Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, martxoaren 30ean eta 31n eta apirilaren 1ean, “Pharus-NUP jardunaldia, ezagutza partekatua” izeneko topaketa eginen du ikasleek egiten dituzten jarduerak eta gure unibertsitatean irakaskuntzaren, ikerketaren eta zerbitzu administratiboen arloan garatzen ari diren berrikuntzak ezagutzera emateko.

NUP gizartera lotzeko plana da Pharus. Hala, lankidetza eta ezagutza partekatuko jardueren bidez, ekarpena egin nahi dio Nafarroaren aurrerabideari eta jasangarritasunari, Nafarroako herritarren bizi-kalitatea hobetzea helburu dela.

zoom Pharus

NUPeko liburutegia izanen da Pharus jardunaldien topagunea (artxiboko argazkia)

Lehen jardunaldi hauek Liburutegiko irakurketa-gelan eginen dira, eta unibertsitateko komunitateko taldeen arabera egituratu dira. Hartara, martxoaren 30a (asteazkena) ikasleei bideratua dago. Goizean, 10:00etatik 12:00etara, ikasleen elkarteen azoka izanen da. Hamar bat elkarte standetan egonen dira beren jarduera eta helburuak ezagutzera emateko. Ondoren, 12:00etan, Juan Carlos Unzuék “Bizitzak irakatsitakoak” hitzaldia emanen du; atezaina eta Bartzelonaren entrenatzailea izan zen Unzuék alboko esklerosi amiotrofikoa du orain.

Asteazken arratsaldea Esperientziaren Gelako ikasleei zuzenduko zaie, hogei urte bete dituen prestakuntza-jarduerako ikasleei. Errektorearen agurraren ondoren, 18:10ean,“Heldu den mundua” emanaldia eginen da; 10 minutuko hiru hitzaldi hartuko ditu barne, zenbait gairi buruzkoak: “Osasuna eta bizi itxaropena: genetika kontu hutsa?”, Lucía Martínez Virto Gizarte Laneko eta Gizarte Zerbitzuetako irakaslearen eskutik; “Ariketa fisikoa gazte mantentzeko”, Fabricio Zambóm-Ferraresi Navarrabiomedeko ikertzailearen eskutik; eta “Lurreko hamabi jakintsuenak eta zaharrenak”, Roldán Jimeno Aranguren Zuzenbidearen eta Erakundeen Historiako irakasle eta I-COMMUNITAS institutuko ikertzailearen eskutik.

19:00etan, “Esperientziaren balioa” mahai-ingurua izanen da, non honako hauek hartuko duten parte: Reyes Berruezo, Ikasleen Gaietarako eta Unibertsitate Zabalpeneko errektoreorde ohia eta NUPeko Esperientziaren Gelaren sustatzailea; Begoña Pérez, Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea; Camino Oslé, Gizarte eta Kultura Proiekzioko errektoreorde ohia; Txema Uribe, Esperientziaren Gelaren zuzendaria; eta Jesús Mª Osés, Esperientziaren Gelako irakaslea.

Ikerketa, zerbitzuak eta irakaskuntza

Martxoaren 31 (osteguna) Unibertsitateko ikertzaileei eta administrazioko eta zerbitzuetako langileei egonen da bideratua, bi talde horiek aukera izan dezaten lantzen ari diren proiektuak eta berrikuntzak ezagutarazteko eta partekatzeko. Goizeko 10:00etan, “ikertzaileen azoka” irekiko da; zenbait stand egonen dira, askotariko gaiekin loturiko ikerketa-proiektuak eta lanak erakutsiko dituztenak, hala nola: lebitazio akustikoa, errealitate birtuala, Jaulab (akustika murgiltzailea), Emotional Films, droneak, hidrogeno autoa eta Motostudent. Errektoreak hitz batzuk esan ondoren, 11:30ean “NUPen etorkizuna” saioa hasiko da. Hamar minutuko zenbait hitzaldiren bidez, bertaratutakoek aukera izanen dute bai ikerketaren arloan bai irakaskuntzaren eta administrazioko zerbitzuen arloan Unibertsitatea lantzen ari den lan-ildoak eta proiektuak ezagutzeko.

Zehazki, hauek izanen dira hitzaldiak eta hizlariak: “Osasuna eta bizi itxaropena: genetika kontu hutsa?”, Lucía Martínez Virto, Gizarte Laneko eta Gizarte Zerbitzuetako irakaslea; “Gizentasunak prezioa du. Zer gosalduko dugu gaur?, Ariadna García, Ekonomia Aplikatuko irakasle eta INARBE Institutuko ikertzailea; “Zuntz optikoa zure routerretik harago: errepideetako trafikoaren kontrola”, Mikel Sagues, Teknologia Elektronikoko irakasle eta Smart Cities Institutuko ikertzailea; “Hidrogeno berdea ziztu bizian”, Pablo Sanchis, Ingeniaritza Elektrikoko katedradun eta Smart Cities Institutuko ikertzailea; “Liburutegiak zarata egiten du”, Carmen Echeverría NUPeko Liburutegiko zuzendaria eta Ángela Berasategui atalburua; “Biologia birtuala: ikusi eta ikasi”, Esther González, Landare Fisiologiako katedradun eta IMAB Institutuko ikertzailea; “Errealitate areagotua osasun zientzietan prestatzeko”, Leticia San Martín, Erizaintzako irakaslea; “Bideojokoek erakutsi zidatena”, Iñigo Mugueta, Erdi Aroko Historiako irakasle eta I-COMMUNITASeko ikertzailea; azkenik, “Eta makinek kontuan izanen balituzte nire emozioak?”, Amalia Ortiz, Lengoaietako eta Sistema Informatikoetako irakasle eta ISCko ikertzailea.

Metabertsoa

Jardunaldiak apirilaren 1ean amaituko dira, goizean, “Zer dakizu metabertsoari buruz?” izeneko saioarekin; erakunde, instituzio eta enpresei zuzendua dago, baita NUPeko Gizarte Kontseiluko kide eta klubei ere. Goizeko 10:00etatik aurrera, “ikertzaileen azoka” eginen da, eta, horretaz gainera, 12:30etik 14:00etara, “Solasaldiak” saioa. Lehenbiziko partean, “Zer da metabertsoa? Erronkak eta aukerak” hitzaldia emanen du Pedro Lozano Alcolea Imasconoren eta Chromvilleren fundatzaileak. Gero, mahai-ingurua eginen dute “Metabertsoa, unibertsitatea eta gizartea” gaiari buruz. Mar González Paredes Tracasa Instrumentalen zuzendari kudeatzaile eta NUPeko Gizarte Kontseiluko kidea izanen da moderatzailea, eta Pedro Lozano Alcoleak, Sergio García Margariño NUPeko irakasle eta I-COMMUNITAS institutuko kideak eta Karlos G. Liberal Biko enpresako Bikolabs-en arduradunak hartuko dute parte.

Ramón Gonzalo errektoreak emanen die amaiera “Pharus-NUP, ezagutza partekatua” jardunaldiei, 14:00etan.