Nafarroa aitzindaria izan zen Espainian, 2011. urtean hasi baitzen bihotz-geldialdi baten aurrean erabili beharreko oinarrizko bizi-euskarriko tekniketako prestakuntza ematen unibertsitatez kanpoko ikasleei, eta, horri esker, 60.000 ikaslek gutxienez ikasi eta barneratu dituzte bihotz-biriketako bizkortzea praktikatzeko kalitatezko trebetasunak. 1.726 irakaslek aurretiaz jasotako prestakuntzari esker lortu da hori (% 60 Gorputz Hezkuntzako espezialistak ziren). Bizkortze maniobrak ikastearren Foru Komunitateko ikastetxeetan hedatutako estrategiari buruzko datuak “SAGE Open” aldizkari zientifikoan berriki argitaratu den ikerketa-artikulu batean bildu dira. Artikulu horren egile nagusia Clint Jean-Louis Fernández da, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzietako doktoretzako ikasle, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ospitalez kanpoko larrialdietarako sareko mediku eta “El ABC que salva vidas” elkarteko kide fundatzailea.
Artikuluaren egileetako batzuk. Ezkerretik eskuinera: Clint Jean-Louis, Diego Reyero, Carlos Beaumont eta Javier Fernández.
Artikulua sarbide librekoa da, eta, Clint Jean-Louisez gain, honako hauek sinatu dute: ospitalez kanpoko larrialdietarako sarean haren lankidea den Diego Reyero Díezek, Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko hiru profesionalek (Carlos Beaumont Caminos eta Nikole Velilla Mendoza medikuek eta Javier Fernández Eíto erizainak) eta Vienako Sigmund Freud Unibertsitateko (Austria) eta Bernako Unibertsitateko (Suitza) ikertzaile batek, Robert Greif-ek.
“Ospitalez kanpoko bihotz-geldialdiak 350.000 pertsonari baino gehiagori eragiten die urtean Europan, eta % 60 eta % 80 artean etxean gertatzen dira —adierazi du Clint Jean-Louisek—. Horregatik, oso garrantzitsua da herritarrak gai izatea bihotz-geldialdi bat gertatzen ari dela hautemateko, 112ra deitzeko, bihotz-biriketako bizkortze maniobrak hasteko eta, halakorik eskura izanez gero, desfibriladore bat aplikatzeko larrialdietako zerbitzuak iritsi baino lehen. Biziraupenaren katea esaten zaio horri”.
Gorputz Hezkuntzako irakasleak aldaketaren eragile gisa
2010ean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko eta Nafarroako Gobernuaren Suhiltzaileen Zerbitzuko profesional batzuek, horien artean Clint Jean-Louisek, Carlos Beaumontek eta Diego Reyerok, “El ABC que salva vidas” elkartea sortu zuten, kezkatuta baitzeuden “bat-bateko heriotzaren ondoriozko heriotza-tasa altuagatik eta herritarrek bizkortze maniobrei buruz zuten ezagutza-maila txikiagatik”. Helburua biziraupenaren katea indartzea zen, besteak beste, ikastetxeei zuzendutako oinarrizko bizi-euskarriari buruzko prestakuntza-programa batekin, zeina 2011n hasi baitzen. “Hala, ideia izan zen Gorputz Hezkuntzako irakasleak prestatzea aldaketaren eragile izan zitezen, ikasketa-planetan mota honetako ekimen bat ezarri eta mantentzeko xedez”, gogoratu du Clint Jean-Louisek, eta irakasle horiek hautatzeko zenbait arrazoi eman ditu: “ikasleekin duten harreman estua beste profesional batzuekin alderatuta, hala nola osasun arloko profesionalekin; beren ibilbide profesionalean lankideen eta haurren belaunaldi desberdinengana iristeko duten bide zuzena; ikastetxeetako gimnasioetan duten tokia; eta saio praktikoak antolatzeko duten malgutasuna”.
Lehenbiziko fasean, irakasleei prestakuntza eman zieten oinarrizko bizi-euskarriko teknikak aplikatzeko beharrezko gaitasunak eta konfiantza eskuratu zitzaten. Ondoren, irakasleei eskatu zieten prestakuntza bera emateko eskolako komunitateko gainerako kideei, batez ere ikasleei, baina baita beste irakasle batzuei, zerbitzuetako langileei eta familiei ere, eta, horretarako, ikastetxeei ikasmateriala eta panpinak eman zizkieten. “Talde txikitan egindako hurbileko prestakuntzak interakzio handiagoa sustatzen du instruktoreen eta irakasleen artean, eta hori funtsezkoa da, ez soilik trebetasunak eskuratzeko, baizik eta baita eskolako komunitatearentzako prestakuntza diseinatzeko ere”, esan du Clint Jean-Louisek.
Programaren aurrerapenaren gakoetako bat izan zen Gorputz Hezkuntzako irakasleen % 100i eman zitzaiola prestakuntza. “Horri esker, oso azkar hedatu zen Nafarroako ikastetxeetan”, adierazi du egileak. Horrez gain, 2014an, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak curriculumeko ikasgai gisa sartu zituen oinarrizko bizi-euskarriko teknikak Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 2. eta 4. ikasmailetan, eta, ondorioz, Nafarroa mota horretako ekimen bat sartu zuen Espainiako lehen erkidegoa izan zen. “Irakasleek txikienetatik hasita eman diete ikasleei biziraupenaren kateari buruzko prestakuntza, bai Haur Hezkuntzan, bai Lehen Hezkuntzan, baita Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan ere, ikastetxe publikoetan nahiz itunduetan”, azaldu du Clint Jean-Louisek ikasmateriala jaso zuten 210 ikastetxe parte-hartzaileei buruz.
2015ean, Bizkortzeari buruzko Europako Kontseiluak, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) babesarekin, eskoletan bizi-euskarriari buruzko prestakuntza ematea gomendatu zuen, eta, gainera, urriaren 16a ezarri zuen Bihotz Geldialdiaren Munduko Egun gisa.
Clint Jean-Louisen iritziz, prestakuntza-programa hori finkatu egin da “eskola izan duelako ardatz, komunitate gisa ulertuta, eta irakasgai desberdinetako irakasleak hartu dituelako barne, ez soilik Gorputz Hezkuntzakoak. Gainera, horrek areagotu egin du bihotz-geldialdi baten ondoren bizitzak salbatzea posible delako kontzientzia”. Ikertzaileak zenbait erronka detektatu ditu etorkizunari begira. “Nahiz eta oinarrizko bizi-euskarriari buruzko prestakuntza nahitaezkoa izan eskoletako curriculumetan, programa horrek zenbait hobekuntza eskatzen ditu, hala nola laguntza handiagoa erakundeen aldetik, irakasleentzako eguneratze-ikastaroak, irakasle eta ikasleen jardunaren jarraipena eta ikasgai hori Irakasletzako ikasketen curriculumean sartzea”, adierazi du.