Joan eduki nagusira

Nuria Carcavilla González psikologoak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Fakultateko irakasle elkartuak, “Panpinen bidezko terapia dementzia duten pertsonekin” izeneko hitzaldia eman du berriki Malagan. Gai horretan aitzindaria da Espainian, ebidentzian oinarritutako ikuspegi eta aplikazio batetik. Bere hitzaldia “Zainketa positiboa: terapia ez-farmakologikoak laguntza geriatrikoan” jardunaldietan egin zen. Malagako Medikuen Elkargoan egin ziren jardunaldiak.  

zoom Carcavilla

Nuria Carcavilla González NUPen Arrosadiko campusean (Yolanda Goñi Iberoren argazkia)

Panpinen bidezko terapiaren ezaugarria da panpinak erabiltzea zenbait esku-hartze kliniko eta soziosanitarioren osagarri gisa, dementzien sintoma psikologikoak eta jokabidezkoak murrizteko. Carcavilla irakasleak azaldu duenez, terapia horren bidez, dementzia duen pertsonaren atxikimendu-beharrei erantzuten zaie, iraganeko harreman esanguratsuen eremuan (gurasoekin) sentitzen zituen emozioak esperimentatzeko aukera ematen baitio, non bere babes- eta segurtasun-beharrak aseta baitzeuden”.

Testuinguru horretan, aditu horrek deslotu egiten du oro har panpinen erabilerarekin zerikusia duen alderdi ludikoa. “Pertsona ardatz duen ikuspegiaren barruko esku-hartzea da, eta baldintza emozionalak sortzen ahal ditu bere behar psikologikoak asetzeko. Ez da jolasean oinarritzen, eta onura berberak ditu bai gizonentzat bai emakumeentzat, testuinguru terapeutikoan eskaintzen baitzaie”.

Panpinak erabiltzen dira zenbait esku-hartze kliniko eta soziosanitarioren osagarri gisa, eta helburu nagusia da dementzien sintoma psikologikoak eta jokabidezkoak murriztea. “Nahiz eta ez dagoen eredu teoriko bakar bat esku-hartze horretarako —dio irakasle honek—, interakzioan gertatzen den atxikimendu- eta zainketa-erlazioak duen zeregina da aitortuena”.

Psikogeriatriako Nazioarteko Elkarteak gomendatzen du sendagaiekin batera esku-hartze ez-farmakologikoak erabiltzea, pertsonaren historia, bere interesak eta gaitasunak kontuan hartzen dituztenak nahasmendu psikologiko eta jokabidezkoak tratatzeko. Dementzia duten pertsonekin panpinen bidezko terapia erabiltzea gomendioen ildo horretan kokatzen da.

Gutxi ezaguna Espainian

Terapia horren aplikazioa zientzia-argitalpenen xede izan da Australian, Estatu Batuetan, Erresuma Batuan, Italian eta Japonian, baina ia ez dago horrelakorik gaztelaniaz mintzo diren herrialdeetan. “Erabiltzearen aldeko ebidentziak gorabehera, alderdi etikoek eta terapia horren onarpen sozialak desadostasunak sortzen dituzte osasuneko profesionalen artean, haren aplikazioaren egokitasunari dagokionez”.

Testuinguru horretan, Nuria Carcavilla González irakasleak eta Juan José García Meilán Salamancako Unibertsitateko irakasleak aztertu zuten osasun-profesionalek zer jarrera eta ezagutza zituzten dementzia duten pertsonekin panpinen bidezko terapia berritzailea erabiltzeari buruz. Bere ikerketaren emaitzak 2020an argitaratu zituzten Revista Española de Geriatría y Gerontología aldizkarian.

Gaztelaniaz mintzo diren Geriatriako eta Gerontologiako profesionalek panpinen bidezko terapiaren arloan zer jarrera eta ezagutza zituzten jakiteko bi galdetegi diseinatu eta baliozkotzea zen azterketaren helburua. 120 profesionaletatik, % 78,3 Espainiakoak ziren eta % 21,7 Latinoamerikakoak; % 88,3 emakumeak ziren eta % 11,7 gizonak.

Egindako inkestetan, ezagutza-eskalarekin lotutako gaiak sartu ziren (aplikazio terapeutikoa, jarduerak, metodologiak eta onurak, terapia horrek dementzia duten pertsonengan dituen ondorio orokorrak, lan-ingurunea, etab.), eta baita panpinekin terapia erabiltzeko jarrerekin lotutakoak ere, positiboak edo negatiboak izan.

Gizonen aldean emakumeek jarrera positiboagoa izan zuten terapia horren erabilerarekiko (gisako zerbait gertatu zen animaliekin egindako terapia lagunduko aurretiazko lanekin). Panpinen bidezko terapiaren onurak eta ondorioak hobeto ezagutzen zituztenek ere jarrera positiboagoak izan zituzten. 

“Panpinak gero eta gehiago erabiltzen dira dementzia duten pertsonei arreta emateko, baina hori ez da beti esku-hartze terapeutiko eraginkorra, panpinen aplikazioari buruzko behar adina ezagutza ez dagoenean edo jarrera txarrak agertzen direnean”, adierazi dute autoreek ikerketan. Alde horretatik, esan dute “jarrerek garrantzi handia dutela ingurune soziosanitarioetan jardunbide egokiak garatzeko, eta profesionalengan jarrera positiboak garatu behar direla beren esku-hartzeetan terapia behar bezala aplikatzeko”.

Prestatutako galdetegiek “fidagarritasun eta baliozkotasun maila egokiak frogatu zituzten, eta, horrenbestez aukera egokia izan ziren panpinekin egindako terapiaren jarrerak eta ezagutzak ebaluatzeko ikerketako eta esku-hartzeko testuinguruetan, eta esparru horretako neurketa tresnen hutsunea betetzen dute, eta, zehazki, gaztelaniaz balidatutakoena”. Azterketaren egileek adierazi dutenez, “oso tresna erabilgarria da, erraz aplikatzen dena dementzia duten pertsonen ongizatea hobetzeko panpinak erabiltzen dituzten interbentzio ez-farmakologikoko programak diseinatzeko eta ezartzeko".