Sara León Ecay Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Graduaren Nazioarteko Programako tituludunak (2016-2020) Francisco de los Ríos eta Tomás Villanueva sariak jaso ditu, Master Amaierako Lan Onenari eta Masterreko Espediente Onenari emandakoak hurrenez hurren, Aragoiko, Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ingeniarien Elkargo Ofizialaren eskutik.
Sara Leónek NUPeko Animalia Ekoizpenaren Arloan garatzen du bere lan profesionala. NUPen bertan egin zuen Nekazaritza Ingeniaritzako Masterra eta 9,253 batez besteko notarekin amaitu zuen. Kizkitza Insausti Barrenetxea eta Ainara López Maestresalas irakasleen zuzendaritzapean egindako Master Amaierako Lanean txahal-haragia sailkatzeko eredu ez-suntsitzaile bat proposatu zuen, haragia samurtasun-mailaren arabera sailkatzekoa.
Sarituak azaldu duen bezala, haragi-industriak haragiaren kalitatea ikuskatzeko tresnak garatzeko duen beharrari erantzuten dio bere lanak, hain zuzen ahalik eta giza esku-hartze txikiena behar duten eta datuak modu ez-suntsitzaile, azkar eta zehatzean ematen dituzten tresnak garatzeko beharrari. “Horregatik, metodo eta teknika ugari garatu dira, batzuek produktuen kalitatea ebaluatzeko erabiltzen diren teknika tradizionalak ordeztu egiten dituzte, eta beste batzuek osatu”, adierazi du. Ildo horretan, “irudi hiperespektralak erabiltzeak aztertu beharreko laginak modu eraginkorragoan karakterizatzeko aukera ematen du, laginen informazio espektrala eta espaziala ematen baitute, eta, horri esker, kalitate-parametroak iragartzeaz gain, espazioan ere kokatzen ahal baitira”, esan du.
Sara León Ecayren ibilbidea
NUPen ikasten ari zela, Sara Leónek bi Erasmus egonaldi egin zituen: bata Mendel University of Brnon unibertsitatean (Txekiar Errepublika) eta bestea Agricultural University of Athensen (Grezia). Horrez gain, NUPeko Ingeniaritza Saileko eta Informatika, Estatistika eta Matematika Saileko lankidetzarako bekaduna izan zen 2020-2021 eta 2018-2019 ikasturteetan, hurrenez hurren.
Saridunak, gainera, 'NUPen Korrespontsalak' proiektuan hartzen du parte. Proiektu horretan egresatuak bigarren hezkuntzako ikastetxeetara joaten dira beren ikasketen amaierako lanen edukia azaltzera, belaunaldi gazteenak motibatzeaz gain, haiengan ezagutzarekiko eta zientziarekiko jakin-mina piztu eta Unibertsitateak eskaintzen dituen ikasketak ezagutzen laguntzeko xedez.