Nafarroako Unibertsitate Publikoak Ekintzailetzako Proiektuak dituzten Ikasketa Amaierako Lanentzako Rural Kutxa Sarien beste edizio baten deialdia egin du, eta izena emateko epea urriaren 7an bukatuko da. Sari horiek NUPeko titulazio ofizialetako gradu edo master amaierako lana 2021-2022 ikasturtean egin duten ikasleei daude zuzenduak.
Sari horien helburua unibertsitateko ikasleen ekintzailetzako jardueren hainbat alderdi aitortzea da, hain zuzen ere enpresa-proiektu bat sortzera bideratuak dauden, produktu edo zerbitzu berritzaile, sortzaile edo teknologikoen proposamenak dituzten edo teknologiaren edo ezagutzaren transferentzia eragin dezaketen ikasketa amaierako lanak egin dituztenena.
Sarien deialdia Nafarroako Rural Kutxak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzak egiten dute.
Modalitateetako bakoitzean (gradua eta masterra) 1.000 euroko lehen sari bat eta 500 euroko bigarren sari bat emanen dira.
Interesdunek Unibertsitateak Iruñean eta Tuteran dituen Erregistro Orokorretan aurkezten ahalko dituzte hautagaitzak, urriaren 7ko 14:00ak arte, eta, horrekin batera, Ikasketa Amaierako Lanaren ezaugarri nagusiak deskribatzen dituen memoria bat ere aurkeztu beharko dute (gehienez hamar orrialdekoa).
Balorazioa egiteko, sarien epaimahaiak honako alderdi hauek hartuko ditu kontuan: proposamenaren berrikuntza-maila, lehiarako abantaila, merkatuaren eta bezeroen ikuspegia, proiektuaren heldutasun maila eta lanaren diziplina anitzeko izaera.
Deialdiaren oinarri guztiak Unibertsitatearen webgunean daude kontsultatzeko.
Titulu berekia Berrikuntzan eta Ekintzailetzan
Bestalde, zabalik dago oraindik NUPeko Berrikuntzako eta Ekintzailetzako titulu berekian izena emateko epea. Zeharkako prestakuntza horrek unibertsitateko aditu titulua lortzeko aukera ematen du (18 ECTS), eta Nafarroako Rural Kutxak finantzatzen du.
Aditu prestakuntza egokia da graduko azken ikasmailetako ikasleentzat edo master bat egiten ari direnentzat. Ikasturte bat irauten du (2023ko ekainera arte), eta, modalitate presentzialean ematen da nagusiki. Urriaren 22an hasiko da, eta izena emateko epea ikaspostu guztiak bete arte egonen da zabalik. Informazio guztia NUP Fundazioaren webgunean dago eskuragarri.
Titulu honen helburua ekintzailetzako eta berrikuntzako gaitasunak sustatzea da; beraz, ikasleek ekintzailetzako aukerak identifikatzeko, ekimenak definitzeko eta horiek erronka berritzaileen bidez konpontzeko prestakuntza jasoko dute.
Cristina Bayona Sáez NUPeko Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea da ekimenaren zuzendari akademikoa, eta Paula Anzola Román erakunde horretako Ekintzailetzaren arloko zuzendaria, berriz, koordinatzaile akademikoa. Irakasle taldea besteak beste NUPeko Enpresen Antolaketaren, Merkataritzako Zuzenbidearen, Finantzen edo Ekonomiaren arloetako irakasleekin osatzen da, baita beste unibertsitate batzuetako irakasleekin eta jardunean dauden profesionalekin ere.