“Campustajes”, campus unibertsitarioetako konpostajeari buruzko Estatuko lehenbiziko mintegia, irailaren 22an eginen da, modalitate mistoan, zuzenean emanen baita online, nahiz eta La Lagunako Unibertsitateko (Tenerife) Guajara campuseko ikasgelategian egin modu presentzialean. Aipatutako unibertsitateak eta NUPen Tokiko Jasangarritasunari buruzko NILSA Katedrak elkarrekin antolatutako topaketa horren helburua biohondakinen prebentzioan eta kudeaketa deszentralizatuan unibertsitateek duten eginkizunari buruz taldean hausnartzea da. Mintegia modu telematikoan entzun nahi dutenek webgune honetan eman behar dute izena.
Jardunaldiak askotariko elementuak izanen ditu, hala nola aurkezpen instituzionalak, hitzaldi teknikoak, zenbait unibertsitatetako esperientziei buruzko panelak, lantalde tematikoak eta konposta egiteko guneetarako bisitak. Halaber, unibertsitateetan konposta egiteko ekimenekin lotutako ezagutza zientifikoa sortzeaz hitz eginen da, baita bide orri komun bat prestatu ere “campustajeen” eta unibertsitateetako ekonomia zirkularraren gainean.
Mintegiak 09:30etik 18:00ak arte iraunen du, 08:30etik 17:00ak arte Kanarietan. Jardunaldiari hasiera emateko eta agintariei ongietorria egiteko ekitaldiaren ondoren, zenbait hitzaldi eta aurkezpen eginen dira. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aldetik, Inazio Irigoien Iriarte irakasle, Biologia Aplikatuko Diziplina Anitzeko Ikerketa Institutuko ikertzaile (IMAB) eta irabazi asmorik gabeko “Fertile Auro” elkarteko kideak hartuko du parte.
Zehazki, NUPek 2019an abiarazitako “Arrosadia Living Lab” proiektuaren esperientzia azalduko du. Haren helburua jasangarritasunari eta ekonomia zirkularrari buruzko ikaskuntza eta ikerketa sustatzea da, herritarren zientziako eta ingurumen boluntariotzako jardueren bidez. Proiektu horretako jarduera azpimarragarrienetako bat “Campustaje” izenekoa da: unibertsitateko jantokiko hondakin organikoak eta lorategiko inausketa-lanen hondarrak ongarri bihurtzen dituzte ikasleek campusetik atera gabe.