Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) proiektu bat koordinatzen du Erasmus+ programako “Berrikuntzarako Aliantza” lerroaren barrenean. Proiektuan, Europako lau eskualdek hartzen dute parte. Hain zuzen, Jasangarritasunerako Espezializazio Adimenduneko Estrategiak diseinatuak dituzten eskualdeak dira (S4, ingelesezko sigla), eta haietako unibertsitate publikoek konpromisoa hartua dute halako estrategiak garatzeko. ARIES4 deitzen da aliantza, eta Nafarroa, Valmart (Suedia), Hegoaldeko Danimarka eta Gabrovo (Bulgaria) eskualdeetako entitate hauek osatzen dute: NUP, Karlstadeko Unibertsitatea, Hegoaldeko Danimarkako Unibertsitatea eta Gabrovoko Unibertsitate Teknikoa, batetik; enpresa publiko eta pribatu batzuk, bestetik, eta Lanbide Heziketako zenbait zentro azkenik. Proiektuak 1,7 milioi euroko aurrekontua du 3 urterako, eta Europar Batasunak 1,36 milioi finantzatzen ditu zenbateko horretatik.

NUPez gain, aliantzan badira Nafarroako berrikuntzako ekosistemako beste kide batzuk ere: Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua, Sodena sozietate publikoa eta Nagrifood eta Enercluster klusterrak. Elikatze-katea du ardatz lehenbiziko klusterrak, eta energia berriztagarriak bigarrenak, hots, S4 estrategien artetik Nafarroan lehentasuna duten bi lerro. ARIES4 proiektuaren zuzendaria Martín Larraza Kintana da, NUPeko Enpresen Kudeaketako katedraduna eta INARBE ikerketa-institutuko ikertzailea.

zoom Aries

ARIES4 proiektuko teknikariak, NUPen. Lehenbiziko lerroan, proiektuko kide diren Nafarroako hiru erakundeetako ordezkariak. Ezkerretik eskuinera: Luis Goñi (Sodena), Martin Larraza (proiektuaren arduraduna, NUP) eta María Rozas (Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua). Atzeko lerroan, ezkerretik eskuinera: Miren Andueza, Iñigo Virto, Mónica Cortiñas, Katrin Simón, Iñigo de la Parra, Emilio J. Domínguez eta Nuria Osés (NUPekoak denak); Luis Orus, Camino Zabaleta (Hezkuntza Departamentukoak), Daniel Mazo eta Virginia Gómez (Sodenakoak), Cristina Aranda (Hezkuntza Departamentukoa) eta María Jesús Campión (NUP).

Europar Batasunaren deialdira 301 proposamen aurkeztu ziren, baina 117k soilik lortu zuten finantzabidea (proposamenen % 39k). NUPek 84 puntu lortu zituen (batezbestekoa 70 puntu ziren), eta proiektuaren formulazioa eta partzuergoaren eraketa balioetsi zituzten bereziki. Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren eta Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiaren babesa izan zuen proposamenak.

Proiektuaren helburuak 

ARIES4ren helburu nagusiak dira espezializazio adimentsuko estrategiei buruzko jakintza sortzea eta trukatzea aliantzako eragileen artean (unibertsitateak, LHko zentroak, sektore publikoa eta pribatua eta gizartea oro har), eta halako estrategiak monitorizatzeko tresnak diseinatzea. Horretaz gainera, negozio eredu jasangarriagoetarako trantsizioa sustatu nahi du proiektuak, eta horretarako jardunbide egokietan oinarritutako prestakuntza-programak garatu, analisirako baliabideak sortu, eta trantsiziorako behar diren trebetasunak eman.

Bestalde, berrikuntzako ekosistemetako eragile nagusien pentsamoldea, jarrera eta ekintzailetasuna bultzatu nahi dira, eta arreta berezia jarriko zaie ikasleei (unibertsitateetakoei zein Lanbide Heziketakoei). Finean, aldaketa horiek guztiak jasangarritasunerako trantsizioa lortzera bideratuko dira. Azkeneko helburua eskualdeen artean komunikazio egiturak sortzea da, proiektu honetan ikasitakoa Europako beste toki batzuetara zabaltzeko. 

Espezializazio Adimenduneko Estrategia Nafarroan

Espezializazio Adimenduneko Estrategiak eskualdeen garapen ekonomikoko ereduak dira, Europar Batasunak bultzatuak, eta haien xedea da eskualde bakoitzak lehiarako dituen arlo ekonomiko abantailatsuenetan kontzentratzea baliabideak, kontuan hartuta nolako potentzial ekonomikoa eta zientifiko-teknologikoa duen eskualdeak eta nolako bilakaera izan duen eskariak. Nafarroak, zehazki, honako sei lerro estrategiko hauek ditu: mugikortasun elektrikoa eta konektatua, elikadura osasungarria eta jasangarria, energia berdearen industria, medikuntza pertsonalizatua, turismoa eta ikus-entzunezkoen industria. Jasangarritasuna da estrategia osoaren zeharkako alderdia, eta 2021-2027 aldirako txertatua dago Nafarroako proiektuetan. Hala, Europako Itun Berdearekin bat egiten du Nafarroak. Gobernantza bost lan-organotan egituratzen da, eta NUP da organoetako kideetako bat.

ARIES4 aliantza osatzen duten eskualdeak antzekoak dira ezaugarri sozioekonomiko batzuetan, besteak beste eskualde periferikoak eta biztanle gutxikoak direla. “Hain zuzen ere, halako eskualdeetan dute eragin handiena espezializazio estrategiek, eta hor nabaritzen dira gehien proiektuetan lortutako aurrerapenak”, esan du proiektuaren zuzendariak.