Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikaskuntza-esperientzia berri bat jarri du abian ikasleak errealitate birtualaren bidez entrena daitezen lana bilatzeko gaitasunetan. Esperientzian parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute martxoaren 21etik maiatzaren 6ra bitartean eginen diren saioetako batean. Izen-ematea NUP Fundazioaren webgunearen bidez egin behar da.

Gaitasun profesionalen simulagailua Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzak bultzatutako Enplegagarritasun Planaren barrenen dago, eta “laCaixa” Gizarte Obrak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak finantzatzen dituzte “Innovasocial” programaren bitartez. Ez da deus ordaindu behar parte hartzeko, eta titulazio guztietako ikasleei dago zuzendua. Banaka eman behar dute izena, eta saio bakoitzean 5 laguneko taldeetan sartzen dituzte. Misio bat dute: Exodo operazioa egitea “Eraztuna 7” izeneko espazio-ontzian.

zoom Alumna

Berrikuntzako eta Ekintzailetzako Titulu Berekiko ikasle bat, simulagailuko saio batean

NeoSkills izeneko simulagailua erabiliko dute horretarako, errealitate birtualeko agertokien bidez gaitasunak garatzeko tresna. Gaitasun profesional espezifikoak garatzera dago bideratua, hala nola proaktibitate pertsonala, aldaketetara egokitzeko gaitasuna, talde-lana, pentsaera berritzailea, lidergoa eta emaitzetan oinarritutako ikuspegia.

Hasierako saioetako taldeetan, bideojokoen titulu berekiko ikasle eta irakasleek, Berrikuntzako eta Enpresa Esperientzietako Mintegiko ikasleek (SIEE) eta Berrikuntzako eta Ekintzailetzako Titulu Berekikoek hartu dute parte. Paula Anzola Ekintzailetzaren Arloko zuzendariak adierazi duenez, “punta-puntako tresna honek erakusten du metodologia berriak erabiltzen ditugula gure unibertsitateko ikasleek lana bilatzeko gaitasunak eskura ditzaten”.