Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) azken ikasmailako 13 ikasle ari dira parte hartzen iaz abiarazitako NUPen korrespontsalen proiektuaren 2022ko edizioan. Proiektuak bi helburu ditu: alde batetik, arlo askotako eduki teknikoak dibulgatzea, eta, bestetik, belaunaldi berriak motibatzea, haiengan ezagutzarekiko jakin-mina piztuz eta Unibertsitateak eskaintzen dituen ikasketak ezagutzen lagunduz. Horretarako, NUPeko zenbait ikaslek diziplina anitzeko taldeak osatu, eta ikastetxeetara joaten dira Batxilergoko nahiz Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleei beren ikasketa amaierako lanen edukia azaltzera. 

Ikasgeletan aurkezten dituzten lanek askotariko gaiak jorratzen dituzte, hala nola desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak, adimen artifiziala, energia berriztagarriak edota eskolako jazarpena. Jarduera hori gaztelaniaz, ingelesez edo euskaraz egiten ahal da, ikastetxeak eskatuta, eta, guztira, Batxilergoko eta DBHko 750 ikaslek baino gehiagok hartuko dute parte aurten.  Hauek dira 2022an jada bisitatu dituzten ikastetxeak: Padre Moret - Irubide BHI, San Fermin ikastola, Luis Amigó ikastetxea, Calasanz Eskolapioak, The British School of Navarra eta Nuestra Señora del Puy ikastetxea. Apirilean eta maiatzean, berriz, beste hauetan eginen dira aurkezpenak: Julio Caro Baroja BHI, Santa Teresa de Jesús ikastetxea eta Plaza de la Cruz BHI.

zoom Corresponsales

NUPen korrespontsalen taldearen parte bat, Unibertsitatean.

“Ezagutza teknikoak transmititzeaz gain, unibertsitate aurreko ikasleek unibertsitateko titulazio batzuen aplikazioei eta edukiari buruz duten ziurgabetasuna arindu nahi da proiektu honetan”, adierazi du Gurutze Pérez Artieda NUPeko Kulturaren eta Dibulgazioaren Arloko zuzendariak. Bere esanetan, “2021eko proiektu pilotuan ikusi genuen bezala, esperientzia interesgarri eta motibatzaileak lehen pertsonan komunikatzen ahal dituzten ikasle unibertsitarioen azalpenak lagungarriak dira epe luzeagorako ikuspegia izateko, baita gazte batzuek bizitzaren etapa honetan bizi duten erabakitzeko unea desdramatizatzeko ere. Bestalde, eta NUPen korrespontsalek askotariko titulazioak egin izanari esker, genero estereotipoak eta aldez aurretiko ideiak hausten dira zenbait eremutan”, erantsi du. Ikastetxeetara joan aurretik, korrespontsal taldeek prestakuntza jasotzen dute NUPen publikoarekiko komunikazioa errazteko. 

Aurten parte hartzen duten NUPen korrespontsalak

Hona hemen NUPen korrespontsalen taldea osatzen duten kideak, egindako edo egiten ari diren graduak edo masterrak adierazita: María Gutiérrez Álvarez (Zuzenbideko graduduna), Álex Pascual Cid (Bioteknologiako Graduko laugarren mailako ikaslea), Sara León Ecay (Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako graduduna eta Nekazaritzako Ingeniaritzako masterduna), Ane Sanz de Galdeano Legarda (Lehen Hezkuntzako Irakasletzako graduduna), Javier Jiménez Peña (Telekomunikazio Ingeniaritzako masterduna), Patricia Alegría Cía (Industria Teknologien Ingeniaritzako graduduna eta Industria Ingeniaritzako masterduna), Edgar Araiz Huarte (Zuzenbideko graduduna eta Abokatutzarako Sarbideko masterduna), Javier Sacristán Sillero (Industria Ingeniaritzako masterduna), Rubén Pena Larrea (Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritzako masterduna), Asier Hoyuelos Napal (Lehen Hezkuntzako Irakasletzako graduduna), Maite Mejail (Gizarte Laneko graduduna), Illya Protyschenko (Industria Ingeniaritzako masterduna) eta Lorena Castaño de Egüés (Ingeniaritza Biomedikoko masterduna).