Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bere jakintza-arlo guztietako 65 titulu bereki eskainiko ditu 2022-2023 ikasturtean, eta lehenbiziko aldiz emanen ditu horietako 15. Izena emateko lehenbiziko epea maiatzaren 17a arte egonen da zabalik, eta interesdunek NUP Fundazioaren prestakuntza jarraituari buruzko webgunean aurkituko dute horren inguruko informazio guztia.
Hona hemen ezarri berri diren tituluetako batzuk: Unibertsitateko Aditua Produktuaren Diseinuan, Unibertsitateko Aditua Urpeko Hidroterapian, Espezializazio Diploma Gaztelanian, Kulturan eta Negozioetan, Espezializazio Diploma Komunikazio Aurreratuetan eta Ikusmen Artifizialean, Unibertsitateko Aditua Zuzenbide Digitalean eta Unibertsitateko Aditua Garapen Komunitarioan eta Parte-hartzean. Zerrenda osoa aipatutako webgunean dago kontsultatzeko.
Gaur egun inguruan dauden premiei erantzuna emateko sortu ziren titulu berekiak, eta haietako gehienak jende guztiarentzat daude zabalik. Ezagutzaren bidez pertsonen enplegagarritasuna sustatzea da titulu horien xedea. Orain arte, 2.000 lagunek baino gehiagok erabaki dute beren prestakuntza jarraitua NUPen egitea.
Unibertsitateak eskaintzen duen prestakuntza akademikoak gizartean gehien eskatzen diren gaitasunak hartzen ditu barne, bere egresatuen garapen pertsonal eta profesionala ahalik eta hoberena izan dadin. Graduko ikasketekin lotutako titulu berekien eskaintzak aukera ematen die ikasleei beren prestakuntza espezializazioekin osatzeko.
Gainera, NUPek programa korporatiboak garatzen ditu, neurrira diseinatutakoak talentua erakarri, garatu eta atxiki nahi duten edozein arlotako eta edozein tamainatako erakundeentzat. NUPeko titulu berekien % 33 beste entitate batzuekin sinatutako lankidetza-hitzarmenen bidez gauzatzen dira.
Bestalde, NUPek, bere Esperientziaren Gelaren programaren bitartez, Giza eta Gizarte Zientzien arloko prestakuntza jarraitua ematen die gaur egun 50 urtetik gorako 260 pertsonari.