Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurritako doktoretza-tesian, Andrés Echeverría Obanosek bazkatarako lekadunen bi espeziek lehorteari nola erantzuten dioten ikertu du: Medicago sativa da espezie bat, alpapa gisa ezaguna, zeina oso hedatua baitago mundu osoan; eta Medicago truncatula bestea, zeina berez hazten baita Mediterraneo aldean.
Nekazaritzan, bigarren landare-familia garrantzitsuena da lekadunena, eta proteina iturri inportantea da gizakiontzat ez ezik animalientzako bazka gisa ere. Zehazki, Andrés Echeverríak nabarmendu duenez, “espezie horien zeregina oso garrantzitsua da munduko populazioaren nutrizio beharrei erantzuteko, gero eta gogorragoak izaten baitira lehorteak”. Medicago truncatula espeziearen kasuan, “errafinosaren metabolismoak aktibazio handiagoa izaten du lehorteetan (ezaugarri hori galdu egin da alpapa barietate hobetuetan); beharbada lehorteei aurre egitearren espezie horrek garatu duen egokitzapen bat da, eta interesgarria izaten ahal da klima-aldaketako egoera gero eta ohikoagoei aurre emateko”.
Ikerketaren helburu nagusia izan da ulertzea bi landareek nolako erantzunak ematen dituzten lehorte-kondizioetan bai landarearen maila globaleko karbonoaren metabolismoari bai sustraien sistemari dagokienez. Tesiaren izenburua hau da: “Laborategitik lurrera: Medicago generoko bazkatarako lekadunen sistema erradikalaren analisi funtzionala landarearen maila globalari dagokionez, lehorteak eragindako estresari aurre egiteko”; eta haren zuzendaria Esther González García izan da, NUPeko Landare Fisiologiako katedraduna.
Ikerketek frogatu dute landare horien sustraien sistemaren parte bakoitzak modu diferentean erantzuten diola estres hidrikoari. “Erantzun espezifikoak identifikatu dira sustrai primarioan; organo hori askoz ere erresilienteagoa da sustrai sortakatuak baino, zeinak askoz ere finagoak baitira eta flabonoideen aktibazio espezifikoa izaten baitute», esan du doktore berriak.
Satelite bidezko monitorizazioa
Bestalde, tesiaren lehenbiziko kapituluan azaltzen da satelite bidez hartutako irudiak zeinen baliagarriak diren teledetekzio teknikekin kontrolatzearren alpapa nola garatzen den sekanoko lurretan (Errege Bardean). “Helburua da laguntzea halako lursailak behar bezala ustiatzen etorkizunean; izan ere, teknika horiei esker, nekazariek eta abeltzainek informazio gehiago izanen dute sekanoko lursailak hobeki aprobetxatzeko eta artaldeak hobeki elikatzeko, zeinak inguru horretan bazkatzen baitira urtean zenbait hilabetez”.
Andrés Echeverría Obanosek Ingurumen Zientzietako Gradua egin zuen EHUn, eta Informazio Geografikoko Sistemetako eta Teledetekzioko Masterra eta Bigarren Hezkuntzako Irakasletzakoa NUPen. Erakunde horretan, halaber, Ingurumen Agrobiologiako Doktoretza egin zuen, eta, horretan ari zela, egonaldia egin zuen RIKEN Institutuan, Yokohaman (Japonia).