Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) campus jasangarria eta adimenduna izanen da bi urteren buruan; izan ere, iturri ez-berriztagarrietatik sortutako energia kontsumoa % 30 baino gehiago murriztuko du zenbait jarduketa eginez. Horretarako, 3,8 milioi euro erabiliko ditu, parterik handienean Europar Batasuneko Next Generation Funtsen Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoen bidez finantzatuak, Eraikin Publikoak Berritzeko Planaren barrenean.  

Proiektuaren garapena arautzeko, hitzarmen bat sinatu dute gaur, ekainak 14, asteartea, Unibertsitateak eta Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak, zeinak Espainiako Gobernuaren Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren funtsak transferituko baitizkio NUPi. Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak eta Ana Burusco Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko zuzendari nagusiak sinatu dute hitzarmena unibertsitateko komunitateko ordezkari batzuei hitzarmenaren edukia aurkezteko ekitaldi batean. Foru Gobernuaren izenean, Juan Cruz Cigudosa Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria ere izan da ekitaldian. 

zoom Campus sostenible

Ezkerretik eskuinera, Ana Burusco Unibertsitateko zuzendari nagusia; Ramón Gonzalo NUPeko errektorea; Juan Cruz Cigudosa Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria; eta Pablo Sanchis ISCko ikertzaile eta katedraduna.

Plaka fotovoltaikoak eta energia biltegiratzeko eta ibilgailuak kargatzeko puntuak

Zehazki, “UPNA Green Smart & Sustainable Campus” izeneko proiektuan, plaka fotovoltaikoak instalatuko dira Arrosadiko campusean, eta 14 000 bat metro koadroko azalera hartuko dute. Bestalde, ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak jarriko dira campuseko zenbait lekutan, eta, aurrerago, beste fase batean, sobratzen den energia biltegiratzeko sistemak instalatuko dira. 

Proiektuan aurreikusia dago, halaber, jarduketak kontrolatzeko eta monitorizatzeko sistema bat instalatzea, eta energia kudeatzeko sistema adimendun bat garatzea campusean kontsumitzen eta sortzen den energia ahalik eta hobekien aprobetxatzeko. Helburua, beraz, teknologia horiek guztiak sistema energetiko zentralizatu, jasangarri eta adimendun batean integratzea da; sistema horrek modua emanen du campusak behar duen energia guztia produzitzeko bidean aurreratzeko eta erabiliko dituen teknologiak ingurune industrial, komertzial eta hirikoetan aplikatzeko modukoak direla erakusteko. 

Jarduketa-kronogramari dagokionez eta aurreikuspenen arabera, uztailean entregatuko da proiektua, 2023an instalatuko dira eguzki-plakak, eta 2024an, azkenik, ibilgailuak kargatzeko puntuak jarriko dira.

zoom Campus sostenible2

Pablo Sanchis “UPNA Green Smart & Sustainable Campus” proiektua azaltzen.

Campuseko autokontsumo elektrikoa % 45etik gorakoa izanen da

Proiektuaren arabera, 3,1 MWp (pikowatt) inguruko modulu fotovoltaikoak instalatuko dira campuseko eraikinetan, eta urtean 3,9 GWh (gigawatt ordu) elektrizitate sortuko dute gutxi gorabehera. Elektrizitate horretatik, % 80 baino gehiago campusean kontsumituko da, eta, horri esker, campuseko autokontsumo elektrikoa % 45etik gorakoa izanen da, ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuetan kontsumituko den energia barne dela. Azkenik, campusean kontsumitzen ez den energia, hau da, tamaina ertaineko 250 etxebizitza ingururen kontsumoaren kantitate baliokidea, sare elektrikora eramanen da.

Campuseko energia-kontsumo globalari dagokionez, hots, elektrizitatea ez ezik gas naturalaren kontsumoa ere barne hartuta, energia primario ez-berriztagarrien kontsumoa % 30 baino gehiago murriztuko da sorkuntza fotovoltaikoari esker, gorago adierazi bezala, eta hori lagungarria izanen da Energiaren eta Klimaren Plan Nazional Integratuaren (PNIEC) eta Nafarroako Plan Energetikoaren helburuak betetzeko.

Ikerketaren ikuspegitik, NUPeko Smart Cities Institutua (ISC) dago batez ere proiektuan sartua, eta, zehazki, Pablo Sanchis Gúrpide, Julio Pascual Miqueleiz, Alfredo Ursúa Rubio, Alberto Berrueta Irigoyen, Idoia San Martín Biurrun, Ernesto Barrios Rípodas eta Luis Marroyo Palomo ikertzaileak, INGEPER ikerketa-taldeko kideak denak (Ingeniaritza Elektrikoa, Potentzia Elektronika eta Energia Berriztagarriak). Azpiegitura eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuarekin ere lankidetza estuan aritu dira, haren zuzendari Santiago Álvarezekin eta Miguel Berazalucerekin bereziki.