Joan eduki nagusira

Paula Baeza Gonzalo (Erizaintza) eta Ana Nuria Peralta Rodríguez (Fisioterapia) egresatuak izan dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Osasun Zientzien Fakultateko Gradu Amaierako Lanik hoberenari emandako sariaren irabazleak. Lanen aztergaiak hauek izan ziren: Erizaintzaren kasuan, amagandiko edoskitzeak eta ama eta jaioberria gela berean mantentzeak jaioberriaren abstinentzia-sindromeari heltzeko dituzten onurak, eta, Fisioterapiaren kasuan, berriz, istripu zerebrobaskular baten ondotik ispilu terapia eta errealitate birtuala erabiltzea goiko gorputz-adarraren errehabilitaziorako. Olga López de Dicastillo Sainz de Murieta eta Ana Insausti Serrano irakasleak izan dira Erizaintzako eta Fisioterapiako lanen tutoreak, hurrenez hurren.

zoom Enfermería

Erizaintzako Graduko sariaren finalistak, irabazlea eta epaimahaikideak. Ezkerretik eskuinera: Paula Escalada (epaimahaikidea), Nerea Gurucharri eta Elisabeth Marín (finalistak), Javier Fernández Montalvo (dekanoa), Sara Martínez (finalista), Paula Baeza (irabazlea), Nely Soto eta María Jesús Pumar (epaimahaikideak biak).

Sarituez gain, hauek izan ziren finalistak Erizaintzako Graduan (parentesi artean beren lanen izenburuak daude): Sara Martínez Urroz (“Burezur eta garuneko traumatismo larria duten pazienteen erizaintzako zainketak ZIUn”, José María García García irakasleak gidatua), Elisabeth Marín Palop (“Minbizitik bizirik atera direnen eta beren familien itxaropenak eta lehentasunak biziraupen luzeko osasun arretari dagokionez”, Cristina García Vivarrek gidatua) eta Nerea Villa Gurucharri (“Erizainen esku-hartzeek duten eragina galera gestazional berantiarren dolu prozesuan”, Carolina Sánchez-Cruzat Albertinek gidatua). 

zoom Fisioterapia

Fisioterapiako Graduko sariaren finalistak, ekitaldira bertaratutakoak eta epaimahaikideak. Aurrean, ezkerretik eskuinera: Ana Bays (epaimahaikidea), Arrate Herrero eta Andrea Ibáñez (finalistak), Leticia San Martín (hizlari gonbidatua), María Ortega (epaimahaikidea) eta José Ignacio Niubo (irakaslea). Atzean, sariak emateko ekitaldira bertaratutakoak.

Fisioterapiaren kasuan, Andrea Ibáñez Moreno eta Arrate Herrero Onaindia ere aurkeztu ziren lehiaketara. Lan hauek aurkeztu zituzten, hurrenez hurren: “Odol fluxua murrizteko teknikaren eraginkortasuna aurreko lotailu gurutzatua berreraikia duten pazienteetan” (José Ignacio Niubo Enak gidatua) eta “Erditu ondoko abdomeneko diastasiari heltzea. Berrikuspen bibliografikoa eta esku hartzeko proposamena” (Ana Insausti Serranok gidatua).

Sari banaketa

Erizaintzako lan hoberenaren sari banaketa Osasun Zientzien Fakultateko ekitaldi-aretoan egin zen. Javier Fernández Montalvo fakultate horretako dekanoa izan zen buru, eta Olga López de Dicastillo dekanordea izan zuen ondoan. Halaber, Isabel Irigoyen Aristorenak hitzaldia eman zuen. Erizaina da bera, eta Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Kudeaketa Klinikorako eta Asistentziaren Jarraipenerako Laguntzan egiten du lan, etengabeko prestakuntza akademikoari laguntzeko arloan. Hitzaldian, azaldu zuen pazientearen eta familiaren parte-hartzea lagungarria izaten ahal dela osasun etxeetako ikerketan eta arreta seguruan eta kalitatezkoan aurrera egiteko. 

zoom Ganadora

Ana Nuria Peralta, Fisioterapiako GALaren irabazlea, bere diploma eta sariarekin.

Fisioterapiaren kasuan, Tuterako campusean eman zituzten sariak, gradu hori han ematen baita, eta Leticia San Martín erizain eta NUPeko irakasleak eman zuen hitzaldia, berriki Ukrainako gerran egindako elkartasun lanagatik saritutakoak, zeinak izandako boluntariotzako esperientzia hori kontatu zuen.

Erizaintzako sariaren epaimahaia gradu horretako Nely Soto Ruiz, Paula Escalada Hernández eta María Jesús Pumar Méndez irakasleek osatu zuten; Fisioterapiakoa, berriz, María Ortega Moneo, Natalia Domínguez Sanz eta Ana Beatriz Bays Moneo irakasleek.

Saritutako lanak, zehatz-mehatz

Paula Baezaren lanak abstinentzia-sindromea duten jaioberrien arreta izan zuen ardatz; emakumeek haurdunaldian drogak kontsumitzen dituztenean sortzen da arazo hori. Ikerketaren egileak azaldu duenez, sindrome hori duten jaioberrien arreta aldatu egiten da ospitale batetik bestera, baina amarengandik bereizteko joera dago. “Literatura aztertu ondoren, lan honek erakusten du amagandiko edoskitzea eta ama eta jaioberria gela berean mantentzea, hots, ospitalean gurasoekin partekatzea gela, jaioberriarentzat mesedegarriak direla. Izan ere, horri esker, murriztu egiten dira ospitale egonaldiko egunak, abstinentziarako medikazioaren beharra eta iraupena, haurtxoa Jaioberrien Zainketa Intentsiboetako Unitatean (JZIU) ingresatu beharra, ospitalean berriz hartzeko tasa eta sindromearen larritasuna”, esan du egileak.

Bestalde, Ana Nuria Peraltak bere lanean azaldu du ispilu terapiak eta errealitate birtualak zer-nolako eragina duten goiko gorputz-adarraren errehabilitazio prozesuan istripu zerebrobaskular bat gertatzen denean. Bere ikerketaren arabera, bi metodo horiek erabilita hobekuntza nabarmenak lortzen dira jardun funtzionalean, mugimendu funtzioan, tonu muskularrean, sentikortasunean, mugikortasunean eta indarrean. Egileak adierazi duenez, gomendioa da teknika horiek fisioterapia tradizionalarekin batera erabiltzea. Hala ere, zehaztu duenez, metodo horiek badituzte mugak ere, hala nola jarraipena egiteko zailtasuna, tratamendua paziente guztientzat orokortzeko ezintasuna edo, errealitate birtualaren kasuan, kostua.