Bideojokoak marketinaren ikuspuntutik aztertzea izan du helburu “Video game marketing: Players’ platform switching, in-game goods purchase, and flow experience” izeneko doktoretza-tesiak, Xiaowei Caik berriki NUPen defendatutakoak. Tesiaren zuzendariak José Javier Cebollada Calvo katedraduna eta Mónica Cortiñas Ugalde izan dira, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasle eta INARBE (Institute for Advanced Research in Business and Economics) ikerketa-institutuko kideak biak ala biak.
Tesiaren egileak dioen bezala, bideojokoei buruzko ikerketa akademikoa handituz joan den arren, entretenimenduaren arloko beste batzuei baino arreta gutxiago eskaintzen zaio oraindik industria horri. “Literatura berrikusiz, ikerketarako zenbait abagune identifikatu ditugu plataforma tradizionaletatik plataforma mugikorretara aldatzean izaten den portaeran, jokoaren barnean izaten den portaeran eta jokalarien flow esperientzian”, adierazi du Xiaowei Caik. “Flow” kontzeptua (fluxua, euskaraz) “guztiak murgiltze eta gozamen egoera bat sortzeko bat egiten duen une” horiei erreferentzia egiteko erabiltzen da, azaldu du Xiaowei Caik.
Tesia artikulu bilduma modalitatean egin da, eta artikulu bat eskaini zaio identifikatutako ikerketa-abagune bakoitzari. Lehenbizikoan, tentuz analizatzen da nolako faktoreek eramaten dituzten jokalariak bideojoko tradizionaletatik (ordenagailu bidezkoetatik) plataforma mugikorren bidezkoetara pasatzera. Bigarren ikerketak aztergai du zergatik eta nola erosten dituzten erabiltzaileek ondasun mota desberdinak jokoaren barnean. Azkenik, hirugarren azterlanean, “flow” esperientzia kontzeptualizatzen da bideojokoen testuinguruan, baita jokalari helduentzako “flow” disposizionalaren eskala bat garatu ere.
Foroak, elkarrizketa sakonak eta online panela
Lehenbiziko artikulurako, 340 lagin jaso ziren bideojokoen foroetan, online inkestaren metodoa erabiliz. Egileak ondorioztatu duenez, plataforma mugikorren bidezko jokoak ez dira joko tradizionalen tokia hartzen ari; aitzitik, lehenbiziko horiek modu osagarrian erabiltzen dira.
Bigarren artikuluan, egileak jokalariei egindako 21 elkarrizketa sakon aztertzen ditu, eta jokoan hiru ondasun mota erosten direla ondorioztatzen du: funtzioetan oinarritutakoak, probabilitateetan oinarritutakoak eta, azkenik, ondasun apaingarriak; horiek erosteko arrazoiak eta portaera-prozesuak askotarikoak dira.
Hirugarren artikuluak, berriz, aurretik deskribatutako “flow” eskala garatzea du helburu, eta, horretarako, egileak online panel bat erabili zuen xede populazioarengana iristeko. Garapen fase desberdinen ondoren, zeinek metodo kuantitatiboak nahiz kualitatiboak hartzen baitzituzten barne, hasierako item multzoa sortu zen, gero Espainiako bi unibertsitatetako bost adituk ebaluatu zutena. Ondoren, egileak hasierako item multzoa ebaki, aldatu eta baliozkotu egin zuen, zenbait fase kuantitatiboren bidez: aurreko proba, hasierako eskalaren baliozkotzea eta eskala aurreratuaren baliozkotzea, azken eskala lortu arte. Gainera, egiturazko ekuazioen eredua (SEM) erabili zen egitura- eta neurketa-ereduak kalkulatzeko. Garapen faseen ondoren, egileak 28 itemeko flow disposizionalaren eskala bat lortu zuen, Video Game Dispositional Flow Scale izenekoa (VGDFS). “Emaitzek erakusten dute aurreko eredu hierarkikoa dela egiturarik hoberena flow esperientzia irudikatzeko”, adierazi du tesiaren egileak.
Xiaowei Cairen curriculuma
Xiaowei Caik Sare Informatikoko Teknologiako Diplomatura lortu zuen Shanghaiko Dianji Unibertsitatean, baita Marketineko Gradua ere. Oviedoko Unibertsitatean jarraitu zuen karrera akademikoa, eta Turismoaren Zuzendaritzako eta Plangintzako Unibertsitate Masterra egin zuen han.
Xiaowei Caik NUPen egin du tesia, unibertsitateak berak emandako beka bati esker. Doktoretza aurreko lanean, egonaldi bat egin zuen Xi’aneko Jiaotong Unibertsitateko marketin-taldean. Nazioarteko zenbait kongresutan hartu du parte, honako hauetan besteak beste: “IV Doctoral Colloquium AEMARK 2018”, “XXX International Conference of Marketing AEMARK 2018”, “41 ISMS Marketing Science Conference” eta “43 ISMS Marketing Science Conference”. Era berean, nazioarteko errekonozimendua duten zenbait aldizkari akademikotan argitaratu ditu bere lanak, besteak beste “Entertainment Computing”, “PLOS ONE” eta “International Journal of Human-Computer Studies” aldizkarietan. Gaur egun, Xiaowei Caik doktoretza ondoko ikertzaile dihardu NUPen.