Amaya Erro, Elena Aramendia eta Belkis Rojas Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek 16.000 euro lortu dituzte duela gutxi ebatzi den “Ikerketa Soziologikoen Zentroarentzat interesekoak diren gaiei buruzko prestakuntzarako eta ikerketarako dirulaguntzen deialdian”. Soziologiaren arloko zenbait alderdi ikertuko dituzte, eta alderdi horiek zer-nolako lotura duten COVID-19aren pandemiarekin.
Espainia osoko ikertzaileei zuzendua dago deialdia, eta norgehiagoka-erregimenean esleitzen dira dirulaguntzak. Edizio honetan hamar dirulaguntza eman dira, eta horietako bi NUPeko ikertzaileek aurkeztutako proposamenak ikertzeko.
Zehazki, Amaya Errok eta Elena Aramendiak aurkeztutako proposamenak —pandemian izandako telelanaren esperientzia aztertzekoak— ikerketa-taldeen modalitatean emandako 10.000 euroko 5 laguntzetako bat lortu du; Belkis Rojasek, berriz, banakako 3 laguntzetako bat, 6.000 eurokoa, “Espainiako familiek pandemiari buruz izandako iritzien eta jarreren bilakaera” ikertzeko.
Amaya Erro eta Elena Aramendia NUPeko Enpresen Kudeaketa Saileko ikertzaile eta irakasleek aurkeztu duten proiektuaren helburua da pandemiaren ondorioz martxan jarritako telelaneko esperientziak nolakoak izan diren aztertzea, lan modalitate horrek berrikuntzak ekartzen baitizkio antolamenduari eta, lantokirako joan-etorriak murrizten dituenez, lagungarria baita trantsizio ekologikorako. Hori dela-eta, telelaneko modalitatean langileek nolako esperientzia izan duten jakin nahi dute, eta generoaren gaia ere aztertu; izan ere, ikusi da “pandemia zela-eta emakumeek erabili zutela gehiago telelana”.
Ikerketan aztertuko dituzten gaietako batzuk honako hauek dira: pandemian telelana egin zutenek nolako ezaugarri demografikoak zituzten deskribatzea, konfinamenduan etxetik zer lan mota egin ziren argitzea, telelana egiteko zer baliabide teknologiko eta finantzaketa-iturri erabili ziren identifikatzea, hemendik aurrera telelanean aritzeko zer perspektiba dauden aztertzea, eta lan modalitate hori genero ikuspegitik ikertzea.
Familien iritzia
Bestalde, Belkis Rojas Soziologiako Saileko ikertzaileak, NUPeko I-COMMUNITAS ikerketa-institutuari atxikia dagoenak, Espainiako familiek pandemiari buruz izandako iritzi eta jarreren bilakaera aztertuko du; izan ere, soziologoak adierazi duenez, “etxean konfinatuak egoteak aldaketa asko ekarri zizkien dinamika familiarrei”.
Ikerketaren helburu nagusia da pandemiaren ondorioz familiek izandako iritzien eta eraginen bilakaera ebaluatzea, eta familien barreneko komunikazioan, kohesioan eta egokitzapenean gertatu ziren aldaketak sistematizatzea.
Horretarako, Ikerketa Soziologikoen Zentroak 2020tik 2022ra bildutako datuen analisia eginen du, koronabirusaren eragin eta ondorioekin zerikusia duten datuena batik bat. Horretaz gainera, beste aldagai batzuk ere hartuko ditu kontuan, hala nola jendearen bizimodua, klase soziala eta klase sozialaren identifikazio subjektiboa aldarazi duten alderdi nagusiak, eta konparatu eginen ditu autonomia-erkidego batzuen eta besteen errealitateak.
Ikerketaren emaitzak erreferentzia izanen dira geroagoko ikerketetarako, bai eta familia-politikak diseinatzeko ere, eta, bereziki, osasun-larrialdiek sistema familiarretan izaten dituzten ondorioak arintzeko balioko duten babes sozialeko sistemak diseinatzeko etorkizunean.