Nafarroako Unibertsitate Publikoko Jaime Brunet Fundazioak Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet 2022ko Nazioarteko Sariaren deialdia argitaratu du. Giza eskubideen defentsa sustatu eta hedatzea, eta pertsonen duintasunaren aurka egiten duten egoera eta tratu krudelak edo iraingarriak behingoz amai daitezen laguntzea da deialdi horren xedea. Hautagaitzak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da, eta saridunari diploma bat, figura oroigarri bat eta 36.000 € gordin emanen zaizkio.
Saria 1998. urtetik aurrera eman da, eta giza eskubideen alde norbaitek egindako lana edo ibilbide osoa saritu nahi du. Hautagaitzak fundacion.brunet@unavarra.es helbide elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira eta deialdiaren oinarriak Brunet Fundazioaren webgunean daude kontsultatzeko.
Jaime Brunet Fundazioak izendaturiko epaimahai batek aztertuko ditu proposamenak. Epaimahaia Nafarroako Unibertsitate Publikoan bilduko da. Brunet Sariaren erabakia abenduaren 10ean aldarrikatuko da, egun horretan ospatzen baita Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren urteurrena.
Saria jasotzeko aukera dute pertsona fisikoek, lantaldeek eta erakundeek edo organismoek, zein den ere beren egoera edo nazionalitatea. Hautagaitzak espainieraz, euskaraz, frantsesez edo ingelesez aurkezten ahal dira, interesdunek berek edo bestelako pertsona edo erakunde batek eskaturik, Fundazioaren webgunean eskuratzen ahal den eredu ofiziala erabiliz. Proposamenek txosten arrazoitu bat eduki beharko dute, eta hautagaitzaren aldeko hamar iritzi arrazoitu aurkezten ahalko dituzte gehienez ere.
Brunet Fundazioa
Brunet Fundazioa Jaime Brunet Romero jaunak sortu zuen, eta haren helburua da giza eskubideak dibulgatzea eta haien alde egindako lanarengatik aitorpen hau jasotzeko merezimenduak dituztenak saritzea. Jaime Brunet jaunak bere ondasun guztia fundazio horri eman zion, eta haren kudeaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren esku utzi zuen. Fundazioan beste pertsona ospetsu batzuek ere hartzen dute parte.