Nafarroako Unibertsitate Publikoak oinarri teknologikoko enpresa gisa aitortu berri du Genbioma Aplicaciones SL, NUPeko ikerketaren emaitzetatik sortua, eta NUPen “spin-off” izendatu du. Enpresa espezializatuta dago probiotikoen eta giza osasunaren arloan elikadurari dagokionez aplikatzekoak diren beste osagai bioaktibo batzuen esparruko soluzio propioen I+G+b-aren hobekuntzan.
Honako hauek izan ziren Genbioma Aplicaciones SL Unibertsitatearen “spin-off” gisa aitortzen duen hitzarmena sinatzeko ekitaldian: Ramón Gonzalo García errektorea; Cristina Bayona Sáez Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea; Josune Ayo Martínez, Miguel Barajas Vélez, Ignacio Encío Martínez eta Goyo Sanzol, Pentacarekoak, eta Santiago Lozano, Clave Mayorrekoa, Genbiomaren ordezkari moduan; eta, Nafarroako Rural Kutxaren izenean, Ricardo Goñi Leránoz harreman instituzionalen arduraduna eta Gonzalo Soto ekintzaileen ildoaren arduraduna.
Ezkerretik eskuinera: Gonzalo Soto, Goyo Sanzol, Ignacio Encío, Josune Ayo, Ramón Gonzalo, Ricardo Goñi, Miguel Barajas, Cristina Bayona eta Santiago Lozano.
Horrela, Nafarroako Unibertsitate Publikoak parte hartzen du Genbioma Aplicaciones SLren kapital sozialean, % 2,51ko partaidetzarekin, eta bat egiten du 2019az geroztik start-up horren inbertitzaile finantzarioa den Clave Capital entitatearekin. Nafarroako Rural Kutxak finantzatu du eragiketa hori, erakunde horrek Unibertsitatearekin duen lankidetza-hitzarmena betez.
Oinarri teknologikoko enpresek (OTE) edo “spin-off” motakoek, sarritan, unibertsitateetan egiten den ikerketa-lanaren ondorioz sortzen dira, eta zientziaren edo teknologiaren eremuko aurkikuntza berriak aplikatzen dituzte produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko.
Beren garrantzia gero eta handiagoa da; izan ere, enpresa horiek Unibertsitateak bere ingurura jakintza transferitzeko egiazko motor bihurtzen ari dira, kualifikazio handiko enplegua sortzeko apustua egiten dute, industria-inguruneari balio erantsi handia ematen diote, eta gazteak lanean has daitezen errazten dute.
Elikadurarako aplikazioak
2019an sortu zen Genbioma, giza osasunaren arloan elikadurari dagokionez aplikatzekoak diren probiotiko propioetan sakontzeko eta I+G+b-a hobetzeko. Lehenbiziko helburua probiotikoek eta hesteetako mikrobiotak prediabetesaren eta 2. motako diabetesaren erregulazio gluzemikoan duten zeregin nagusia aprobetxatzea da.
Gaur egun, Genbiomaren proiektu nagusia PREDIABETCARE da, dieta-gehigarri bat, andui espezifikoak erabiliz diseinatua –epe luzera erregulazio gluzemikorako duten gaitasun potentzialagatik hautatuak–, diabetes goiztiarra duten pertsonentzako estrategia osagarri bat eskaintzea helburu duena.
Saiakuntza aitzindaria da nazioartean, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea eta Bioithias SL partaide dituena, eta bere eraginkortasuna erakusteko boluntarioak biltzeko fasean dago gaur egun. Nafarroako Unibertsitateko Nutrizioko Ikerketa Zentroa (CIN) da saiakuntzaren gidaria, eta Vinalopóko Ospitalea (Alacant) eta Murtziako Unibertsitate Katolikoa ditu laguntzaile, Bioithas SLren parte-hartzeari esker.
Duela gutxi, bere lanagatik aitortza jaso du Genbiomak probiotikoen nazioarteko start-up aitzindari gisa, eta NutraIngredients markak urtero ematen duen Probiota Pioneers lehiaketaren hiru irabazleetako bat izan da 2022an.
Enpresaren bazkide nagusien artean, osagarri dietetikoen industriak, elikagaien industria eta Clave Capital daude, aktibo alternatiboetan inbertitzeko enpresa independentea eta osasunaren sektoreko transferentzia teknologikoko proiektuetan espezializatua, 2019an sortu zenez geroztik start-up horren partner finantzario gisa jarduten duena.