Joan eduki nagusira

María Gutiérrez Álvarez Zuzenbidean graduatua da Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta desgaitasunarekin lotutako Ikasketen Amaierako Lan Onenaren VI. Saria lortu du. NUPeko Unibertsitatea eta Desgaitasuna Elkarteak egin du sarirako deialdia. Bere lanaren izenburua “La guarda de hecho dentro del nuevo sistema de apoyos para las personas con discapacidad” da, eta Leyre Elizari Urtasun irakasleak gidatu du. Epaimahaiak bereziki balioetsi du “desgaitasuna duten pertsonen gaitasun juridikoari buruzko jarraibide eta gogoeten ekarpena, azken lege erreforma, eta egitatezko zaintza pertsona horientzako laguntza erakunde gisa”. 

Lehiaketara aurkeztutako proposamenen kopurua eta kalitatea ikusirik, epaimahaiak erabaki du accesit bat ematea, kasu honetan Mishell Cadena Yánezen lanari: “Sistema de detección de obstáculos en silla de ruedas para pacientes con heminegligencia”. Lana Alicia Martínez Ramírez irakasleak gidatu du. Sariak diploma eta tableta dira irabazlearentzat, eta diploma eta oparia accesiterako. 

Unibertsitatea eta Desgaitasuna Elkartea 2009an sortu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoko pertsona talde baten ekimenez (irakasleak, administrazioko langileak eta ikasleak) desgaitasunaren gainean egiten diren jarduera akademikoak bildu eta ikusgarritasuna emateko eta antzeko arazoak dituzten pertsonen topagune izateko, bere esperientziaren berri eman eta behar duenari lagun diezaioten.

zoom María Gutiérrez

María Gutiérrez Álvarez NUPen

Egitatezko zaintza

María Gutiérrezek egitatezko zaintzaren figura aztertu du bere lanean. Egitatezko zaintzak aipamena egiten die modu boluntarioan, judizialki horretarako izendatuak izan gabe, desgaitasuna duten pertsonei arreta emateaz arduratzen diren pertsonei. “Ahaideak, adiskideak eta bikotekideak izaten dira; pertsona horiekiko maitasunak edo txerak bultzatuta, behar duten laguntza ematen diete. Eta kasu horietan, egitatezko zaintza esaten zaie, prozesu judizial batetik kanpo sortu direlako”.

Zehazki, 8/2021 Legeak figura hori erreformatu zuen, eta legea irailean sartu zen indarrean. Lanaren egilearen arabera, erreforma honi esker, “egitatezko zaintzari egiazko aitortza egin zaio zaintzako instituzio gisa, eta behin-behinekoa izateari uzten dio nahikotzat eta egokitzat deklaratzen denean desgaitasuna duen pertsonaren eskubideak babesteko”. 

Lege erreformaren aurretik, egitatezko zaintza desagertze bidean zegoen egoeratzat hartzen zen. “Aurreikusten zen, desgaitasuna duten pertsonei dagokienez, eskubide eta betebeharrak erabiltzeko duten gaitasuna legalki aldatzen ahal zela, eta horrek esan nahi zuen ezin zutela beren kabuz jardun eraginkortasunez. Hori bidegabea izaten ahal zen kasu batzuetan, gai batzuetarako laguntza behar izatea ez baitu esan nahi pertsonaren gaitasun osoa ezinbestean aldatu behar dela”, esan du María Gutiérrezek. Alde horretatik, esan du “errealitateak erakusten duela kasu askotan desgaitasuna duen pertsonari behar bezala laguntzen edo babesten diola erabakiak hartzerakoan egitatezko zaintzaile batek eta desgaitasuna duen pertsonak ez duela behar nahi ez duen inbestidura judizial formalik”.

Azkenik, sariaren irabazleak azaldu du “gai hau aukeratzeko arrazoi nagusia izan zela batez ere desgaitasuna duten ahaideak izatea. Gizartea gai horiei buruz gero eta sentsibilizatuagoa badago ere, uste dut egoera horretan dauden pertsonak ezagutzen edo hurbil ditugun arte ez garela jakitun eguneroko bizitzan dituzten zailtasunez”. Horretaz gainera, nabarmendu du “kasu gehienetan ez egitatezko zaintzaileak ez lagundua den pertsona ez direla jakitun borondatez ematen den laguntzak aitorpena izaten ahal duela Zuzenbidearen aldetik. Hori dela eta, nire ekarpena egin eta egoera, eskubide eta betebehar horiei buruzko ikaskuntza ahalbidetu nahi nuke, eta horrela egitatezko zaintzari eskatzen duen garrantzia eta nabarmentasuna eman.

Accesita

Bestalde, Mishell Cadena-ren lana heminegligentzian oinarritzen da, hau da, atzeko-beheko eremu parietalean eta kortex aurremotorean izandako garuneko hodietako lesioen ondorioz sortzen den patologian. Heminegligentziak kontrako alboko eskualde espazialetako estimulu berriak edo esanguratsuak detektatzeko, orientatzeko edo haiei erantzuteko ezintasuna sortzen die pertsonei.

Master amaierako bere lanean sistema modular bat garatu du oztopoak detektatzeko aulki gurpildunean radar sentsoreen eta infragorrien bidez. Eskakizunak betetzeko justifikazioari eta aukeraketari buruzko xehetasunak eman ditu, kontuan hartuta baldintza horietan dagoen gaixo batek izaten ahal dituen egoerak. Sistema gai da, gehienez ere, 2,23 m/s-ko abiaduran hurbiltzen diren elementu mugikorrak detektatzeko, aulkia 1,67 m/s-ko abiaduran ibiltzen denean, eta 24 PWMko alarma eragiten due. Balio hori esperimentalki egiaztatu da, eta aulkia erabiltzen duenari ohartarazteko balio du, eragozpenik eta aldaketarik sortu gabe. Espaloietan edo eskaileretan erortzeko arriskuez ere ohartarazten du sistemak. Bateria kargagarri eta trukagarri bat dauka, 1,11 orduko autonomia ematen diona