Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak “Huarte de San Juan. Geografia eta Historia” aldizkariaren 29. zenbakia argitaratu berri du. Ikerketako 7 artikuluk osatzen dute, eta dosier berezi batean multzokatu dira horietako 5, “«Erlijiosoen bizimodua». Eliza Monarkia Hispanikoan (XVI.-XVII. mendeak), boterea, kultura eta dinamika sozialak” izenekoan. Gainera, bi argitalpenen erreseinak ere jaso ditu: “Sutarako liburuak eta debekatutako irakurketak. Bibliokausto frankista (1936-1948)” eta “Hezur-haragizko frankismoa. Onarpenak eta eguneroko erresistentziak (1939-1975)”.
Ana de Zaballa Beascoechea EHUko ikertzaileak zenbaki honen aurkezpenean azaldu duenez, azken hamarkadetan aztergai izan da Elizaren historiari nolako arreta eman zaion Aro Modernoko historiaren gaineko ikerketen parte gisara. “Ikerketa horiek hartu duten garrantziak historiografiaren funtsezko aldaketa aztertzen duten adituen arreta erakarri du, eta arlo horren aberastasunaren eta Elizaren Historiak mundu modernoa ulertzeko eskaintzen dituen gai, iturri eta aukera ugarien berri ematen du”.
Orain argitaratu diren lanek “zeharkakotasunaren balio erantsia dute, askotariko gaiak aztertzen baitituzte: pentsamenduaren analisia, Inkisizioaren prozesuak, ikonografia eta erlijiotasuna edo elizgizonek Indietan izandako eginkizun politikoa”, aipatzen da aldizkarian.
Lehenbiziko artikulua, Javier Burrieza Sánchezek idatzitakoa (Valladolideko Unibertsitatea), XVII. mendean Santa Teresaren mistikak erlijiotasun herrikoian izan zuen eragina aztertzen duen lan “oso interesgarria” da, eta “bat egiten du mojen komentuek Antzinako Erregimeneko gizartean izan zuten garrantzia nabarmendu duten ikerketekin”.
Bestalde, Javier Ruiz Astizek (Coruñako Unibertsitatea) “Inprenta eta inprimaki diziplinatzaileak: konfesoreen eskuliburuak bekatu higuingarriarentzat (XVI. mendetik XVIII.erakoak)” izeneko lana egin du, konfesoreen eskuliburuen bidez sodomia aztertzen duena. Eskuliburu horiek konfesoreen zalantzak argitzeko erabiltzen ziren, penitentziagileari behar bezala aholkatu ahal izateko. Artikulu horretan, Aro Modernoan Elizaren eta Koroaren helburu izan zen ohituren erreforma aztertzen du egileak, sodomia eta haren kalifikazioa nahiz argudiaketaren oinarriak ardatz hartuta.
Fabio Locatellik (Eloy Alfaro Unibertsitate Laikoa), berriz, artikulu hau aurkeztu du: “Limako Inkisizioaren Auzitegia eta solizitazio delitua XVII. mendeko Quitoko elizbarrutian”. Bertan, Inkisizioaren prozesuen iturriak erabiltzen ditu garai hartako pentsamendua, zioak eta arrazoibideak argitzeko, bai epaile, abokatu eta lekukoen kasuan, baita solizitazio delituaren errudunaren beraren kasuan ere. “Ikerlari askoren arreta erakarri duen delitu honek autoritate-abusua zigortzen zuen; apaizak konfesioan zuen autoritatea, alegia. Jakina, autoritatea berdina zen gizonen edo emakumeen aurrean, baina, azken kasu horretan, biktimak azpiratuz beren sexu-desirak asetzeko baliatzen zuten”, azaldu du Ana de Zaballak.
“Erregearen kapilauak. Kabildo eklesiastikoak eta kargu hutsak Manilako artzapezpikutzan (1598-1608)” izenburua du dosierreko laugarren lanak. Egilea Alexandre Coello de la Rosa da (Pompeu Fabra Unibertsitatea), eta Manilako kabildo eklesiastikoen eginkizunaren eta boterearen gaian sakondu nahi du, batez ere artzapezpikutzak hutsik egon ziren aldiei dagokienez. Kabildo horiek, argitalpenean adierazten denez, Indietako gizartearen lehentasunezko tokietako bat ziren botere-sare kreoleak ehuntzeko.
Monografikoa bukatzeko, Anna Busquetsek (Kataluniako Unibertsitate Irekia) “Juan de Palafox apezpikua eta Txina: Ming-Qing aldaketa dinastikoa Mexikotik kontatua” artikulua argitaratu du. Pueblako apezpikuak “mundu osoan oihartzuna izan zuen Txinako lehenbiziko gertakaria” delakoari buruz egindako lana aztertzen du egileak, hots, mantxuek Txina konkistatu izanari buruzkoa, Palafoxek sakonki aztertu baitzuen gertakari hura. Juan de Palafoxen ‘Tartaroak Txina konkistatu zueneko historia’ izeneko idazkia baloratzeko, egileak “zehaztasunez azaltzen ditu haren prestakuntza bikaina, bete zituen enkargu eta kargu ugariak eta, beraz, Ekialdeko monarkia handiaren aldaketak aztertzeko erabiltzen dituen ikuspuntua eta informazioa”. Ana de Zaballak adierazten duen bezala, lan honekin beste ikuspegi bat zabaltzen da lurralde haietan jesuiten idazkietan monopolizatuak egon ziren Ekialdeko gertaerak aztertzeko. Palafoxek, gainera, gogoeta politiko baliagarri batzuk gehitu zituen, haren ustez une hartan Monarkia Hispanikoari aplikatzen ahal zitzaizkionak.
Beste egile eta aipamen batzuk
Aldizkariaren zenbaki honetan, beste bi lan jaso dira: “Lugoko katedraleko obrak XVIII. mendearen bigarren erdian: Antonio Cosentino de Tejadaren eragina”, Marcos Gerardo Calles Lombao Lugoko Katedralaren Elizbarrutiko Museoaren zuzendariarena, eta “Itsasargien argitan. Justizia iraultzailea Vallecasko udalerrian (1936ko uztaila - 1937ko otsaila)”, Fernando Jiménez Herrera k idatzia (Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea).
Horrez gain, “Sutarako liburuak eta debekatutako irakurketak. Bibliokausto frankista (1936-1948)” eta “Hezur-haragizko frankismoa. Onarpenak eta eguneroko erresistentziak (1939-1975)” lanen aipamenak ere jaso dira. Lehenbiziko liburua, Ana Martínez Rusek idatzia (Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea), Mugimendu Nazionalak “Espainiaren aurkako” bibliografiaren ondarea suntsitu zueneko kasurik esanguratsuenak zehatz-mehatz aztertzen saiatzen da banan-banan. Bigarrenean, Gloria Román Ruiz egileak aditzera ematen du nolako garrantzia duen eguneroko bizitza kontatzeak gertakari historikoen ahalik eta ikuspegirik osoena lortzeko, eta hori “funtsezkoa da diktadura frankistaren testuinguruan, adierazpen-askatasuna eta oinarrizko beste eskubide batzuk murriztuak baitzeuden eta, beraz, herritarren iritzi eta jarrerak ez baitziren eremu publikoan erakusten. Beharrezkoa da haiengana hurbiltzea, eguneroko bizitzaren ikerketaren bitartez gauza txikiak aztertuz, ez baitira diruditen bezain txikiak”.