Irantzu Goyeneche Batiz Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Pedagogia Terapeutikoan espezializatutako Lehen Hezkuntzako graduatuak, Gradu Amaierako Lanean (GAL), dibortziatutako bikoteen seme-alaba diren ikasleei buruzko ikerlan bat egin du, egoera horrek eskola-errendimenduan eta emozioetan duen eragina aztertzeko. Horretarako, Lesakako Udalaren beka bat izan du, eta han bertan egin du landa-lana. Fernando Trébol Unzue NUPeko irakasleak gidatu du lana, “Gurasoen dibortzioak ikasleen emozio eta eskola-errendimenduan duen eragina: Esku-hartzeko protokoloa” izenburukoa.
Irantzu Goyeneche irakaslea, Ladis Satrustegui Alzugaray Lesakako alkatearen (ezkerrean) eta Fernando Trébol Unzue Gradu Amaierako Lanaren tutorearen artean.
Bere ikerketatik, irakasleak ondorioztatu du bereizketek eragin handiagoa edo txikiagoa dutela adingabeengan eta haien errendimenduan, eta, gai horri heltzeko jarraibide komunak ezartzea zaila den arren, agerikoa dela irakasleek horri buruzko prestakuntza jasotzeko premia dutela. Puntu horretan laguntzeko asmoz, Irantzu Goyenechek, gaur egun Pedagogia Terapeutikoko irakaslea denak Berako Labiaga Ikastolan eta baita Baztan-Bidasoa eskualdeko ANFASen ere, jarduera-protokolo bat eta informazio-liburuxka bat egin ditu irakasleentzako eta familientzako aholkuekin. Lehenik eta behin, irakasleak gai hori “normaltasunez” jorratzera animatzen ditu.
Bere lanaren ondorioen artean, irakasleak adierazi du arreta berezia jarri behar zaiela gurasoen bereizketa bizi duten ikasleei; izan ere, nahiz eta adin txikikoak izan, gertatzen den guztiaren jakitun dira eta asko sufritzen ahal dute. Adierazi bezala, “beharrezkoa da eskolaren eta familiaren artean etengabeko komunikazioa eta lankidetza izatea”.
Harreman hobeak, amen inplikazio handiagoa eta aholkuak
Irantzu Goyenechek bere ikerketan nabarmendu duenez, bereizketa zirkunstantzia negatiboa izan arren, adingabeak eskolan dituen harremanak hobetzea ekar dezake berekin, gainerako ikaskideek normalean ahalegina egiten baitute ongi senti dadin.
Bestalde, irakasleak adierazi du oraindik ere amak direla seme-alaben hezkuntzan gehien inplikatzen direnak, eta, oro har, eta Lesakan egin duen behaketaren arabera, normalean emakumeak joaten direla eskolako bileretara eta seme-alabak eskolara eramatera eta handik jasotzera. “Nahiz eta urteak igaro eta gai horri buruzko prestakuntza eman, ikusten da berdintasuna oraindik ez dela lortu”, nabarmendu du. Hala ere, adierazi duenez, bikotea hautsiz gero, gero eta maizago gertatzen da bi kideak joatea hitzordu horietara, bereizita bada ere.
Irantzu Goyenechek landutako materialean irakasleei zuzendutako aholku zehatzei dagokienez, aipatzekoa da, esate baterako, komenigarria dela adingabeekin hizkera positiboa eta enpatia erabiltzea, baita egoera horietan haien errendimendua alda daitekeela ulertzea ere. Familiei dagokienez, seme-alabei banantzearen berri ematen zaienean egia esatea gomendatzen da, errua beste pertsonari egotzi gabe, eta haurrei egoera horren aurrean nola dauden galdetzea edo, behar izanez gero, laguntza eskatzea.