Miriam Osés Ruiz (Iruñea, 1983) Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzailea “Starting Grant” laguntza jaso duen Unibertsitateko hirugarren pertsona da –Europar Batasunean (EB) zientzia-arloko laguntzarik prestigiotsuena–. Onuradunak gehienez ere 1,5 milioiko finantzaketa izanen du bost urtean, eta hark erabakiko du zein europar erakundetan erabiliko den. Miriam Osés Ruizek Magnaporthe oryzae onddo patogenoaren infekzio-prozesua aztertuko du bere proiektuan. Patogeno hori mundu osoko nekazaritza-patogeno mehatxagarrienetako bat da.
Miriam Osés Ruizen ikerketaren helburua onddo horrek maila molekularrean duen funtzionamendua ulertzea da, eragiten duen gaixotasun suntsitzaileari aurre egiten lagunduko duten konponbideak emateko. Onddo horrek mundu osoan 60 milioi pertsona baino gehiago elikatzen dituzten arroz uzten % 10 eta % 30 bitartean suntsitzen ditu urtero, eta gariari eta garagarrari ere eragiten die. Oso azkar ugaltzeko gai da, eta lesio bakar batetik abiatuta egunean 50.000 espora berri baino gehiago sortzen ahal ditu. Espora horiek zelaietan barreiatzen dira, eta gai dira baldintza txarretan bizirauteko. Onddoak, organismo klonala denez, heterogeneotasuna du bere zeluletan, eta mekanismo hori oinarrizkoa da antibiotikoekiko eta fungizidekiko erresistentziarako, baina oso gutxi dakigu sortzeko eta jarduteko duen moduari buruz. Ikertzailearen helburua, epe ertain-luzera, mundu osoan elikagaien segurtasuna bermatzen laguntzea eta gizarteari balioa emanen dioten aurkikuntza zientifikoak sortzea da.
Miriam Osés Ruiz ikertzailea, zeinak Europar Batasunak ematen duen “Starting Grant” laguntza jaso du. Argazkilaria: Phil Robinson.
Ikertzaileak NUPen lan egiten du gaur egun, IMABen (Institute for Multidisciplinary Research in Applied Biology), eta, dioenez, “apustu garrantzitsua egiten ari dira punta-puntako ikerketa eta ikerketa-lerro berriak garatzeko”.
"Starting Grant" laguntza duten NUPeko beste bi ikertzaileak Iñigo Liberal Olleta (2020) eta Asier Marzo Pérez (2022) dira, biak Smart Cities Institutukoak (ISC).
Europar Batasuneko “Starting Grant” laguntzak
ERC (Europako Ikerketa Kontseilua) erakunde europarraren laguntzak dira Europan prestigio zientifiko handiena dutenak, eta gaur egun dugun ezagutzaz haratago ideia berritzaileak aurkezten dituzten munduko edozein lekutako ikertzaileei zuzenduta daude. ERCk onartutako proposamenak edozein ikerketa-eremutakoak izaten ahal dira, eta dirulaguntza jasotzen duten proposamenen ebaluazioa irizpide bakar batean oinarritzen da: bikaintasun zientifikoa, bai ikertzailearena bai proiektuarena.
Azken deialdian, 636 milioi euro bideratu dira 26 herrialdetako erakundeetara, eta Espainiako hamabost zientzialarik lortu dute “Starting Grant” bat zientzia fisikoekin eta ingeniaritzarekin, bizitza-zientziekin eta giza eta gizarte zientziekin lotutako proiektuak egiteko. Miriam Osés Ruizen proiektua izan da ERC Starting Grant 2022ko deialdi honen bizitza-zientzien kategorian (Life Sciences – LS) hautatu duten bost espainiarretako bat.
