Joan eduki nagusira

Gustav Henningsen eta Marisa Rey-Henningsen senar-emazte ikertzaileek joan den urtean NUPi dohaintzan utzitako funts dokumentala antolatzeko eta deskribatzeko lehenbiziko faseak osatu ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP). Gustav Henningsenek sorginen fenomeno historiko eta antropologikoa eta, zehazki, Zugarramurdin, Urdazubin eta Baztanen izandako gertakariak ikertzera bideratu zuen bere karrera. Lanak bukatutakoan, dohaintzan emandako dokumentazioaren deskripzioa jendearen eskura jarri nahi dute, online. 

Orain arteko lanak Muraria enpresarekin eta, zehazki, Maite Díaz artxibozain eta argazki zaharren arloko adituarekin lankidetzan egin dira, bi fasetan, 2021ean eta 2022an. Lan horiek zailtasun maila handia zuten, dokumentazioa hizkuntza askotan baitzegoen (daniera, ingelesa eta alemana, besteak beste). Azkenik, materiala 178 instalazio-unitatetan multzokatu dute, eta 1.252 erregistro deskribatzaile, pertsonen 638 erregistro, gaien 409 erregistro eta tokien 193 erregistro identifikatu dituzte. 

Materiala 20 sailetan sailkatu dute, eta horietako bakoitza 5 klasetan: dokumentazio pertsonal eta familiarra, jarduera profesionala, pertsonen arteko harremanak, ikerketa-jarduera eta, azkenik, dibulgazio, proiekzio eta aintzatespen soziala. Bestalde, lehenbiziko hurbilketa bat egin dute sarbide mugatua izaten ahal duten dokumentuak identifikatzeko, hala nola korrespondentzia pertsonala edo egile eskubideek babestutako beste batzuk.

zoom Exposición Henningsen

Joan den urtean liburutegian Henningseni buruz egindako erakusketaren irudi bat.

Argazkien eta postalen garbiketa 

Lanen hasierako fasean, 2021ean, dokumentazioaren lehenbiziko identifikazio orokorra egin zuten, bai eta funtsa sailkatu eta antolatu ere, ahal zen neurrian Gustav Henningsenen jatorrizko antolaketa errespetatuz. Fase horretan berean, materialak garbitu eta kontserbazio iraunkorreko kutxa eta karpetetan jarri zituzten. 

Deskribatutako lan guztiak egin ondoren, XIX. mendearen bukaerako eta XX. mendearen hasierako familiaren argazkiak eta postalak sakonki garbitu beharko dira, eta, gero, haiek kontserbatzeko material egokietan instalatu. Bestalde, euskarri informatikoan dagoen dokumentazioa (emaileen ordenagailuetatik berreskuratua) paperezko formatuan eta jada identifikaturik dagoenarekin erkatu beharra dago.

Gustav Henningsenen legatua

Henningsen-Rey funts dokumental eta bibliografikoa Gustav Henningsenen ikerketa-proiektuetarako sortutako, jasotako edo bildutako dokumentuek eta liburuek osatzen dute, bereziki Espainiako sorginkeriaren eta Inkisizioaren azterketarekin lotutakoek eta nazioarteko komunitate zientifikoan eragin nabarmena izan dutenek. Bere artxibo pribatuaren parte bat ere badago, ikerketa horiek ulertzen eta testuinguruan kokatzen laguntzen duena. 

“Europako eta Espainiako hainbat erakunde publiko eta pribatuk agertu zuten interesa funts horiek jasotzeko, baina, aukerak aztertu ondoren, Henningsen-Rey senar-emazteek funts gehienak Nafarroako Unibertsitate Publikoari ematea erabaki zuten, eta parte txiki bat Galiziako Herriaren Museoari/Museo do Pobo Galegori eta Liburutegi Nazionalari”, azaldu du Iñaki Montoya Ortigosak Nafarroako Gobernuaren “Príncipe de Viana” aldizkari zientifikoaren separata batean, non dohaintzan emandako funtsen garrantzia azaltzen baita. 2020an, aldizkari horretan bertan, Ignacio Panizo Santosek senar-emazte ikertzaileen ibilbidea eta lana ere azaldu zituen.