Joan eduki nagusira

Ivana Belén Ruiz Estramilek doktoretza-tesi bat defendatu berri du Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), eta Espainian errefuxiatuen estatusa aitortzeko prozedura nolakoa den eta prozedura horretan tresneria humanitarioak nola esku hartzen duen aztertu du bertan, baita prozesuan murgildua dagoen pertsonaren eraikuntza subjektiboa bera ere. Tesiak “El devenir refugiado en el procedimiento de asilo español. De la articulación humanitaria a la experiencia del demandante” du izenburua, eta Rubén Lasheras Ruiz NUPeko Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakaslea eta Alfonso Unceta Satrústegui Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologiako katedraduna izan dira zuzendariak. Tesiak kalifikaziorik hoberena lortu du: bikain “cum laude”.

zoom Ivana

Ivana Belén Ruiz Estramil, NUPen.

Ikerketa egiteko, sakontasun handiko 53 elkarrizketa egin ziren. Tesiaren egileak adierazi duenez, azterketan ikus daiteke lege aitorpenak monopolizatzen duela asilo prozedura, hau da, ezinbestean babesgabetasun hori egiaztatzeko exijitzen duela estatu hartzaileak. Alde horretatik, adierazi du ezen, pertsona batek beste herrialde batera iristeko gurutzatu behar duen muga fisikoaz haratago, hori “etapa burokratiko askoren lehen oztopoa baizik ez dela”, eta, beraz, oso pertsona gutxiri hartzen zaiela aintzat beren eskaera. Ikertzailearen ustez, egoera hori larriagotu egin da COVID-19aren krisiaren ondorioz: “Europako herritarren osasun segurtasunaren diskurtsoaren pean hartutako neurriak dira, baina askotan muga kontrolatzeko neurriak gogortzeko justifikazio bihurtzen dira”, adierazi du.

Ondorioak eta analisi-planoak

Tesiaren ondorio gisa, egileak, lehenik eta behin, estatu hartzailearen eta errefuxiatuaren artean ezartzen den harremana nabarmentzen du; izan ere, lehenbizikoak pertsona horren estatusa onartzen du babesa emateko, baina bigarrenak aukera ematen du estatu hori nazioarteko mailan erakunde humanitario gisa identifikatzeko.  Bigarrenik, egileak adierazi du “ordena arautua aldatzen duen” testuinguru batean garatzen dela prozedura, estatuak bermatu beharreko giza eskubideen defentsatik urrun dagoen zerbait balitz bezala. Hirugarrenik, asiloa jorratzeko orduan, “biolegitimitate” eta “biopolitika” kontzeptuen arteko erlazioa aztertzen du ikerketak (bizitzaren politikei erreferentzia egiten dieten baina alderdi desberdinetan oinarrituta dauden bi alderdi).

Ondorio horietara iristeko, tesiak bere bi aztergai nagusiak xehatzen ditu: batetik, asiloaren inguruan eraikitako tresneria humanitarioa, eta, bestetik, beren jaioterrian babesik ez duelako ihes egiten dutenen bizipena. Lehenbizikoan, egilea elementu globalenetatik hasi (xedapenak, akordioak, konbentzioak) eta zehatzenetara iristen da, asilo prozeduren eta harrera-programen bidez Espainian babesa nola aplikatzen den deskribatuz. Bigarren aztergaiari dagokionez, “subjektua aipatutako tresneria humanitarioan eraikitako dinamika horretan nola barneratzen den aztertzen da”, ikerketaren egileak adierazi duenez.

Ivana Belén Ruizek azaldu duenaren arabera, lan honekin irekitako ikerketa-ildoak asko dira, tesia asiloari eta babeslekuari buruzko eztabaida politikoari eta Europako estatuek horretan izan behar duten rolari lotua baitago.

Ivana Belén Ruizen CV laburra

Ivana Belén Ruiz Estramil (Montevideo, 1991) Soziologian lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Gizarte Zientzietako Ikerketa Eredu eta Arloetako Masterra egin zuen unibertsitate berean. Bi ikerketa-egonaldi egin ditu, bata Coimbrako Unibertsitatean (Portugal) eta bestea Andeetako Unibertsitateko Antropologia Sailean (Kolonbia). 

Ikerketa-ildo nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira: asiloa eta babesa, humanitarismoa eta giza mugikortasuna kontrolatzeko politikak. Bere azken argitalpenen artean, honako artikulu hauek dira azpimarratzekoak: “Biopolítica y biolegitimidad: Apuntes desde el tratamiento del asilo y refugio”, Revista de Estudios de Ciencias Sociales y Humanidades aldizkarikoa, eta “Devenir refugiado en el procedimiento de asilo español”, Revista Española de Sociología aldizkarikoa.