Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) komunitateak kontzentrazioa egin du gaur eguerdian Iruñeko Arrosadiko campusean, ikasleen mugimendu feministak deituta (Akelarre Emakume Taldea eta Talde Feminista, Neska Gazteak taldearekin batera), martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Hori dela eta, NUPek bat egin du Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziaren adierazpenarekin (CRUE), zeinak esparru guztietan berdintasuna aldarrikatu eta genero-arrakalak desagerraraztea eskatu baitu, bereziki unibertsitateetan.
Kontzentrazioaz gainera, Martxoaren 8aren NUPeko biltzarrak –unibertsitateko komunitateko kideek osatua– zenbait jarduera prestatu ditu, eta, horretarako, Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzaren mende dagoen Berdintasunerako Unitatearen laguntza logistikoa izan du. Gaur “meme” feministen lantegi bat eta eztabaida-mahai bat egin dira, eta hilaren 11n, 10:00etan, Ikasgelategiko 325. ikasgelan, ahozko kontakizunen ikuskizun bat eginen da Virginia Imazen eskutik (Oihulari clown taldekoa). Jardueran parte hartzeko, nahitaezkoa da izena, horretarako prestatutako formularioaren bidez.


Unibertsitateko komunitateak elkarretaratzea egin du gaur NUPen Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta.
Bestalde, Gela Osasungarriaren programan sexualitateari buruzko lantegi bat prestatu dute. Martxoaren 21ean eta 28an eta apirilaren 4an emanen da (argibide gehiago eta izen-emateak “whatsapp” bidez 660 912073 telefono zenbakian).
Horretaz gainera, NUPeko Liburutegiak aukera-berdintasunarekin lotutako liburuen bilduma bat aukeratu du, eta Liburutegiko bertako informazio-mahaian daude erakusgai.
NUPeko Berdintasunerako Unitatea eta Berdintasunerako Plana
NUPeko Berdintasunerako Unitateak, urte osoan zehar, genero-berdintasunean prestatzeko eta emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko ekintzak garatzen ditu. Horretaz gainera, prestakuntza jarraitu espezifikoa ematen da ikasturte osoan zehar irakasle eta ikertzaileek genero-ikuspegia aplika dezaten eguneroko zereginean. Jarduera horiek ezagutu edo haietan parte hartzeko, deitu Berdintasunerako Unitatera 948166299 telefono zenbakira, edo idatzi unidadigualdad@unavarra.es helbide elektronikora.
Bestalde, gogoratu behar da NUPek berriki aurkeztu zuela bere Berdintasunerako II. Plana (2022-2027). Plan horren helburua berdintasunaren alde egiten jarraitzea da, zeharkako balio gisa, Unibertsitatearen prestakuntzako, ikerketako, ingurunearekiko proiekzioko eta gobernantzako ekintzetan. Horretaz gainera, Genero, Emakume eta Berdintasun Gaietako Unibertsitate Masterra jarri du martxan 2022-2023 ikasturterako.