Joan eduki nagusira

Leticia San Martín Rodríguez Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erizaintzako Graduko irakasleak Ukrainako armadaren errekonozimendua jaso du Ukrainako gerran egindako lan humanitarioagatik eta, zehazki, hango ospitaleetara osasun materiala bidaltzeagatik eta hiru militar zauritu Nafarroara ekartzen laguntzeagatik. Dagoeneko Ukrainara itzuliak dira hiru militarrak sendaturik. NUPeko irakaslearekin batera, Isabel Iturrioz Núñez eta Oihane Vieira Galán erizainek ere jaso dute errekonozimendua, Nafarroako Erizaintza Elkargoaren barrenean sortu zen Nafarroako Erizaintza Fundazioko kideak denak.

zoom Leticia San Martín irakaslea, errekonozimendu diploma eskuan duela.

Leticia San Martín irakaslea, errekonozimendu diploma eskuan duela.

Leticia San Martínek azaldu duenez, Fundazioaren eta Elkargoaren lana Errusiaren inbasioaren hastapenetan hasi zen. Orduan, Nafarroan dauden zenbait elkarte ukrainarrekin eta GKErekin aritu ziren elkarlanean herritarrek emandako material pila hura kudeatzen. Gero, zenbait ibilgailu bidali zituzten (4x4 eta anbulantziak), dohaintzan emanak, hango zaurituak ospitaleetara eramateko, bai eta hemengo jendeak, erakundeek eta enpresek emandako osasun materiala ere.

Hiru bidaia Ukrainara lan kolektibo batean

Zehazki, Fundazioak hiru bidaia egin ditu Ukrainara hango herritarren premia larrienei erantzuteko. Leticia San Martínek esan du Nafarroako erizainek egindako lan humanitarioa jende askoren lana izan dela eta izaten ari dela, eta haientzat guztientzat dela jaso berri duten errekonozimendua. NUPen aldetik, Roberto Aguado Jiménez irakasleak ere hartu du parte proiektu solidarioan: anbulantzietako baten gidari joan zen Ukrainaraino.

zoom NUPeko irakasleari emandako domina.

NUPeko irakasleari emandako domina.

NUPeko irakasleak azpimarratu du hasierako elkartasun uholdeak ez lukeela bukatu behar oso zaila baita oraindik Ukrainako egoera. Norbaitek lagundu nahi izanez gero, bide egokiei buruzko informazioa lortu beharko luke. Nafarroako Erizaintza Fundazioa bera da bat, eta haren “Retos x Ucrania” proiektua.