Joan eduki nagusira

Francisco Falcone Lanas Nafarroako Unibertsitate Publikoko Seinalearen Teoriako eta Komunikazioetako katedradun eta Smart Cities Institutuko (ISC) zuzendaria izan da Monterreyko Goi Mailako Ikasketen Institutu Teknologiko mexikarrak (TEC) bere Bikaintasun Fakultatera (Faculty of Excellence) eraman dituen nazioarteko adituetako bat. Falcone hasiera batean bi urterako kontratatu dute telekomunikazioetako irakasle bisitari nabarmen gisa, eta abuztuaren amaieran TEC bisitatu zuen beren lankidetza abian jartzeko.

zoom Falcone

Francisco Falcone Lanas Monterreyko Institutu Teknologikoan (TECen argazkia).

Bikaintasun Fakultatea TECen ekimen bat da, dagokion hautaketa-prozesua egin ondoren “beren arloan nazioarteko aintzatespena duten eta esperientzia nabarmena eta ideia iraultzaileak dituzten” adituak unibertsitate mexikarrera eramateko. Francisco Falcone katedraduna lanaldi partzialeko irakasle bisitari gisa kontratatu dute; horrek esan nahi du online eginen duela lan, eta urtean bitan Mexikora joanen dela. Ikerketa-lanak bultzatu eta ezagutzak partekatuko ditu, komunikazio ingurune adimendunei, hiri adimendunei, testuinguruaren araberako agertokiei eta abarri buruzkoak. 

TECekoen hitzetan, “irakasle horiek ezagutzak sortzen lagunduko dute, inpaktu handiko proiektuak gidatuko dituzte, eta gure ikasleak, gure fakultatea eta komunitate osoa inspiratu eta haien esperientzia hobetuko dute”. Irakasle horiek hautatzerakoan kontuan hartzen diren alderdien artean honako hauek daude: beren diziplinan liderrak izatea, nazioartean aintzatetsiak, argitalpen berriak izatea eragin handiko aldizkari, “journal” edo liburuetan, kredentzial akademiko paregabeak izatea, testuinguru globala eta munduaren erronkak sakon ulertzea, eta beren arloan eragina eta harreman-sare global garrantzitsuak izatea.

Francisco Falcone irakaslearen jakintza-arloen artean, nabarmentzekoak dira agertoki elektromagnetiko konplexuen simulazioa, material artifizialak, egitura periodikoak, metamaterialak, haririk gabeko komunikazio sistemen diseinua/analisia, haririk gabeko sareen sentsoreak eta testuinguruaren araberako ingurune interaktiboak.

Gainera, Francisco Falconek Monterreyko Teknologikoan eginen duen lanari esker, TECek eta NUPeko Smart Cities Institutuak aukera izanen dute baterako proiektu eta lankidetzak garatzeko.