Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaile batzuek beste bi ibilbide diseinatu dituzte Iruñeko beste hainbeste auzotarako, Nafarroako hiriburuan barrena Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta DBHko 2. eta 3. mailako ikasleei zuzendutako ibilbide matematikoak sortzeko proiektu baten barruan. Proiektu hori joan den ikasturtean hasi zuen Iruñeko Udalak, eta “Calle-Math” izena eman zion. Lan hau datorren larunbatean, azaroak 5, aurkeztuko da Matematikaren Irakaskuntzari eta Ikaskuntzari buruzko Nafarroako VII. Jardunaldietan. Gaur, asteazkena (azaroak 2), hasiko dira Kondestablearen Jauregian, eta ostiral eta larunbatean Arrosadiko campusean jarraituko dute.
NUPen Estatistika, Informatika eta Matematika Sailak antolatuak dira, Irakasleei Laguntzeko Iruñeko Zentroarekin (ILZ) eta “Tornamira” Nafarroako Matematika Irakasleen Nafar Elkartearekin batera.
NUPeko ikertzaileek diseinatu dituzten bi ibilbide berriak Sanduzelai-Buztintxuri eta Arrotxapea auzoetan eginen dira, euskaraz zein gaztelaniaz. Lehendik ere martxan ziren auzo hauetako ibilbideekin batera egonen dira martxan: Alde Zaharra, Iturrama, Donibane-Ermitagaña, Mendillorri eta Txantrea.
Hauek diseinatu dituzte Iruñeko ibilbide matematiko horiek: Jaione Abaurrea Larrayozek, Haritz Iribas Pardok, Aitzol Lasa Oyarbidek eta Miguel R. Wilhelmik, NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasleak denak, eta Adriana Armendariz Arosteguik, Burlatako Askatasuna BHIko eta Atarrabiako Pedro de Atarrabia DBHIko irakasleak.
Iruñeko ibilbide matematikoak diseinatu dituzten NUPeko ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: Miguel R. Wilhelmi, Aitzol Lasa, Jaione Abaurrea eta Haritz Iribas, material didaktikoekin.
Ikasi, matematikaz harago
Iruñeko ibilbideen helburua kalean matematika lantzea da, ikasle talde txikitan, lekuan bertan ebatzi beharreko problemak jarrita. Leku horiek lotura izanen dute problemarekin: eraikinak, eskulturak, hiri-altzariak... Horretarako, informazioa edo pistak emanen dira, batzuk grafikoak eta besteak testu formatukoak. Erronka matematikoak aproposak dira Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. eta 3. mailako Matematika irakasgaiko ikasketa-estandar ofizialetarako.
Batez beste bi orduko ibilbideak dira, eta horietan, matematikaz gain, ikasleek artearekin, historiarekin, hiriko ohiturekin, ingurumenarekin, elikadura osasuntsuarekin eta genero berdintasunarekin lotutako beste kontzeptu batzuk ere ikasiko dituzte. Proposamen pedagogiko hori eskuragai dago MathCityMap mugikorrerako aplikazio batean, zeina edonorentzako librea eta doakoa baita. Gainera, irakasleentzako eta ikasleentzako gidaliburuak ere inprimatu dira. Horretaz gain, Irakasleei Laguntzeko Iruñeko Zentroak prestakuntza espezifikoa eman die irakasleei.
Matematika plazara
Matematikaren Irakaskuntzari eta Ikaskuntzari buruzko Nafarroako VII. Jardunaldietan eginen diren Iruñeko ibilbide matematikoen aurkezpena bi hitzalditan eginen da: lehena, “Atera dezagun matematika plazara” izenekoa, Fernando Sesma Urzaizek (Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako Alorreko zinegotzi delegatua) eta Aitzol Lasak emanen dute, eta, bigarrena, “Iruñeko ibilbide batzuk (Alde Zaharra eta Txantrea) eta MathCityMap aplikazioa”, Jaione Abaurreak eta Adriana Armendarizek.
Aipatutako jardunaldi horiek topaleku izanen dira haur hezkuntzatik hasi eta unibertsitaterainoko irakasleentzat, baita unibertsitateko ikertzaile eta ikasleentzat ere, eta arlo honetako irakasleen lanak, esperientziak eta kezkak komunikatzeko foro bat da, eta, era berean, gizartean matematikaren kultura transmititzen eta ikusarazten laguntzen duen elementua. Jardunaldiak erakunde hauek babestuak dira: Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua, Iruñeko Udala, Grupo Anaya, eta Casio markaren hezkuntzako dibisioa.
Programa gaur hasiko da, azaroaren 2an, asteazkena, 17:00etan, Iruñeko Kondestableren Jauregian, Humberto Bustince Sola NUPeko katedradun eta Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzailearen inaugurazio hitzaldi batekin. Saio gehiago egonen dira ostiral arratsaldean eta larunbat goizean, Iruñeko Arrosadiko campusean.