Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Nafarroako Gizarte Zibilarekin eta Equipo Europa Gazte Elkartearen Nafarroako ordezkaritzarekin batera, “XXI. mendea: mende bat Europarako” jardunaldiak antolatu ditu urriaren 27an eta azaroaren 2an eta 16an. Gerra-gertakarien, krisi ekonomikoaren eta pandemia ondoko osasun panoramaren ondorioz Europar Batasunak bizi duen egoera aztertzeko eta hari buruz hausnartzeko sortu dira jardunaldi horiek. Adierazitako egun bakoitzean hitzaldi bat egonen da, eta honako hauek emanen dituzte, hurrenez hurren: Teresa Freixes (“Europar herritartasunerantz”), Salvador Sánchez Tapias (“Segurtasuna Europan”) eta José Ignacio Torreblanca (“Europa geopolitikoaren sorrera”). Hitzaldi guztiak gaztelaniaz izanen dira. 

Hitzaldi guztiak 19:00etan izanen dira, eta sarrera librea da. Teresa Freixesek Nicolás de Oresme aretoan emanen du bere saioa, Gurbitzak eraikinean. Sánchezena eta Torreblancarena, berriz, Olibondoak eraikineko gradu-aretoan izanen dira. Zikloa otsailaren 9an amaituko da, Pablo Zalbak eta Jonás Fernándezek Europako ekonomiari buruz elkarrekin eginen duten hitzaldi batekin. Ordua eta tokia oraindik zehaztu gabe daude.

“Helburua da ikuspegi kritiko batetik azaltzea eta planteatzea azken urteetako erronken aurrean Europak ezarritako jarduera- eta politika- ildo berriak”, esan dute jardunaldien antolatzaileek. Hitzaldietan, Europako egungo egoeraren zenbait alderdi jorratuko dituzte, hala nola Europako boterearen zatiketa, geopolitika, defentsa, migrazio mugimenduak eta mugak. Era berean, proiektatutako Europar Herritartasunaren Estatutuak sartu nahi dituen aldaketak aztertuko dituzte, bai eta Europar Batasunak aurrean dituen erronka ekonomikoak ere. 

zoom Estudiantes

Ikasle batzuk NUPen.

Urriko eta azaroko hizlarien CV laburra

Teres Freixes Sanjuán katedraduna da Bartzelonako Unibertsitateko Konstituzio Zuzenbidean, ad personam katedraduna Jean Monnet Katedran, eta presidenteordea Europako doktoreen Errege Akademian. Aditu lanetan aritu zen Europako Kontseiluko Ekialdeko herrialdeentzako laguntza juridikoko programan, eta, trantsiziotik demokraziarako bidean, epaile eta kazetari batzuekin aritu zen elkarlanean. Europar Batasunaren esparruan, dokumentu hauen erredakzioan parte hartu zuen: Amsterdameko Itunak, Oinarrizko Eskubideen Gutuna, Europako Konstituzioa eta Lisboako Ituna. Gainera, zuzendari izan zen Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziaren National Focal Point-ean eta Genero Berdintasunerako Europako Institutuan. Dozena bat liburu eta ehun artikulutik gora idatzi ditu bere espezialitatean. Zuzendari ibilitakoa da goi mailako hainbat ikerketa-proiektutan, eta Milaneko, Montpellierreko, Szczecin-eko, Roma Tre eta Universidade do Minho unibertsitateetan irakasle bisitari izandakoa ere bai. Narcís Monturioll domina irabazi zuen 2009an, eta European Woman saria 2004an; 2021ean Europako balioen Sari Paneuroparra eman zioten, eta, 2020an, balio demokratiko eta konstituzionalen Muñoz Torrero Sari Nazionala.

Salvador Sánchez Tapias Lurreko Armadako kidea da 1979tik. Espezialista da mendiko tropen agintaritzan (1984) eta NBK Defentsan (Nuklearra, Bakteriologikoa eta Kimikoa) Estatu Batuetako Armadaren NBK Defentsa Eskolan (1990). Diplomaduna da Nazioarteko Ikasketen Elkartean (2005), eta Azterketa Estrategikoetako masterduna US Army War College-n (2009). Estrategiako eta Segurtasun Nazionaleko irakasle titularra izan da Estatu Batuetako Armadaren Gerra Elkargoko Segurtasun Nazionaleko eta Estrategiako Departamentuan (2009-2012). Estatu Nagusiko Operazioetarako bigarren burua da Greziako Erantzun Handiko Kuartel Nagusian, Tesalonikan, 2014tik. 

Maila guztietako agintari operatiboa izan da Lurreko Armadaren mendiko unitateetan eta unitate mekanizatuetan. Estatu Nagusiko ofizial moduan, estatu nagusi nazional eta multinazionaletan bete ditu bere eginkizunak. Gainera, armamentuak egiaztatzeko eta kontrolatzeko ikuskatzaile gisa aritu da jada desagertua dagoen Varsoviako Ituneko herrialdeetako operazio nazional eta multinazionaletan. 

José Ignacio Torreblanca Zientzia Politikoko eta Administrazio Zientziako Saileko irakaslea da Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean (UHUN), bai eta Ikasketen eta Ikerketen Juan March Institutuko kidea ere. 2018ko irailetik, Kanpo Harremanetako Europako Kontseiluak Madrilen duen Bulegoko zuzendaria eta ikertzaile nagusia da (European Council on Foreign Relations, ECFR). Kolaboratzaile eta analista gisa aritzen da zenbait komunikabidetan, eta zenbait liburu, liburuetako kapitulu eta aldizkarietako artikulu idatzi ditu gai hauei buruz: erabakiak hartzeko prozesua Europar Batasunean, Europar Batasuna zabaltzeko politika eta Espainiako politika europarra.