Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak “Huarte de San Juan. Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika” aldizkariaren 21. zenbakia argitaratu berri du, eta Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktikaren Espainiar Elkartearen (SEDLL) Nazioarteko XXI. Kongresuan egindako ekarpenak jaso ditu bertan, “Modalitate aniztasuna eta ikaskuntzako ingurune berriak” gaiari buruzkoak. M. Victoria López Pérez NUPeko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktikako irakaslea izan da zenbaki honetaz arduratu den editore gonbidatua.

zoom NUP

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

Argitalpenak hamar artikulu ditu guztira. Lehenbizikoa, “Prestakuntza literarioa Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Unibertsitate Masterrean: gogoetak eta proposamenak” izenburukoa, Anna Devís-Arbonak eta Josep-Vicent Garcia-Raffik egina da (Valentziako Unibertsitatea). Artikuluan, aztergai izan dute nola dagoen osatua ikasleria, nola ikusten dituzten ikasleek hezkuntza literarioa eta haur eta gazte literatura, nolakoak diren azaldutako edukiak eta nola aplikatzen ahal dituen etorkizuneko irakasleak Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen gaitasun literarioa handitzeko tresnak. Horrez gain, “Eskolako hizkuntzarteko gramatika. Testuinguru eleaniztunetako hizkuntzen irakaskuntza erreflexiborantz” artikulua argitaratu du Carmen Rodríguez-Gonzalo irakasleak (Valentziako Unibertsitatea). Hezkuntza eleaniztunaren desafioa du hizpide, eta Egramint proiektuaren zenbait emaitza azaltzen ditu, zeinak eskolako hizkuntzarteko gramatika baten prestaketa planteatzen baitu irakasleak trebatzeko eta ikasgelan esku hartzeko tresna gisara.

Bestalde, Rocío Domene-Benito irakasleak (Valentziako Unibertsitatea) artikulu hau argitaratu du: “Haurtzaroko eskubideak: Zientzia Juridikoetarako hurbilpen bat Haur eta Gazte Literaturaren Didaktikaren bitartez”. Hark esan bezala, “gure ikerketaren helburu nagusia literaturaren bidez ikasleei alderdi juridiko batzuk ezagutzera ematea da, zein eskubide dituzten adibidez, belaunaldien arteko harremanak bultzatzea, eta irakurtzeko gaitasuna eta literaturaren ingurukoa garatzea”. Hurrengo artikulua Miguel Sánchez Garcíak idatzitakoa da (Kanaria Handiko Las Palmaseko Unibertsitatea): “Hezkuntza literario eta estetikoa Lehen Hezkuntzan: gorputz hezkuntzaren bidez irakurtzera animatzeko proposamen didaktikoa”. Lan horretan, ahalegina egin du “itxuraz elkarrengandik urrun dauden bi diziplina integratzeko, sormenezko jarduerak posible eginen dituzten proposamenen bidez, baita etorkizuneko irakasleak arlo itxietan banatzea saihesteko ere”.

María Luisa Aznar Juan eta Elena Gamazo Carretero irakasleek (Coimbrako Unibertsitatea), “Literatur testu narratibo baten irakurketa efizientea ama hizkuntza gaztelania ez dutenen metakogniziotik abiatuta” izeneko artikuluan, C1 maila duten unibertsitateko ikasleekin egindako ikerketa baten emaitzak plazaratu dituzte, baita lehenago B2 mailakoekin egindako beste ikerketa batekiko azterketa konparatiboa ere. Gaztelania atzerriko hizkuntza gisara irakastearekin lotuta, “ELEaren presentzia Letoniako irakaskuntza publiko arautuaren sektorean” artikulua jaso du aldizkariak, Alla Placinskak eta Zenta Liepak egina (Letoniako Unibertsitatea), gaztelaniak Letoniako hezkuntza-sisteman duen presentzia txikia aztertzen duena.

Ingelesa eta euskara

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aldetik, Eneko García Jaurenak eta Edurne Goñi Alsúak artikulu hau argitaratu dute: “Itzulpen pedagogikoa: ingelesa atzerriko hizkuntza gisara irakasteko proposamen didaktiko bat gramatika azpitituluen bidez lantzeko”. DBHko 1. mailako ingeleseko eskoletan abiarazitako ekimen bat azaldu dute lan horretan.

“Bigarren hizkuntza baten hiztegiaren tamainaren eta ahozko ulermenaren arteko erlazioa” da Marín Aoiz Pinillosek aurkeztutako lana (Nafarroako Unibertsitatea). Haren ustez, “gutxi aztertu da erlazio hori, eta, kasu gehienetan, tresna desegokiekin”, eta horregatik erabaki zuen horri buruzko ikerketa bat egitea.

Hurrengo artikulua Francisco José Francisco Carrerarena da (Valladolideko Unibertsitatea): “Ingelesaren irakaskuntza haikuen bidez: bigarren hizkuntzetarako hurbilpen multikultural eta erretroprogresiboa poesia minimoaren bitartez”. Lan horretan erakutsi nahi izan du haiku izeneko poesia modalitate japoniarra “oso baliagarria izan daitekeela japoniera ez diren bigarren hizkuntzen irakaskuntzan hizkuntzalaritzaren, kulturaren eta literaturaren zenbait alderdi lantzeko”.

Azkenik, “Euskararen prosodiaren atlas interaktiboa” izeneko artikulua argitaratu dute Aitor Iglesias Chaves, Aintzane Etxebarria Lejarreta eta Naia Eguskiza Sánchez EHUko ikertzaileek. Azterlanaren helburua, hain zuzen, “euskararen prosodiaren lehenbiziko tresna multimedia eta interaktiboa” den atlas hori ezagutzera ematea da.