Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) taldea garaile izan zen Makinen eta Mekanismoen Teoriako IV. Olinpiada Nazionalean. Beñat Andueza Olartuak (Industria Teknologietako Graduko laugarren ikasmaila) eta Alba Monreal Rodríguezek eta Andrea Tamayo Álvarezek (Ingeniaritza Mekanikoko Graduko laugarren ikasmaila) osatu zuten taldea, eta lehiaketa irailaren amaieran izan zen, Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Toledoko campusean. Taldearen tutore lanetan Aitor Plaza Puértolas Ingeniaritza Saileko irakaslea aritu zen.

Olinpiadan ariketa bat egin behar zen bakarka, gai hauei buruz: batetik, mekanismoen egitura, mugikortasuna eta errotabilitatea, eta, bestetik, mekanismo lauen zinematika eta dinamika, eta mekanismoen, espeken eta engranajeen sintesi dimentsionala. Proba horretan, Beñat Andueza NUPeko ikasleak bigarren postua eskuratu zuen. Taldekako sailkapena egiteko (NUPek irabazi zuen), talde bakoitzean bakarka egindako bi ariketa onenen notak hartu ziren kontuan. Azaroan, NUPeko hiru ikasleak Espainiako ordezkari gisa joanen dira Madrilgo Carlos III.a Unibertsitatean eginen den Makinen eta Mekanismoen Teoriari buruzko Nazioarteko Olinpiadara (Madril).  

Olinpiadaren testuinguruan, halaber, ginkana bat egin zen hiri anfitrioian, eta bisita antolatu zen Airbus konpainiara eta Toledoko Campus Teknologikora (azken hori herriko arma fabrika zaharrean dago). Horretaz gain, lehiaketarekin batera, Ingeniaritza Mekanikoko eta Ibilgailuen Ingeniaritzako Irakasleen VIII. Bilkura egin zen. Bertan, irakaskuntzaren berrikuntzari, ikerketari eta unibertsitatearen eta enpresaren arteko harremanei buruzko gaiak jorratu ziren. 

zoom TEXTO ALT

NUPeko talde irabazlea, diploma eta dominekin. Ezkerretik eskuinera: Aitor Plaza (tutorea), Andrea Tamayo, Alba Monreal eta Beñat Andueza (ikasleak).

Makinen eta Mekanismoen Teoriako Olinpiada

Makinen eta Mekanismoen Teoriako Olinpiada, Ingeniaritza Mekanikoaren Espainiako Elkarteak antolatutakoa, unibertsitate taldeen arteko lehiaketa publikoa da, eta ingeniaritzako ikasleek arlo horretan eskuratutako ezagutzak eta trebetasunak sormenez aplikatzeko helburua du. 

Horren bidez, helburua beren arloko ezagutzak eta berrikuntzak dibulgatzea da, eta talentua erakartzea, enpresan nahiz ikerketa-zentroetan egiten diren lanei jarraipena emateko.