Jesús Yoldi Bereau (Arizkun, 1894-1936) Kimikako katedraduna eta Granadako lehenbiziko alkate errepublikanoa izanen dute aztergai bihar, azaroak 10, asteazkena, “36ko oihartzunak” hitzaldi-zikloaren barnean eginen den saioan. NUPeko Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, Memoria Historikoaren Nafarroako Dokumentu Funtsak eta Memoriaren Nafar Institutuak antolatzen dute ziklo hori. Saioa 12:00etan eginen da, Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan, eta bertan mahai-inguru bat eginen da, César Layana Ilundáin NUPeko irakasleak moderatua, non Jesús Yoldiri buruzko biografia baten egileak diren Pedro Luis Mateo Alarcón, Carmen Morente Muñoz eta Roque Hidalgo Álvarez Granadako Unibertsitateko irakasleek parte hartuko duten.
Bestalde, ziklo beraren barnean, martxoaren 30ean, “Ezkabatik Otxarkoagara: amaierarik gabeko indarkeria segurtasun iraunkor gisa” saioa eskainiko da. Royal Holloway-ko (University of London) Helen Graham-ek emanen du, eta Memoria Historikoaren Nafarroako Dokumentu Funtseko Daniel Oviedo Silva izanen da moderatzailea.
Gainera, Fakultateak “Historia eraikitzen, ondarea osatzen” zikloa antolatu du; haren barnean, hauexek: “Eragile sozialak, ondarea eta hezkuntza” hitzaldi-zikloa, “Ondarea, gaztedia eta iraunkortasuna” mintegi iraunkorra, “Kultur ondarea eta arkeologia. Ikerketatik balioan jartzera” eta “Amaiurri begira. Zientzien eginkizuna V. mendeurrenean”. Hitzaldiei eta mintegiei buruzko informazio osoa Unibertsitatearen webgunean dago.
Jesús Yoldi Bereauri buruzko aipamen laburra
Jesús Yoldi Bereau dedikazio eta gaitasun pedagogiko handiko irakasle bat izan zen, bere ikasleek aintzatetsitakoa, Yoldiri buruzko hitzaldia emanen duten hiru irakasleek hari buruz idatzitako biografian adierazten den bezala. Jarduera garrantzitsuak egin zituen unibertsitatean, ikerketa egin zuen eta pertsonaia ospetsuak hartu zituen, besteak beste, Pieter Zeeman (Fisikako Nobel sariduna, 1902) eta Marie Sklodowska Curie (Fisikako Nobel sariduna, 1903, eta Kimikakoa, 1911).
Bere bizitza publikoa ere oso aktiboa izan zen eta hiriko elite intelektualaren parte izan zen. Granadako Alderdi Errepublikano Autonomoko kidea izan zen, eta gero Ezkerra Errepublikanoan sartu zen. 1932an Granadako alkate izendatu zutenean emandako hitzaldian, honela laburbildu zuen Jesus Yoldik bere gobernu-programa: dirua, lana, osasuna eta kultura.
1936ko urriaren 23an fusilatu zuten Granadako hilerriko harresian, aldez aurretiko epaiketarik gabe. “Hil zutenetik urteak igaro diren arren, ez da oso ezaguna ez bizi izan zen hirian ez lan egin zuen Unibertsitatean ere", azaldu dute haren biografiaren egileek.