Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Gobernu Kontseiluak energia aurrezteko zenbait neurri onetsi ditu krisi energetiko globalari eta kostuen igoerari aurre egiteko; izan ere, kostuen igoeraren ondorioz hirukoiztu egin da NUPen faktura energetikoa. Lau multzo handi hauetan daude sailkatuak neurriak: kontrol zentralizatuarekin zerikusia duten jarduketak, antolamendurako neurriak, inbertsio ekonomikoak instalazioetan eta sentsibilizazio neurriak. Neurri garrantzitsuenen artean, nabarmendu beharra dago aldatu egin direla barnealdeko tenperaturaren erreferentzia-balioak, neguan 20 gradu eta udan 26 gradu izanen baitira hemendik aurrera. Bestalde, tenperatura eskuz erregulatzeko aukera kendu da, baita nork bere klimatizazio gailua erabiltzekoa ere, lan osasunekoek espresuki eskatutako kasuetan izan ezik. Gainera, uztailean eta abuztuan 15:30ean geldiaraziko dira hotza sortzeko sistemak.
Neurri horiez gain, Unibertsitateak beste neurri batzuk hartu ditu behar duen energia campusean bertan sortzeko ahalmena handitzearren. Neurri horien artean dago energia fotovoltaikoa sortzeko sistema bat instalatzea Arrosadiko campusean, “UPNA Green Smart & Sustainable Campus” proiektuaren bidez: plaka fotovoltaikoak instalatuko dituzte Arrosadiko campusean, eta ia 40.000 metro karratuko azalera hartuko dute. Europar Batasunaren Next Generation Funtsen Errekuperazioko eta Erresilientziako Mekanismoaren bidez dago finantzatua proiektu hori, eta aurreikusten du 2024rako campus jasangarria eta adimenduna izatea NUP, eta iturri ez-berriztagarrietako kontsumoa % 30 eta faktura % 40 murriztea.
Antolamendua, argiak, efizientzia eta aurrezteko sentsibilizazioa
Hauek dira antolamenduaren aldetik hartutako neurrietako batzuk: zenbait eremu ixtea urte sasoiaren eta une akademikoaren arabera, beharrezkoak ez diren argi apaingarriak deskonektatzea, laborategietako ekipoen etengabeko funtzionamendua berraztertzea eta efizientzia energetikoari buruzko klausulak eranstea ekipamendua erosteko kontratazio orrietan.
Inbertsioei dagokienez, efizientzia energetikoaren plana martxan jartzea aurreikusten da. Ekoizpen elektrikoaren arloan, Arrosadiko campusean instalatuko diren plaka fotovoltaikoez gain, Tuterako campusean ere handituko da ekoizpen fotovoltaikoa, eta Mutiloako eraikinean aerotermia sistema bat instalatzeko aukera aztertuko da. Bestalde, Unibertsitateko eraikinak isolatzeko plan bat idatziko da, hormigoizko guneetako itxiturak eta barnealdeetako isolamenduak hobetuko dira, eta pertsianak jarriko dira hegoaldera begira dauden fatxadetan.
Sentsibilizazio neurriei dagokienez, unibertsitateko komunitateko kideei ohartarazi zaie, besteak beste, bulego eta ikasgeletako argiak itzali beharraz premiazkoak ez direnean, energia aurrezten laguntzeko.