Joan eduki nagusira

Eduardo José Jarauta Ayensa, David Lumbreras Magallón eta Elieser Ernesto Gallego Martínez izan dira lehenbiziko, bigarren eta hirugarren sarien irabazle, hurrenez hurren, Twitterreko dibulgazio zientifikoari buruzko NUPen #HiloTesis lehiaketan. Izen bereko lehiaketa nazionalaren tokiko fasea izan da. CRUE Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak antolatzen du lehiaketa hori, eta bertan parte-hartzaileek beren ikerketen edukia azaldu behar dute elkarren artean loturiko txioen hari baten bidez. Txioak ezin dira 20 baino gehiago izan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin den fasea bertako ikasleei dago zuzendua, eta 200, 100 eta 50 euro izan dira kategorietako bakoitzeko sariak. Irabazleak, gainera, lehiaketaren fase nazionalean hartu du parte. Hauek irabazi dute fase nazionala: Lara Sanoguera Miralles, Valladolideko Unibertsitatekoa; Elena Cristina Rodríguez Garlito, Extremadurako Unibertsitatekoa; Maialen Beltran Arreche, Gironako Unibertsitatekoa; eta Daniel Pattier Bocos, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsekoa. Tesiaren azalpena argigarriagoa izan zedin, lehiakideek irudiak, bideoak, emotikonoak, gifak edo sare sozialetan erabili ohi diren bestelako elementuak baliatzen ahal zituzten. Apirilaren 19ko 00:00etatik apirilaren 30eko 23:59 bitarte argitaratu behar zuten haria.

NUPen egindako lehiaketan, Unibertsitateko doktoretzako ikasleek edo tesia lehiaketa hasi aurreko sei hilabeteetan defendatutakoek hartzen ahal zuten parte. Irabazleek landutako gaiei dagokienez, Eduardo Jarautaren tesia (oraindik defendatu gabea) gaur egungo erronkei erantzuna emateko gai diren mikrouhin gailuen diseinuari buruzkoa da. David Lumbrerasek, berriz, 2021eko urrian irakurri zuen doktoretza-tesian energia bihurtzeko topologia berri bat planteatu zuen instalazio fotovoltaiko handien kostua murrizteko. Elieser Gallego, hirugarren saria jaso duena, mikrouhin gailu berrien diseinua ikertzen ari da bere tesian.

zoom Ganadores

Irabazleak NUPen. Ezkerretik eskuinera: David Lumbreras, Eduardo Jarauta eta Elieser Gallego.

Saritutako lanak, zehatz-mehatz 

Eduardo Jarautaren tesiak, zeina Francisco Falcone Lanas Smart Cities Institutuko (ISC) zuzendari eta NUPeko irakasleak gidatzen baitu, komunikazioen egungo erronkak konponduko dituzten mikrouhin gailuak diseinatzea du helburu. Zehazki, moldakorragoak, txikiagoak eta merkeagoak izatea bilatzen ari dira, bai eta prestazio hobeak edukitzea ere. Doktoregaiak azaldu duenez, hori lortzeko ezaugarri elektromagnetiko bereziak dituzten partikula erresonanteak erabiltzen ari dira. “Egiturak pilatuta, gailuen tamaina nabarmen murriztea lortu dugu eta, hedaduraz, baita gailuen prezioa ere”, adierazi du Eduardo Jarautak.

Bestalde, David Lumbrerasek, Pablo Sanchis Gúrpide eta Ernesto Barrios Ripodas zuzendari izan dituen tesian, energia bihurtzeko sistema berri bat diseinu zuen instalazio fotovoltaiko handietan erabiltzeko. Zehazki, inbertsore berri bat diseinatu eta baliozkotu zuen, hots, panel fotovoltaikoetako korronte jarraitua korronte alterno bihurtzeko balio duen elementu bat. “Proposatuko irtenbidearekin instalazioko kableatuaren kostua nabarmen murriztea lortzen da, eta, gainera, maiztasun txikiko transformadoreak erabiltzea saihesten da. Horri guztiari esker, bihurketa-sistemaren kostua murrizten ahal da, eta, hortaz, etorkizun handiko alternatiba da”, azaldu du David Lumbrerasek.

Azkenik, Elieser Gallego lantzen ari den tesiaren helburua da zuntz optikoan oinarritutako sentsoreak diseinatzea interes biomedikoko parametroak neurtzeko. Carlos Ruiz Zamarreño eta Ignacio Matías Maestro NUPeko irakasle eta ISCko kideen zuzendaritzapean egiten ari da tesia, eta, proposamen berritzaile gisa, planteatzen du espektro infragorriaren eremuan lan egitea espektroaren eremu horretan gorputzek duten erradiazio naturala aprobetxatzeko, eta xurgapenean oinarritutako neurketak erabiltzea gasak detektatzeko. Helburu horiek lortzeko, egiturak eskala nanometrikoetan fabrikatzeko teknikak erabiliko dituzte, hala nola ALDa (Atomic Layer Deposition) eta lainoztatze katodikoa.