Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoa liderra da NEMOS proiektuan, hots, “zerbitzu eginez ikasi” metodologia baliatuta jasangarritasunaren arloko gaitasunak eskuratzeko hezkuntza-eredu berrian. Hezkuntza-berrikuntzako proiektu hau Erasmus + deialdiaren barnean kokatzen da, eta Europar Batasunak finantzatzen du beste batzuekin batera. 285.882 €-ko aurrekontua du eta 26 hilabeteko epean gauzatu behar da.

zoom NUPen bildu ziren proiektuko kideen taldeko argazkia.

NUPen bildu ziren proiektuko kideen taldeko argazkia.

Proiektua orain hasi da, kide parte-hartzaileak NUPen bildu dituen lehenbiziko topaketa batean. Honako hauek bertaratu dira: Iosune Cantalejo, Maite Aldaya, Carlos Vilches, Jorge Elso, Miren Andueza, Begoña Ballaz eta Xabi Angós, NUPen aldetik; Alessio Cavicchi eta Annapia Ferrara, Pisako Unibertsitatearen aldetik (Italia); Julie Dunne, Catherine Barry-Ryan eta Cormac MacMahon, Dublingo Unibertsitate Teknologikoaren aldetik (Irlanda); Sami Ghnimi, ISARA Rhone Alpes Nekazaritzako Goi Mailako Institutuaren aldetik (Lyon, Frantzia); Michael Murkovic, Grazeko Unibertsitate Teknologikoaren aldetik (Austria); eta Fabrizia Toccoli, Bartzelonako IGCAT International Institute of Gastronomy, Culture, Arts and Tourism Institutuaren aldetik (Espainia).

Pedagogia berdeen eta “zerbitzu eginez ikasi” metodologiaren bidez jasangarritasunaren arloko gaitasunak eskuratzeko egokia den hezkuntza-eredu berri bat definitzea da helburu nagusia. “Zerbitzu eginez ikasi” metodologia ikaskuntza esperimentala eta komunitatearentzako zerbitzuak uztartzen dituen hezkuntza-ikuspegi bat da. Testuinguru horretan, NEMOSek hezkuntza-eredu bat eskainiko du, bai eta irakasleentzako tresnak eta hezkuntza-praktiken patroiak ere, jasangarritasunaren arloko gaitasunen eskuratzea ikaslearen curriculumean txerta dadin.

Proiektuko kideek garatuko duten ereduak jasangarritasuna eta elikadura lotzen ditu, hots, Garapen Jasangarrirako Helburuetako bi (GJH). Iosune Cantalejo NUPeko irakasle eta proiektuaren koordinatzaileak azpimarratu duenez, “datozen hamarkadetan jasangarritasuna gizartea gidatuko duten balioetako bat izanen da, eta, hortaz, funtsezko gaitasun bat izanen da graduko ikasleentzat; izan ere, zenbait erronkari egin beharko diete aurre, hala nola klima-aldaketari edo elikagaien xahutzeari edo galerari, baliabide naturalak behar bezala ez erabiltzearen ondorioz”.

Adierazi duenez, “NUPen kasuan, Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako Graduaren barnean garatuko dugu eredua. Eredua probatu eta baliozkotu ondoren, beste titulazio batzuetan erabiltzen ahalko da”.

Ardatz nagusiak

Proiektuan lau ardatz nagusi ezarri dira: eraikuntza komunitarioko metodologia baten bidez elikadura-jasangarritasuneko profil bat definitzea; “zerbitzu eginez ikasi” metodologiaren eta pedagogia ekologikoaren bidez jasangarritasunaren arloko gaitasunak eskuratzeko egokia den hezkuntza-eredu berri bat definitzea; “zerbitzu eginez ikasi” metodologiaren bidez elikadura-jasangarritasuneko eskuliburu metodologiko bat definitzea; eta “zerbitzu eginez ikasi” metodologiako praktiken bidez ebaluazio tresnak definitzea.