuntza integrala eskaintzen du lan-harremanen kudeaketaren gai juridikoei buruz, eta, zehazki, giza baliabideekin lotutako gaiei buruz, hala nola kontratazioa, nominak egitea eta Gizarte Segurantzarekiko kudeaketak. Titulazioa arlo juridikoko, arlo ekonomikoko eta enpresen arloko egresatuei dago zuzendua.
Unibertsitate Masterra Historian eta Memorian
“Unibertsitate Masterra Historian eta Memorian: Ondarearen Ikerketarako eta Hezkuntzarako Tresnak” unibertsitate masterrak 60 kreditu ditu, eta jarraipena eman nahi dio NUPeko Historiako eta Ondareko Graduari, ikertzaileak prestatuz eta etorkizuneko doktoretza-tesietarako eta ezagutza gizarteari transferitzeko proiektuetarako bidea prestatuz. Master honen bidez, gainera, memoria historikoaren ikasketen diziplinarteko izaera landu nahi da, eta, hala, ikasleei aukera eman nahi zaie memoria-ondarearen kudeaketa konplexua ahalbidetzen duten tresna digitaletan trebatzeko.
Unibertsitate Masterra Zibersegurtasunean
Zibersegurtasuneko Masterrak 60 kreditu ditu, eta IKTen sektoreko ikasleen eta enpresen eskaerari erantzun nahi die, gero eta prestakuntza espezializatu handiagoa eskatzen baitute arlo horretan. Graduondoko honek diziplina anitzeko prestakuntza emanen du, edozein erakundetan aplikatzekoa izanen dena, datu pertsonalak babesteko legeria, informazioaren segurtasuna eta azpiegitura kritikoak direla-eta. Edukiak lau multzo handitan antolatzen dira: gobernantza, arriskua eta araudia betetzea; segurtasuna azpiegituretan eta eragiketetan; segurtasuna aplikazioen garapenean; eta, laugarrenik, segurtasun auditoretzak (ziberdefentsa, malware ingeniaritza, ziberterrorismoa, zibergerra, autentifikazio sistemak...).
Unibertsitate Masterra Komunikazio Aurreratuetan eta Ikusmen Artifizialean
Komunikazio Aurreratuetako eta Ikusmen Artifizialeko Unibertsitate Masterrak 60 kreditu ditu, eta komunikazio aurreratuetan eta ikusmen artifizialean espezializatutako prestakuntza emanen du; izan ere, teknologia horiek dira sektore guztietako enpresek gehien eskatzen eta ondoen ordaintzen duten arloetako bat: IKTak, industria, turismoa, merkataritza elektronikoa, etab. Horrela, ezagutza-oinarri sendoak dituzten profesionalen trebakuntzan aurrera eginen da, eta komunikazio aurreratuen, sentsoreen eta ikusmen artifizialaren arloan azkar laneratzeko aukera izanen dute. Tituluaren edukiak komunikazio aurreratuetan, ikusmen artifizialeko teknologietan eta IKT proiektuen kudeaketan oinarritzen dira.