Francisco Javier Arregui San Martín NUPeko Ikerketako errektoreordearen hitzetan, hirugarren “Starting Grant” honek esan nahi du “hiru ikertzaile dauzkagula Unibertsitatean mundu mailako prestigiorik handieneko proiektuetan lanean, eta horrek ikusgarritasun eta prestigio handia ematen du nazioartean. Horrek, aldi berean, efektu biderkatzailea sortzen du, bertako proiektuen inguruan talentua erakartzeko guneak sortzen baititu”, adierazi du. “Pribilegio handia da NUPentzat eta Nafarroarentzat, eta, jakina, pizgarri da guztion artean elkarlanean jarraitzeko eta lan-ingurune egokiak sortzeko, ideia disruptiboak sortzeko gaitasuna duten karrera zientifikoak garatzeko”.
Problema global bat ebazteko hurbilketa molekularra
Miriam Osés Ruiz ikertzailearen proiektuak organismoetan eta, zehazki, patogenoetan zelulen arteko aldakortasuna (zelulen heterogeneotasuna) nola eta zergatik sortzen den ikertzen du. Hori ulertzea oso garrantzitsua da mundu mailan; izan ere, zelulen heterogeneotasuna antibiotikoekiko erresistentzia sortzen laguntzen duten oinarrietako bat da, eta erresistentzia hori da, hain zuzen, XXI. mendeko arazo garrantzitsuenetako bat. Gai hori aspalditik ikertzen ari dira eremu klinikoan, baina oso gutxi ezagutzen da nekazaritzaren testuinguruan eta fungizidekiko erresistentziaren testuinguruan.
Oinarrizko ikerkuntza egiten duen lanaren zatiaren helburua da zelula-heterogeneotasuna sortzen laguntzen duten mekanismo molekularrak zeintzuk diren zehaztea, eta, horrela, gaixotasuna kontrolatzeko estrategiak diseinatzea gaixotasuna eteteko, betiere ingurumena errespetatuta. Proposatzen duen hurbilpen esperimentala oso berria eta diziplina anitzekoa da, eta punta-puntako teknika molekularrak biltzen ditu, hala nola single cell-RNA seq –zelulek banaka nola jarduten duten ulertzen laguntzeko–, genetika kimikoa, biologia zelularra eta fosfoproteomikoa.
Miriam Osés Ruizen CV laburra
Miriam Osés Ruizek Nekazaritzako Ingeniaritza ikasi zuen NUPen, eta Landare Patologiako Masterra egin zuen Wageningeneko Unibertsitatean (Herbehereak). Marie Curie-Sklodowska izeneko laguntza batekin, Biologia Molekularrean doktoratu zen Exeterreko Unibertsitatean (Erresuma Batua), Nicholas J. Talbot irakasle eta EMBOko kidearen tutoretzapean (Biologia Molekularraren Europako Erakundea, ingelesezko sigletan). Doktoretza ondoko egonaldia egin zuen Exeterreko Unibertsitatean eta 2018an Norwicheko “The Sainsbury Laboratory” Bikaintasun Zentroan (Erresuma Batua).
Ikertzaileak bere ibilbideko azken hamabost urteak nekazaritzako onddo patogenoen mekanismoa eta landareek beren burua mehatxu horretatik nola babesten duten ulertzen eman ditu. Hizlari aritu izan da gai horri buruzko nazioarteko hitzaldietan, eta berak antolatu zuen Magnaporthe onddoari buruzko mundu-mailako azken bilera. Hamabost argitalpen baino gehiago ditu zientziari buruzko goi-mailako nazioarteko aldizkarietan, hala nola hauetan: PNAS, Science, Nature eta Nature Microbiology.
Miriam Osés Ruizek, bere ibilbidean zehar, Erresuma Batuko Zientzialari Espainiarren Elkartearen finantziazioa jaso du hainbat proiektutan zuzendari aritzeko. Gainera, Royal Society of Biology eta Graduate Women in Science elkarteetako kide izan da. 2021ean Estatuko Ikerketa Agentziaren finantziazioa jaso zuen, zehazki Ikertzaile Gazteentzako dirulaguntza bat (Retos Investigación JIN), onddo patogenoen ziklo zelularraren erregulazioa ikertzeko.
Gaur egun, bere laborategia abian jartzeko, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren Talentua Erakartzeko Programaren ANDIA kontratua du, eta aurten Ramón y Cajal kontratua jaso du Estatuko Ikerketa Agentziatik.