Joan eduki nagusira

Amado Alonso Literatur Kritikako Nazioarteko XIX. Sariaren epaimahaiak aho batez eman dio Andrés García Cerdán poeta eta saiakeragileari Amado Alonso Fundazioak urtero antolatzen duen saria, “Acantilados de Duino. Astillas y píxeles de un espejo roto” lanarengatik. Irabazleak 5.000 euroko saria jasoko du, eta lana argitaratu eginen diote Valentziako Pre-textos argitaletxeak eta Amado Alonso Fundazioak berak. Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Leringo Udalak osatua dago azken hori. 2022ko edizioan, 16 lan aurkeztu dituzte, Espainiatik eta Iberoamerikatik ailegatuak.

Epaimahaiak, besteak beste, liburuaren originaltasuna nabarmendu du, baita saiakeraren prosa bikain eta iradokitzailea ere: “Mito eta kondairei, mundu klasikoari eta idazle eta lan unibertsalei buruzko erreferentzien bidez, literaturak mendeetan zehar izan duen funtzioari eta gaur egungo munduko komunikazioari buruzko gogoeta egiten du egileak, ezagutzaren irudi bihurtutako ispiluaren eta bestelako sinboloen presentziari jarraikiz”.

“Saiakera transbertsala da “Acantilados de Duino”, non literatur aipuak, musika eta pintura uztartzen baitira adierazpen artistiko horiek giza sormenaren eta bizitzeko bertigoaren eta gizarteak planteatzen dituen ameskerien adierazpen direla erakusteko”, adierazi du epaimahaiak.

zoom Andrés García Cerdán

Andrés García Cerdán (lagatako argazkia).

Egileari buruz

Andrés García Cerdán (Fuenteálamo, Albacete) poeta eta saiakeragilea da. Poesian, “Barbarie” (2015), “Puntos de no retorno” (2017), “Defensa de las excepciones” (2018) eta “Grunge” (2022) izan dira haren azken liburuak. “El árbol del lenguaje. Sobre la poesía de Julio Cortázar” azterlana (2021) eta “La muerte del lenguaje: para una poética de lo desconocido” antisaiakera ere (2019) idatzi ditu, non postmodernitateko arteari eta pentsamenduari buruz hausnartzen baitu. Horrez gain, aurki argitaratuko du “Químicamente puro” lana (2022).

Literaturako doktorea da Murtziako Unibertsitatean, baita irakaslea ere Gaztela-Mantxakoan, eta, kritikari gisa, kolaborazioak egiten ditu “Quimera”, “Jot Down”, “ABC Artes y Letras”, “Cuadernos Hispanoamericanos”, “Turia”, “Epicuro” eta “El coloquio de los perros” aldizkarietan, besteak beste.

The Rimbaud Company musika-taldearekin, berriz, “Tyson”, “Der Traum” eta “El horizonte circular” lanak kaleratu ditu.

Haren poesia-lanek nazioarteko zenbait sari irabazi dituzte, hala nola Hermanos Argensola, San Juan de la Cruz, Alegría, Francisco Brines eta Barcarola sariak.

Boogie-Woogie bloga kudeatzen du.

Amado Alonso Fundazioa 

Amado Alonso Fundazioa 2001ean sortu zen, Amado Alonsoren bizitza ezagutzera emateko, bai eta Nafarroako, Espainiako eta beste herrialde batzuetako arlo akademikoan eta sozialean hark izandako testuinguru historikoa ezagutarazteko ere. Amado Alonso literatura-kritikari nafarra Hizkuntzako eta Literaturako irakasle aritu zen Harvardeko Unibertsitatean (Estatu Batuak). Beste helburu batzuk ere baditu fundazioak: Espainiar Filologiaren, Espainieraren Didaktikaren eta Literatura-teoriaren eta -kritikaren esparruan Amado Alonsok egindako ekarpen zientifikoen gaurkotasuna aldarrikatzea; Amado Alonsoren eta haren lankide eta ikasleen lan ildoak eta espiritua ikertzeko eta zabaltzeko jarduerak bultzatzea; eta idazleari buruzko dokumentazioa biltzea sustatzea.

Sariketa 2002an hasi zenetik, hauek izan dira orain arteko irabazleak: Mª. Isabel López Martínez (2002), Gloria Estela González-Zenteno (2003), Ángel Pérez Martínez (2004), Miguel Zugasti Zugasti (2005), Josep María Rodríguez Cabrera (2006), Alberto Santamaría Fernández (2007), Magda Beatriz Lahoz de Klins (2009), Alejandro Bekes (2010), Mario Martín Gijón (2011), Toni Montesinos Gilbert (2012), Gabriel Insausti Herrero-Velarde (2014), Walter Cassara (2015), Álex Matas (2016), Miriam Moreno (2017), Marco Perilli (2018), Cristian Crusat (2019) eta Roberto Echavarren (2020).