Joan eduki nagusira

Duela gutxi Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurritako doktoretza tesi batek metodologia berriak aztertzen ditu mundu globalizatuko gatazken kausak eta ondorioak ikertzeko, eta arreta berezia jartzen du Afrikan. Honako hau da ikerketaren izenburua: “Essays of Globalization and Conflict. The impact of income and enviromental shocks in Africa”. Beatriz Manotas Hidalgo ekonomialariak egin du eta José Enrique Galdón Sánchez katedradunak eta Roberto Ezcurra Orayen irakasleak zuzendu dute, biak NUPekoak. Tesiak nazioarteko aipamena du eta kalifikaziorik onena lortu zuen: bikain "cum laude".

zoom Beatriz Manotas

Beatriz Manotas, NUPeko doktore berria

Tesiaren edukia hiru multzotan biltzen da. Lehen multzoak ikuspegi makro batetik aztertzen du globalizazioaren eta barne gatazkaren arteko lotura zuzena 159 herrialdeko multzo baterako. Horretarako globalizazioaren KOF indizea erabiltzen du, zeinak fenomeno horren alderdi ekonomiko, sozial eta politikoak neurtzen baititu. Gainerako bi kapituluetan, egileak analisi mikroa egiten du gatazkaren azpiko mekanismoak eta ondorioak aztertzeko, eta Afrikan jartzen du arreta, zehazki, Nigerian, non ezusteko petrolio isuriek edo zonaldeko desegonkortasun politiko handia dela-eta gertatzen diren sabotaje ekintzen ondoriozkoek eragiten dituzten gizarte eta ingurumen ondorioak aztertzen baititu.

“Tesi hau garrantzitsua da politika ekonomiko egokiak ezartzeko herrialde barruko gatazkei aurrea hartzearren gaur egungo integrazio politiko, ekonomiko eta sozialaren mailari buruz nazioartean ziurgabetasuna nagusitzen den  testuinguru batean”, esan du ikertzaileak. “Ikerketaren funtsezko alderdi bat izan da eredu ekonomiko eta sozialetan ikusten diren espazio zabalpeneko ereduak aztertzea, eta datu geolokalizatuak erabiltzea herrialde berean gatazka sortzen duten mekanismo zuzenak aurkitzeko”, zehaztu du.

Afrikako egoeraren analisia

Egileak azaldu duenez, lehen kapituluko ondorioen arabera ez dago argi lotura zuzena dagoen globalizazioaren eta gatazka zibilaren artean, eta esan du globalizazioarekin elkarreragina duten beste faktore batzuen presentziak (heterogeneotasun etnikoa, desparekotasun horizontalak edo baliabide naturalen ugaritasuna) hobeki azaltzen ahal dutela lotura hori.

Bere hurbilketa mikroa beste bi kapituluetan egiten du egileak, eta Afrikako kontinentean jartzen du arreta. Azaltzen duenez, munduko alde hori oso zaurgarria da, eta gatazketara egokitzeko gaitasun txiki samarra du. Zehazki, bigarren artikuluan, egileak dibertsitate etnikoko zenbait neurrik gatazketako “diru-sarreren shock-en” (aldaketa garrantzitsuak pertsonen errentan) ondorioen aurrean duten zeregina ikertzen du. Hori guztia lehengaien prezioekin eta ingurumen-faktoreekin lotuta, eta horretarako informazio geolokalizatua erabiltzen du.

Azkeneko kapitulua Nigeriari buruzkoa da, eta bertan indarkeria mota batek eragiten ahal duen ingurumenaren kaltea aztertzen du egileak. Zehazki, herrialde hori Afrikako petrolio ekoizle handiena da, eta petrolio isuriak sarri gertatzen dira, gehienetan erresistentzia politikoko estrategia gisa petrolio hodiak leherrarazten dituzten taldeek egindako sabotaje ekintzen ondorioz. Egileak isuri horien ondorioak aztertu ditu. Isuriek zonaldea kutsatzen dute eta eragin negatiboa dute nekazaritza lurretako produktibitatean. Hori dela-eta, aipatzen duenez, baliabide naturalen ugaritasuna “onuragarria izan ordez kaltegarria izaten ahal da instituzionalizazio ahula duten herrialdeen garapen ekonomiko eta politikorako”. Hori eragozteko, egileak esan du kutsatutako lurrak eraginkortasunez garbitu beharra dagoela (isuriaren inguruan 10 kilometro hedatzen ahal dira), bai eta kaltea ordaintzeko formula bat ezarri ere ukitutako pertsonentzat.

Beatriz Manotasen CV laburra

Beatriz Manotas Hidalgo Ekonomian lizentziaduna da eta Ekonomian Ikertzeko Gaitasuna du NUPen. Alacanteko Unibertsitateko irakaslea izan da eta NUPeko irakasle elkartua eta ikertzailea 17 urtean. Doktoretza tesia egin bitartean ikerketa egonaldiak egin ditu Erromako Unibertsitatean (Italia), mintegiak eman ditu Espainiako zenbait unibertsitatetan eta nazioarteko hainbat biltzarretan hartu du parte. Bere ikerketa lana nazioartean eragina duten aldizkarietan argitaratu da, hala nola World Economic eta World Development aldizkarietan.

Horretaz gainera, Beatriz Manotasek Iruñeko Udalerako kostuak zehazteko proiektu batean egin du lan, praktikak egin ditu Europar Batasuneko Lankidetzako eta Garapeneko Zuzendaritza Nagusian, Bruselan (Belgika) eta Banjulen (Gambian), eta garapen proiektuak diseinatu eta ebaluatu ditu. Ekonomia irakaslea ere izan da Europako Foroko Nafar Negozio Eskolan.