Adrián Guinda Iriarte eta Nerea Arriazu Ramos Industria Ingeniaritzako Masterreko ikasleek lehen saria eta accesita irabazi dituzte, hurrenez hurren, energia berriztagarriekin lotutako ikasketa amaierako lanei buruzko posterren lehiaketan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Energia Berriztagarrien Katedrari lotutako APERNA elkarteak antolatutakoan (Nafarroan Energia Berriztagarriak Sustatzeko Elkartea).
Adrián Guindak eguzki-jarraitzaile horizontal batek sortutako energia optimizatzeko estrategiei buruzko lan bat aurkeztu zuen, Alfredo Ursúa Rubio NUPeko irakaslea eta Luis Casajús Medrano CENEReko kidea zuzendari izan dituena, eta 300 euroko saria irabazi du hari esker. Nerea Arriazuk, berriz, potentzia handiko offshore aerosorgailuen gama berriari aplikatutako kontrol prediktiboari buruz egin duen lana azaldu zuen, Javier Samanes Pascual irakaslearen eta Leyre Rosado Galparsoro proiektuko kolaboratzailearen gidaritzapean egin duena, eta 150 euro jaso ditu.
Sarien epaimahaia honako hauek osatu dute: Patricia Aranguren Garacochea NUPeko Ingeniaritza Saileko irakasle eta “Ingeniaritza Termikoa eta Fluidoena” ikerketa-taldeko ikertzaileak, Miguel García Solano Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasle eta energia berriztagarrien arloko INGEPER ikerketa-taldeko ikertzaileak eta Adrián Soto Cabria talde bereko ikertzaileak. Erabakia hartzeko, epaimahaiak lanaren kalitatea, hura aurkezteko posterra eta epaimahaiaren galderei emandako azalpen eta erantzunak baloratu zituen.
Irabazleez gain, Nerea Ariz Alquegui, Guillermo Puy Pérez de Laborda eta Gregorio Olivares Casero izan ziren finalista.
Parte-hartzaileak, irabazleak eta epaimahaikideak. Ezkerretik eskuinera: Ibai Urtasun (APERNAren batzordeko kidea), Miguel García (epaimahaikidea), Patricia Aranguren (epaimahaikidea), Adrián Soto (epaimahaikidea), Nerea Ariz (parte-hartzailea), Adrián Guinda (lehen saria), Javier Baigorri (APERNAko bazkidea), Nerea Arriazu (accesita), Gregorio Olivares (parte-hartzailea), Guillermo Puy (parte-hartzailea) eta Iñaki Lalinde (APERNAren presidentea).
Lanen edukia
Adrián Guindak, bere lanean, sistema bat diseinatu du bi elementu uztartuz: sorkuntza termoelektrikoa, batetik, eta LoRa teknologian oinarritutako hari gabeko eta kontsumo txikiko komunikazio-sistema berri bat, bestetik. Horri esker, sistema autonomo, sendo eta ingurumenarekiko begirunetsua lortu du, eta etorkizun handiko irtenbidea eman dio Teideko La Fortaleza begiratokiko monitorizazio bolkanikorako estazioari (Kanaria Uharteak).
Nerea Arriazuk aurkeztutako lanaren helburua, berriz, iman iraunkorren makina baten kontrol prediktiboko estrategia bat garatzea eta programatzea izan da, hiru mailako NPC topologiako bihurgailu batetik abiatuta. “Busaren erdiko puntuko korrontea eta tentsioa kontrolatzearren makinaren aldeko bihurgailuari (MSC) aplikatutako estrategiak erantzun hobea lortu du kontrol linealaren dinamikarekin alderatuta”, adierazi du.
Lehiaketa eta elkartea
Urteroko lehiaketa honen helburua ikasleen sintesi-ahalmena piztea da, eta, horretarako, poster bat prestatu behar dute beren gradu edo master amaierako lanak laburtzeko. Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzak lagundu dio diruz jarduera honi.
APERNA elkartearen helburua energia garbien erabilera sustatzea eta zabaltzea da, eta, horretarako, NUPeko Energia Berriztagarrien Katedrarekin egiten du lan, ikasleek parte hartzeko jarduerak antolatzeko.