Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Ikasleen I. Parte-hartze Plana onartu du berriki, planak barne hartzen dituen 75 ekintzen bidez ikasleen parte-hartze aktiboa sustatzeko helburuarekin. Ekimena NUPen 2020-2023 aldirako Plan Estrategikoaren barnean dago kokatua, eta parte hartzeko prozesu baten bidez gauzatu da. Prozesu horretan, Unibertsitateko komunitate osoaren ekarpenak jaso dira, ikasleenak bereziki. Era berean, Nafarroako Gobernua eta Nafarroako Kutxa Fundazioa laguntzaile aritu dira.

Ikasleen parte-hartzeak, planean zehazten den bezala, Unibertsitatean egin daitezkeen eta prestakuntza akademikoaren osagarri diren jarduera guztiak hartzen ditu barne. Jarduerok lau eremutan biltzen dira: ordezkaritza, kudeaketa eta ebaluazio instituzionala; irakaskuntza, ikerketa eta prestakuntza osagarria; gizartea, kultura eta kirola, eta, azkenik, lankidetza eta boluntariotza. Planak honako helburu hauek ditu: jardueren egungo eskaintza berrikustea, komunikaziorako bideak berrikustea zabalkunde handiagoa lortzeko, ekintza berriak definitzea eta ikasleen eta Unibertsitatearen artean lan sistema parte-hartzaile bat sortzea.  

zoom Estudiantes

Ikasle batzuk NUPen.

Dokumentuan jasotako ekintza berrien artean, alde batetik, ordezkarien figura indartzea eta ezagutaraztea bilatzen da, edo ikasleen elkarteak bultzatzea. Bestetik, topaguneen erabilera sustatu nahi da, liburutegian “maker” espazio bat sortuz esaterako, aurki martxan jarriko duena. Gainera, laster jarriko da ikasleen eskura “UPNA pass” delakoa, hots, Unibertsitateko ikasle bakoitzak parte hartu duen jarduera akademiko gehigarri guztiak bilduko dituen eta curriculuma osatzeko balioko duen dokumentua.

8.500 ikaslerentzako inkesta bat

NUPeko Ikasleen I. Parte-hartze Plana lau fasetan garatu da: lehenbiziko hiru faseak, jada egindakoak, interes-taldeekin egindako diagnostikoa, ekarpenak biltzeko galdetegia eta ekintzen definizioa izan ziren. Azkenik, zabalkundea egin, eta plana abian jarriko da. 

Parte-hartzeari buruzko inkesta 3 astez egon zen zabalik, eta 8.500 ikaslek izan zuten hura “NireIkasgelategia” plataformaren bidez betetzeko aukera. Ikasleen % 15ek hartu zuten parte, eta haien % 60 emakumeak izan ziren. Erantzunetan, ikasleek adierazi zuten ezen beren parte-hartzea gehien mugatzen duten faktoreak karga akademikoa eta jarduerei buruzko informaziorik eza direla batez ere. Parte hartzeko lagungarriak diren faktoreen artean, berriz, prestakuntza pertsonala hobetu nahia, errealizazio pertsonalaren eta kolektiboaren bilaketa edo kredituen aitorpena aipatu zituzten. Sexuaren arabera, gizonek taldeko lehiaketen edo erronken falta sumatzen dute gehien, eta emakumeek, bestalde, boluntariotza-jardueren falta. Ikasleen antzinatasunari dagokionez ere badira desberdintasun batzuk; izan ere, azken ikasturtekoek proportzio handiagoan eskatzen dituzte ikasleen eta irakasleen arteko harremana indartzen duten jarduerak (% 53), eta lehen mailako ikasleen % 3k bazik ez dute horren falta sumatzen.

Parte-hartzerako jarduerak Unibertsitatean

Unibertsitateak dagoeneko dituen parte-hartzerako jardueren artean, nabarmentzekoak dira, ordezkaritza, kudeaketa eta ebaluazio instituzionalen eremuan, ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak, ordezkaritza-organoetako hauteskundeak, ikasleen kontseiluan parte hartzea edo irakaskuntzari buruzko iritzia ebaluatzeko inkestak. Bestalde, irakaskuntzaren, ikerketaren eta prestakuntza osagarriaren eremuan sartzen dira, besteak beste, mugikortasuneko programak, enplegagarritasunari buruzko ikastaro eta lantegiak, mentoretza seniorra, lankidetza-bekak, proiektuetan parte hartzea edo hizkuntzak ikasteko nahiz ekintzailetza edo unibertsitate zabalpena lantzeko ikastaroak. 

Gizartearen, kulturaren eta kirolaren arloan, aipatzekoak dira antzerkia, abesbatza, eztabaida, kultur eta kirol jarduerak eta ikasle elkarteak. Azkenik, lankidetzaren eta boluntarioen arloak honako hauek hartzen ditu barne: mentoretza-programak (buddy programa edo parekoen arteko mentoretza), Urretxindorra proiektua, Unibertsitate Osasungarriaren eta boluntariotzako jarduerak eta Prestakuntza Solidarioko Programa.