Azaroan biologia sintetikoko iGEM lehiaketaren finalean parte hartuko duten Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) 14 ikasleak Institute for Multidisciplinary Research in Applied Biology erakundeak antolatutako hitzaldi batean izan ziren, NUPen. Hizlaria Víctor de Lorenzo zientzialaria izan zen, Ingurumeneko Mikrobiologia Molekularreko Laborategiko ikertzaile eta arduraduna Bioteknologiako Zentro Nazionalean, CSICen (Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Zentroa).
Ondoren, bilera pribatu bat egin zuten, NUPeko Biologia Sintetikoaren Katedrak antolatua, zeinak taldearen parte-hartzea babesten baitu Elikagaien Teknologia eta Segurtasunerako Zentro Nazionalarekin (CNTA) sinatutako hitzarmen baten bidez. Bilera horretan, ikasleek aukera izan zuten Víctor de Lorenzori proiektua aurkezteko, baita jarraitu beharreko estrategia ikertzailearekin komentatzeko eta haren aholkuak jasotzeko ere. “Oso bilera interesgarria izan zen ikasle taldearentzat eta Biologia Sintetikoaren Katedratik etorritakoentzat”, adierazi du Esther María González katedraren zuzendariak.
iGEM lehiaketan parte hartuko duten ikasleak eta NUPeko Biologia Sintetikoaren Katedrako kideak, hizlariarekin (aurreko lerroan), NUPeko Olibondoak eraikinean.
Biologia sintetikoko iGEM nazioarteko lehiaketak (International Genetically Engineered Machine) biologia sintetikoa gizartera hurbiltzea eta teknologia berri horrek duen indar guztia erakustea du helburu. Biologia sintetikoa genetikarekin eta ingeniaritzarekin lotutako zenbait teknika konbinatzen dituen diziplina bat da, naturan aurkitzen ez diren funtzio berriak dituzten sistema biologikoak edo mikroorganismoak diseinatzera bideratua. NUPeko taldea Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIBGMET) Zientzietako, Biozientzietako eta Datuen Zientziako graduetako ikaslez dago osatua.
iGEM lehiaketa
iGEM lehiaketak MITeko (Massachusetts Institute of Technology) ikastaro batean du sorburua, 2003an. Ikasleek gailu biologikoak garatu behar izan zituzten ikastaro horretan. 2004ko udan hasi zen lehiaketa, eta, ordutik hona, mundu osoko taldeak bildu ditu, hiru kategoriatan: bigarren hezkuntzako ikasleena, unibertsitateko ikasleena eta graduondoko ikasleena.
Ekimena 40 herrialdetara baino gehiagotara zabaldu da, eta, horregatik, mundu mailan biologia sintetikoko lehiaketarik handiena dela esaten da. Komunitate ireki eta kooperatibo baten garapena sustatzen du, parte hartzen duten taldeen arteko lankidetzaren eta lagunarteko lehiaren bidez.